Aldez aurretik

%A %B %e%q, %Y in Dolua

zazpikaleakJaio zaren lekukoa zara? Haurtzaroa igaro duzunekoa? Gabonek eta udako oporrek garrantzi handia zeukaten nire haurtzaroan, beste hainbat umeren bizitzetan daukaten moduan. Eta une zoragarri horiek Bizkaian pasatzen genituen guk, Leioan eta Lekeition. Eta Bilbo? Konstante bat izan zen denbora hartan guztian: Bilbokoa zen aitak lan egiten zuen bankua, Diasporan bizitzeko bideratu gintuena bestalde. San Mamesen ikusi nuen nire lehenengo futbol partida, bizitzak aurreko espaloira eraman ninduen arren. 1983ko uholdeen lekuko mutua eta izutua izan nintzen. Geroxeago Aste Nagusiak Sanferminek baino hobeto harrapatu ninduen. Eta euskara gipuzkoarren kontua omen bada ere, eduki ditudan irakasle ia guztiak bizkaitarrak izan dira.

Orain dela 18 urte egunerokoa da Bilbo nire bizitzan. Lehenengo lantokia, lehenengo etxe propioa. Maiderrekiko harreman ia osoaren zaindaria. Pello eta Aioraren sorlekua. Familiaren topagunea eta lagun taldearena. Hainbat (eta hainbat) bizipenen eszenatokia. Etxea maiuskulaz. Euria, burdina eta rokanrola. Galdutako zirimiriaren hiria, zazpikaletarra, nirea.

Eta laster “sarri arte” esan behar, beste dolu bat. Badakit itzuliko naizela behin eta berriz, aitzakiak ez dira faltako. Akaso handitan Pello eta Aiora ere bai, ikastera edo dena delakora. Eta auskalo zer nolako erreferentzia izango da beraientzat, bihotzetik zenbat, burutik zenbat. Baina aldez aurretik mila esker hor egoteagatik. Beti.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar