Zainketa aringarriak beste latitude batzuetan

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak

BaobabArratseanFilosofia paliatibista Lehen Munduko kontua dela esan dezakegu, are gehiago herrialde anglosaxoietan sortu eta garatutakoa eta gizarte aberatsenetan gehien zabalduta dagoena. Baita modernoa dela ere. Nahiz eta hospizioen tradizioa historikoki luzea izan, are gehiago errukitasun balorea, gizakiaren hastapenetatik presentea dagoena.

Bestela, garapen bidean dauden herrialdeetako mapamundia eta zainketa aringarrietako presentziarena alderantzizkoak dira hein handi batean. Zenbat eta garapen gutxiago, hainbat eta medikuntza mendebaldar gutxiago. Nahiz eta medikuntza arintzailea denik eta merkeena izan, nahiz eta erabilitako botikak garestiak ez izan. Zainketa aringarriak eta “hospice” mugimendu modernoa oso mendebaldarrak direlako, eta eurekin batera heriotza duinaren aldeko mugimenduak eta eutanasiaren inguruko eztabaidak eurak ere.

Izan ere, azken puntu hori funtsezkoa da. Milaka urtetako tradizioen aurka talka egitea, heriotza, sufrimendu eta minari buruzko sinesmenak, opiofobia, matxismoa, horren guztiaren kontra egitea zail-zaila da. Geure mundu aberatsean horrela da, atera kontuak beste latitude batzuetan zelan izango den.

Saharaz hegoaldeko Afrikan, adibidez, minbiziaren prebalentzia nagusiki ezezaguna da. HIES-aren errealitatea, tamalez, ezagunegia eta gordinegia dugu: Malnutrizioa, tuberkulosia, umezurtz kopuru eta hilkortasun tasa handiak. Pandemiak eragindako sufrimendua arintzeko, faktore sozioekonomikoen aurka ez ezik sineskeriei eta txarto ulertutako erlijio estrukturei aurre egin behar da. Harrigarria da HIES-aren negazionisten artean zenbat buruzagi garrantzitsu egon izan diren, Thabo Mbeki Hego Afrikako aurreko presidentea besteak beste.

Zorionez, ondo praktikatutako erlijioaren adibideak egon badaude, Desmond Tutu artzapezpikua buru, baita hainbat langile eta kooperante ere, laikoak izan ala ez. Hortik etorri daiteke itxaropena esparru paliatiborako, eta horren erakusgarri ona da “Más allá de la colina y la selva” / “Au-delà de la colline et la brousse” dokumental gomendagarria (Alfredo Torrescalles, 2014). Kamerunen egindakoa eta hemen aipatu ditugun puntu ugari jasotzen dituena. Lan honen protagonista batzuk Euskal Herrian egon ziren 2013ko ekain eta uztailean, Santurtziko San Juan de Dios Ospitalearen atentzio psiko-sozialaren ekipoa, Gurutzetako Etxeko Ospitalizazioa eta “Paliativos Sin Fronteras” GKE donostiarraren lankidetzan.

Amaitzeko, Afrika Beltzaren bizitzaren eguneroko pasarte ugari islatzen ditu beste lan aipagarri batek, zentzu positiboan eta umorez. “Aya de Yopougon” izenburupean, 6 komiki sorta honetan MargueriteAbouet eta ClémentOubrerie-k Boli Kostako paisaia garaikidea marraztu dute. Bizitzaren kontu arruntak bertako emakume baten ikuspegitik. Zilborkeria lehenmundistaren aurkako ekarpen eskergarria.

[“Osatuberri” aldizkariko hurrengo zenbakian argitaratuko den kolaborazioa.]

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar