Paliatibista izan pandemiaren garaian

28/Mar/2020 Bizi gara!, Humanizazioa, Osatzaile zauritua, Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

Sheep-and-Goats-Together-FIMartxoaren amaiera honetan, zeinek esango zigun hilabetea hasi genuenean egoera honetan egongo ginela? Gure bizitzak (eta heriotzak) gogor astindu ditu pandemia honek. Geure Wuhan bihurtu da Gasteiz hiria, eta egunez egun goaz moldatzen egoera berrietara ospitale, osasun zentro eta zahar egoitzetan.

Egun hauetan artikulu interesgarri bat irakurri dut zainketa aringarrien rolari buruzkoa krisialdi global honetan: “Start thinking about palliative care in time of a pandemic”Ez dira gutxi osasungile artean, koronabirusaren aurreko munduan, arlo paliatibista ondo ulertu ez eta bigarren mailako esparrutzat jotzen dutenak. Une latz hauetan zer esanik ez. Hala ere, artikuluaren egileak (Cristoph Ostgathe, EAPCren presidentea) aldarrikatzen du geure lana gako moduan, giza eskubide bezala, alferrikako luxua baino.

Izan ere, aste hauetan konturatzen naiz nire inguruan, gure ospitalean, zein kaltegarria den hausnarketa garrantzitsuak  ez edukitzea landuta, hauskortasuna eta heriotzaren errealitatea barneratuta, geure propioetatik hasita. Zenbat frustrazio, zenbat beldur (paniko). Eta gu ez gara libratzen, noski, baina uste dut gure ikuspuntuak ematen digula perspektiba onuragarri bat.

Aste hauetan, hildako gaixoen txosten klinikoak arretaz egitea eta familiei bidaltzea dolumin gutun batekin batera garrantzia handiagoko lanak dira. Isolamenduan komunikazio eta informazio kanal hori mantentzea oso positibotzat jotzen dut. Telefono bidezko harremanak areagotzea bezala. Modu puntualean kontsulta presentzialak ere egitea.

Ikusten ari gara zein zaila izaten ari den gaixoen ondoan egon ahal izatea ospitaleetan (egoitzetan eta etxeetan) senideentzat. Zaintzailea zaintzea ez ezik, gaixoa zaintzea ere zelan zaildu den. Hileta erritoak zenbat dauden baldintzatuta. Doluak lantzea zein konplikatu bilakatu den. Psikologoak egiten ari dira ahal dutena, SECPALetik dokumentu hau helarazi digute.

Arintzetik osatzera pasatu gara, edo osatzen saiatzera. Paliatibista jarduerak baino internista eta neumologo zereginak egiten gabiltza. Hori ere gertatzen ari da. Baina, lehen esan bezala, orain konturatzen gara zein positiboa den kontzeptu potoloak aurretik landuta edukitzea: Erresilientzia. Errukia. Komunitatea. Eskuzabaltasuna. Elkartasuna.

Info+: “Coronavirus and the palliative care response” #pallicovid

Mandarinak gudaren erdian

24/Mar/2020 S(u/a)minetik bakera, Zineman

TangerinesGeorgia da SESBetik sortutako errepublika bat, geografikoki Turkia eta Errusia artean kokatutakoa. Herrialdeko mendebaldean, Abkhaziako lurralde autonomoa dago, Itsaso Beltza eta Kaukasoko mendien artean. 1992 eta 1993 artean guda piztu zen independentziaren eta batasunaren aldekoen artean.

Estonia beste errepublika sobietar ohia da, Itsaso Baltikoaren kostaldean kokatutakoa, Finlandiatik gertu. 1.500 km dago bateko hiriburutik bestekora, Tallindik Tbilisira. Berez, distantzia handia kulturalki eta geografikoki. “Tangerines”  (Zaza Urushadze, 2013) herrialde bien artean ekoiztutako pelikula da, eta hain zuzen ere kontatzen du orduko gerraren erdian bi gizon baserritarren istorioa. Gatazka lehertu zenean, gutxiengo estoniar bat bizi zen abkhaziar lurralde haietan, eta euretako gehienek alde egin zuten ihesean. 

Filmeko bi protagonista, hala ere, bertan gelditu ziren. Eta, luze barik, euren bizimodu baketsua bete-betean astindu zuen gerrak. Bata arotza, eta bestea fruituzaintzailea (mandarinondoen zaintzailea, filmaren izenburua hortik dator-eta). Bando bateko eta besteko soldadu bana amaituko dira arotzaren etxean, zaurituta. Bi gizonen artean zainduko dituzte eta, errekuperatu bitartean, bi soldaduen artean tira-birak sortuko dira.

Bakearen aldeko filma da hau, gerraren absurdokeriak agerian uzten dituena. Zaila egiten da, momenturik gorenean, zeintzuk dira bando batekoak eta zeintzuk bestekoak ulertzea. “’71”  film irlandarra gogora ekartzen du, zentzu horretan. Pelikula xumea eta mezu zuzenekoa, musika doinu ederrak ekartzen dituena. 

Milesker Jabi B, gomendioagatik.

Begiratu zeure bidean

19/Mar/2020 Bizi gara!, Oroimenean

AitaOtsagabiaEz ginen gu etxean oso ‘Aitaren Eguna’ zaleak, edo Amarenak. ‘El Corte Ingles’-eko asmakizun kontsumista zelakoan, ez genituen ospatzen ez bata ez bestea. Ondo eginda, gainera. Asuntoa da semea izateari lagatzen diozunean, eta aita bilakatzen zarenean, beste modu batean ikusten duzula hau guztia zeure bidean.

Kontsumismoarena alde batera lagata, iaz Aitaren Egun ederra igaro genuen Lesakan, nire aitaren herrian. Goizean Kopako Harrira igo, mendian libre, eta eguerdian Kasinoan bazkaldu, askatasun osoz (gauza guztiak bezala, askatasuna apreziatzen dugu galtzen dugunean). Hilerrian bisita aita eta amari, eta buelta etxera etorritako bidetik.

Goiko argazkia 2005eko apirilaren 16koa da, Otsagabian hartutakoa, geure ezkontza egunekoa. Herria, Muskilda eta bideak elurtuta gelditu ziren. Hurrengo urteko maiatzean Pello jaio zen Bilbon, aita jaioberria neu. Eta horren hurrengo urteko uztailean, gure aita hil zen etxean, Donostian. Egun horietan, aita oso nahastuta zegoen jada, ezin zuen hitz egin edo ibili. Auskalo zer pasatuko zitzaion burutik egun horietan, heriotzaren zein kontzientzia eduki ote zuen.

Ondo gogoan dut, ordea, musikak piztu zuen magia. Norbaitek “Los niños del coro” pelikularen soinubanda ipini zuen egongelan, aitak bereziki maite zuen diskoa, eta zelan aldatu zitzaion aurpegia ez dut ahaztuko. Bidean begiratu dut, eta abesbatzako umeak ikusi ditut, ahaztutakoak ez direnak, baita rap bertsio bat ere, azpian daukazuena entzungai.

“Begiratu zeure bidean, ume eskaleak, ahaztu eta galdutakoak. Emaiezu eskua, etorkizun hobea erakusteko” (‘Les Choristes‘).
“Vois sur ton chemin
Gamins oubliés égarés
Donne-leur la main
Pour les mener
Vers d’autres lendemains”

Inor ez da terrorista jaio

11/Mar/2020 S(u/a)minetik bakera

HernaniGoiko esaldia Achaleke Christian Leke aktibista kamerundarrak bota du. Indarkeria bete-betean ezagutu zuen haurtzarotik, eta hain zuzen ere horregatik badaki nola lagundu hango kartzeletan dauden hainbat presori. Izan ere, Boko Haram-ekoak ere ez dira terrorista jaiotzen.

Gernikako SBren emanalditik bueltan, “Bakearen Hiria. Elkarrizketa” izeneko bideo interesgarria ikus-entzun izan dut, Gernika Gogoratuz-ek ekoiztua. Bertan bi pertsonek parte hartzen dute, bi alemaniarrek: Dieprand von Richtofen alde batetik dugu, eta bestetik Karl Benedikt von Moreau. 1937ko bonbardaketan parte hartu zuten soldadu biren senideak dira, eta hamarkadak geroxeago Gernikara hurbildu dira herria ezagutzeko. Barkamena eskatzeko beste modu bat. Euren senideak ere ez ziren ba jaioko herritar zibilak bonbardaturik erailtzeko, pentsatu nahi dut.

Atzo bestela, Hernanin aurkeztu genuen SB. Egun batzuk lehenago, auto istripu batean 3 pertsona hil ziren bertan herri horretan. Bat-bateko heriotza hauek eragindako doluak desberdinak dira indarkeriek eragindakoekin alderatuta. Baina hutsuneak eta sentimenduak hain desberdinak dira?

Orain dela asteburu bi “El País Semanal” aldizkarian “Hernani, paisaje después de ETA” izenburuko erreportajea argitaratu zuten. Azken hamarkadetan indarkeria politikoek (edo deitu nahiago duzun moduan) utzitako ondorioak aztertzen dituzte, ondo datorren memoria ariketa delarik. Artikuluan, baina, ez dute jaso bertako udalak urte hauetan egindako lana elkarbizitzaren alde. Esate baterako “Bizikidetza Hernanin, iraganetik etorkizunera” izeneko zikloa. Atzo hasi genuena gure aportazioarekin, eta datorren astean amaituko dena “Bizimiñak” antzezlanarekin.

Biktima guztiak esaten dugunean, horixe esan nahi dugu ziur aski.

“Ez naiz heroi jaio, ez naiz biktima jaio”. (‘Lerro zuzena non’, Ruper Ordorika).

Prototxeloa

06/Mar/2020 Mendian

prototxeloaNonbaitetik ekin behar diogu proiektu berriari. Esate baterako soinu-bandatik. Arimaren musikatik. Eta hamaika aukeretatik, zergatik ez esperimentatzea. Zergatik ez konbinatu egurrezko musika tresna bi, bata tradizio klasikoarekin lotutakoa, nahiz eta prototxeloa ere izan daitekeen. Eta bestea, baserri mundutik kalera ekarritakoa azken hamarkada hauetan, Artze anaien eskutik lehenik eta behin.

Mendiko oihartzunak Himalaietakoak izan daitezke, gainera, baina baita askoz gertuagokoak ere. Edo adibidez Kilimanjarokoak. Musikaria bera ere eskalatzailea izan daiteke. Edo ikus-entzunezkoen kooperatiba batean lan egitea. Hileta zibilen mundu berrian sartu, gaztetxeetan, kontserbatorioan, tabernetan, martxan dagoen dokumental honen soinu-bandan…

Menditerapia. Musikoterapia. Biek garuneko eskuin hemisferioa garatzen laguntzen dute, intuizioarena, sormenarena, izpirituarena.

Leku batetik edo bestetik hasi, baina ilusioz.

 

 

Bake prozesua?

29/Feb/2020 Dolua, S(u/a)minetik bakera

IMG-20200226-WA0004SB Gernikan aurkeztu genuen pasa den martitzenean, Gernika Gogoratuz elkartearen adeitasunari esker. Emanaldia baino lehen, aukera izan nuen Bakearen Museoa bisitatzeko, modu ezin hobean. Erabat pedagogikoa da bakea zer den ondo hausnartzea, gatazkak zein mota askotarikoak, indarkeriak zenbat aurpegi dituen. Bonbardaketa eta gerren izuaz gain. Terrorismoen ikara barne.

Emanaldiaren ostean, eszenatokiaren gainean bi gonbidatu berezi eduki genituen Mudoh, Naia, Koldo eta laurokin batera, lehenengo aldiz. Solasaldian Maria Jauregi eta Jon Maia lagun eduki genituen. Maria azken bolada honetako ahotsik aktibo eta interesgarrienetarikoa da. Gutxiengo absolutuan egon arren, bake keinuak etengabean botatzeko adorea dauka Jauregik. Eta nire ustez hauxe da dolua burutu eta gero pertsona batek egin dezakeen gauzarik ederrenetarikoa, ederrena ez esatearren. Aitaren (eta amaren) lanari jarraitzea. Eraildako aitarendako omenaldirik hoberena. Nolako egurra, halako ezpala. Praktikan modu dotorean ipinita, gainera.

Maixabel Lasa bera publiko urriaren artean egon zen, eta ez ziren falta izan berari buruzko erreferentziak solasaldian. Fabián Laespadak bertan parte hartu zuen, halaber, eta gai interesgarria laga zuen hausnarketarako. Hain zuzen ere, SBren puntu gakoetako bat: Zer den herriaren sostengua edukitzea eta ez agintariena. Eta alderantziz. Olatz Etxabek eta Sandra Carrascok ondo azaltzen duten moduan.

Jon, bestela, azken urteotan jo eta ke dabil bertsotan ez ezik musikan eta dokumentalgintzan ere. “Hezurbeltzak” izena dauka oraingo bere musika taldeak, sarkasmo guztiarekin. Jon eta taldekideek zaplazteko ozen bat ematen diete hainbeste axola zaienei ea pertsonak bertan ala kanpoan jaiotakoak diren, euskaldun zaharrak ala berriak, erdaldunak ala elebidunak, oinaztarrak ala ganboatarrak. Maria eta Jon, bi mundu desberdinetatik etorri arren, bata txuri-urdina, bestea zurigorria, zubiak non dauden ondo dakite.

Bestela, gaur egunkarian irakurri dut El Salvadorren ere katuak oinutsik dabiltzala: Justizia trantsizionalaren, erreparazioaren eta adiskidetzearen legeak polemika piztu duela, biktimek salatu dutela “ezkutuko amnistia” dela. Eta Ignacio Ellacuria jesuita bizkaitarraren kasuari eragingo diola, besteak beste.

Dolu kolektibo hau hobeto kudeatuta egonez gero, herritarrongandik hasita. Zauriak ondo ixteko garrantziaz jabetuta egongo bagina. Altsasukoa bezalako mendeku ariketak desaktibatuta eta goitik arbuiatuta egongo balira. Ermua izango ez balitz soilik Zaldibarren ondoan dagoen herri bitxi hura. Baketik gertuago egongo ginateke, eta urrutiago suminetik (eta saminetik) .

Info+: “Dolu oso ezberdinak daude, baina amankomuneko puntuak topa ditzakegu” (Busturialdeko Hitza)

Death Cafe Euskadi

22/Feb/2020 Bizi gara!, Dolua, Humanizazioa, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua

ElurraBilboOrain dela 6 urte abiatu zen HUCI mugimendua Madrilgo ospitale batetik mundura, zainketa intentsiboak humanizatzeko ekimen iraultzailea, Gabi Heras buru. Azken urteotan ezagutu dudan sare interesgarrienen artean dago, zalantza barik, eta Granadako jardunaldietan parte hartzeko eta bertatik bertara ezagutzeko plazerra eduki nuen 2017 maiatzean.

Bi hilabete lehenago, 2017ko martxoaren 23an, HUCIk koordinatu zuen Death Cafe masibo bat aldi berean Penintsulako eta Latinoamerikako 20tik gorako lekuetan, besteak beste Zarautzen (eta Gasteizen, Madrilen, Bartzelonan, …). Hori izan zen Gipuzkoan egindako lehenengo DCa, Amaia Arcek eta biok antolatu genuena. Hilabete batzuk lehenago, Gasteizen, egin zuten lehendabizikoa Euskal Herrian eta espainiar estatu guztian, Naomi Hasson eta Iñaki Saralegui izan ziren aitzindariak. Getxo izan zen lehenengoa Bizkaian.

Hiru urte geroago, 2020ko martxoaren 23tik 27ra, Euskal Autonomia Erkidegoko 20tik gorako tokietan antolatuko dugu DCa, Zarautzen gure herrian ere bai. Eta zoriak ekarri du egun horietan Iruñean ere deitu izana. Gune bat sortu dugu Facebooken eta bertan kontsultatu daitezke egunak eta udalerriak, Death Cafe Euskadi izenekoa. Pozgarria da ekimen hau gure lurraldean zein harrera ona eduki duen antzemateak, eta zenbat pertsona mugitzen ari dira ilusio handiz honen atzetik. Sare mundiala sortzen ari gara.

Azukrerik gabe (“Ur Handitan”, ETB1).

 

Azpeitia-Andoain-Gasteiz-Gernika

15/Feb/2020 S(u/a)minetik bakera

SB GernikaAzken aste hauetako mugimenduen artean, Azpeitia 1936-2017 lana azpimarratzekoa da. Giza eskubideen urraketa guztiak biltzeko lau liburu argitaratu dituzte Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia elkarteak. Ez da erraza norberaren lubakitik ateratzea eta besteen istorioak eta bizipenak entzutea. Badaude puztutako memoriak, baimendutakoak eta mediatikoak. Eta isildutako, debekatutako eta ahaztutako oroitzapenak.

Martin Ugalde Foroan, Naiara Zamarreño, Eneko Etxeberria, Maria Jauregi eta Nagore Otegik enpatia ariketak proposatu dizkigute, teoriatik baino praktikatik. Ariketa minoritarioak izan arren, zaratak zoritxarrez agindu arren, ugaltzen ari dira mota honetako proposamenak. Siglen gainetik, hizkuntza berean. Posiblea bada.

Hogeigarren urteurrenean, Fernando Buesa eta Jorge Díez oroitzeko ariketa proposatu digute Gasteiztik, testigantzak bilduz. Beste aukera on bat gure “bertangoxo”-tik ateratzeko. Ausardia baino bihotza apur bat behar da zuhaitza bizirik mantentzeko. “Sustraietan elikadura, kimuetan itxaropen”. Mitin politikorik ez, erruki garaiak dira.

Eta laster “S(u/a)minetik bakera” eramango dugu 8.000ko batera. Dolu kolektiboak eta hiri martiriak aipatzen ditugunean, Bagdad, Damasko, Sarajevo eta  Hiroshima oroimen kolektiboan daude. Eta Gernika. Horregatik hain garrantzitsua da guretzat hain leku sinbolikoan egon ahal izatea, urteak lanean daramatzan Gernika Gogoratuz elkartearen eskutik eta Maria Jauregik eta Jon Maiak lagunduta. Datorren otsailaren 25ean. Gonbidatuta zaudete.

Beste dolu kolektibo hauek

06/Feb/2020 Antropologia apunteak, Dolua, Oroimenean

BilboElurtutaHiriak bereganatzen ari dira populazioa azken hamarkadotan, exodoa etengabekoa da landa guneetatik, herrietatik. Bereziki nabarmena da Iruñerrian, Gasteizen, Bilboaldean eta Lapurdiko kostaldean. Ondorioak gero eta ikusgarriagoak dira, adibidez, Nafar Pirinioan, aurreko astegoienean egunkariak luze eta zabal ekarri zuen moduan. Horren haritik, hari interesgarria @xabiertze-k idatzi du Twitterren, Otsagabian gertatzen direnei buruz.

Despopulazioaren gaiaz irakurtzen dudanean, eta duela ez hainbeste “La España vacía. Viaje por un país que nunca fue” (Sergio del Molino) hartu nuen liburutegitik, Julio Llamazares eta bere “Euri horia” gogoangarria etortzen zait burura. Kontsultan islatzen diren dolu kolektiboak dira, beste garai bateko belaunaldiak, gero eta hutsagoak dauden herri haiek, hondatzen doazen baserriak eta kultura osoak.

Zer nahi duzue esatea, faltan botatzen ditut haurtzaro eta gaztaroko elementu kolektiboak, ez bakarrik oroitzapen pertsonalak. Klima aldaketarekin, orduan ezagutu genuenaren hutsunea nabaritzen dut. Euriak eta elurrak, urtaro markatuagoak. Horren nostalgia daukat.

“En algún tiempo, hubo un dios por cada hombre sobre la tierra”. Julio Llamazares (‘Memoria de la nieve’).

Felipe A.-ri dedikaturik. Doluminez.

Miñan

25/Jan/2020 Dolua, Humanizazioa, Literaturan, Zarautz Errukitsua

MiñanIbrahima Balde etorkin ginearraren bizipenak jaso ditu Amets Arzallus-ek liburu honetan. “Miñan” anaia txikia esan nahi du fula hizkuntzaz. Eta minari buruzko kontakizuna da hau. Min fisikoa, pertsonen trafikatzaileek edo poliziek emandako kolpeen mina. Ihesean ibilita, edozein tokitan lo egitearren jasaten duzun mina. 

Arimako mina, aitaren heriotzak eragindakoa. Edo anaia txikiarena. Bata hirian, bestea itsasoan. Doluaren mina, eta migrazioarena. “Getxo Zurekin” ekimen errukitsuaren barruan, hain zuzen ere, Ana Uribe psikologo eta tanatologoak honi buruzko tailer bi prestatu ditu hilabete honetan Algortan. Beti ere atzean lagatzen duzunaren mina da.

“Miñan” bidaia kronika desberdina da. Turista edo bidaiari batek egindakoa baino behartutako etorkin batena (etorkin guztiak behartutakoak dira, egia esan). Ginea-Konakry, Mali, Aljeria, Libia… Euskal Herria.

“Orain badakit norbait hiltzen denean izoztuta gelditzen dela. Edo beharbada lehenik izozten da eta gero hiltzen, horrekin zalantza daukat”. Ibrahima Balde.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar