Dendariarena

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

oldshopJendetsua eta euritsua joan zen goiza Zazpi Kaleetako arropa eta osagarrien denda zaharrean. Hainbeste erosleri arreta eman ostean, eten horrek gogora ekarri zion bertan bezero berezi hura, aspaldian topatu gabekoa. Bera baino nagusiagoa zen andrea, hiriburutik kanpo bizi zen, kostaldean, alarguna zen eta hirira seme-alabak bisitatzera etortzen zen. Foulard, jertse edo beste osagarriren bat erosten zuen puntual, bere burua apaintzea gustoko zuen andreak.

Bihozkada batek bultzaturik, mostradore azpian zuen egunkarira jo eta hil-mezuen atala arakatu zuen dendariak. Izena ez zekien, baina argazkiko aurpegia berehala ezagutu zuen. Lankideak erreleboa eman eta gero bazkaltzera joan zen etxera, burumakur, kalean malkoek euriarekin bat eginda.

Gaua ondoezak jota eman zuen, begiak ondo ezin bildu, makal jaiki eta goibel abiatu zen arropa eta osagarrien denda zaharrera. Harritu zion karriketan ez jenderik ez euririk topo egitea. Pertsiana altxatu eta harrigarria egin zitzaion argirik ezin piztea. Pareko liburu-dendan sartu eta egunkaria erosi zuen goizero bezala eta, dendako iluntasunean, ez zen estonatu eskelen artean bere burua argazkian eta azpian bere izen-abizenak ikustean.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar