You are browsing the archive for 2016 January.

Martina

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Onkologikoak ez direnak

martinaBeste garai bateko emakumea da, lurralde honetakoa bai baina desagertzear dagoen mundu batekoa, zirimiriarena, Zubiaurretar margolariena. Hain zuzen ere mundu honekin interesa galdu duela ematen du, “off” botoia sakatu duela eta badoala. Ez dauka minbizirik edo Alzheimerrik. Bihotz eta biriketako gaixotasun kronikoak ditu, baina hain ohikoak ez direnak. Urte mordoa ditu eta asko kontatzeko, baina hitz egiteko, jateko eta bizitzeko gogo eskasa.

Isil-isilik joango da, eta berarekin batera eramango du geure ondarearen puxka eder bat. Pozik egon gaitezke ezagutu zaitugulako. Zeu eta zeure kastakoak. Etxean neure amatxi propioa adibidez.

Zerbait ikasi dugula uste dut.

 

Desagertutakoak (2)

%A %B %e%q, %Y in Dolua, S(u/a)minetik bakera

desagertutakoakGervasio Sánchez, andaluziarra eta kataluniarra izateaz gain, oso argazkilari ospetsua da. Besteak beste, “Vidas minadas” izenburuko erakusketagatik, liburu ere bihurtu zena 1997an. 14 urte geroago “Desaparecidos” argitaratu zuen, besteak beste Bosnia, Guatemala, Kolonbia edo Kanbodiako gerrek eta orokorrean indarkeriak eragindako desagertutakoei buruzkoa: Ezinezko doluak, burutu gabekoak. Liburuak eta DVDak indar nahikoa badaukate berez, baina aportazio extra egiten du Espainiako kasuekin ere sartzen, hainbat pertsonarentzat oraindik tabu hutsa den arren. Lan honek suminetik bakera pasatzeko bidea ematen du, eskertzeko beste ahalegin  bat. “La Silla Vacía” Kolonbiako ekimenekoek eskertu duten moduan.

Aranzaditarrek ikertutako Mendebaldeko sahararrak, Ayotzinapako mexikarrak, Maiatzaren Plazako argentinarrak, Borja Lázaro, Hodei Egiluz…

Zerrenda luzeegia da.

AH Arantzazuko goiko paradisu hartan

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak

arantzazuedurtuaIrudi eder hau udazken-negu honetan oraindik ez dugu aukerarik izan ikusteko. Baina inkluso elurrik gabe ere goiko paraje horiek paradisutik oso gertu daude, sinesdunak izan ala ez. Naturaren aldetik soilik, behintzat, hala iruditzen zaigu mendizale askori.

Lehengo egunean iragarri genizuen blog honetatik geure DVDa salgai dagoela Gabon hauetatik aurrera Garoa liburudendetan, Zarautzen eta Donostian (Gros). Asfaltotik mendi aldera egin dugu jauzia eta Arantzazuko frantziskotarren dendan ere eskuragarri dago geure lana. Baita euren webgunearen bidez eskatzeko aukera ere.

Osasuna!

Francisco

%A %B %e%q, %Y in Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak

ALMAGROBere herrian gertatzea nahi zuen, baina azkenean handik 600 kilometro ingurura izan zen, geurean. Gizon metodikoa zen, alaben arabera, dena kalkulaturik eta txukun gustatzen zitzaion. Eta hala gertatu zen azkenean. Geurera iritsi eta apurka-apurka makalduz, lasaitasunez, egunak joan eta etorri beherantz, bakeaz. Alabek inguratuta, gizon alarguna emozionatu egin zen bere emazteaz hitz egin genuenean, hainbeste maite izan zuenez. Eta orain maitasun horrek ospitaleko gela betetzen zuen, bere herritik 600 bat kilometrotara.

Giro horretan, zertara itxaroten ari zen? Zeren falta oraindik? Bazetorren heriotza, familia oso prest zegoen, baina berak egun bat gehiago behar zuen. Medikazio konturik ez zen, gero konturatu ginen. Gabonetako asteburua gainditu eta bazegoen. Abenduak 28 eduki arte itxarotea, hori zen Francisco! Jaio zinen egun berean hil zara. Familiaren konpainian. Oheburuko zeure erizain kuttun eta medikuarekin. 10:30etan puntu-puntuan. Beste suerorik farmako gehiagorekin ez zenuen behar.

Hori zen.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar