You are browsing the archive for 2016 March.

Euri horia (mikrobertsioa)

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

APlebiaAmariellaVicenta Pesués zaharrak ez zuen eguerdia arte jakingo. Betiko moduan, amortzua hartu bitartean, eltzekaria prestatzeari ekin zion, lapikoa sutan ipinita xuabe-xuabe. Mantso zihoan denbora beretzat, leihoan jarrita euriari begira. Data horietan ez zuen seniderik espero, eta bestelako bisitaririk ere ez zen herrixkan agertuko, eguzkirik gabe normalean oso gutxi ziren animatzen zirenak behintzat. Benetako mendizaleak bakarrik, baina egun hartan ezta horiek ere. Aitortu behar izango balu, kanpotarrak gustuko zituela esango luke. Gustura begiratzen zituen leihotik, edo balkoitik, edo etxearen atari ondoan harrizko eserlekutik. Entretenigarria zen. Bitxiak ziren txano eta arropa horiekin, tramankulu haiei begira, hizkuntza horietan mintzatzen. Onarturik bera ere exotiko xamarra izango zela kanpotar haientzat, oinetan egurrezko eskalapoi horiekin, bakardade egoskor horretan.

Herrian zutik zirauten dozena erdi bat etxek eta elizak, baina bizi Santiago Mimbres eta bera bakarrik bizi ziren bertan. Bakoitza bere etxean, aspaldiko desioak apalduta eta alarguntasun solidario onean. Urtez urte eraikitako elkarbizitza armonikoan. Ibarreko okinak, furgonetan okela, arrautzak, barazkiak eta bestelako jakiak ere eramaten zizkien andreak, ezin zuen sinetsi agure eta atso horiek nola posible zuten hor goian horrela bizi. Nola ez ziren zahar egoitza batean amaitu ibarreko beste hainbat bezala. Aurrerabidean, hainbat gauza eta pertsona bazterrera bota. Galtzadak, zuhaitzak, etxeak, geure bidean zeudenak. Eta euren bien familiak kenduta, okina bera, larunbatero abadea, lantzean behin postaria, urtebetetzeetan kazetariak eta eguraldiak gehiegi baldintzatutako kanpotarrak ziren hurbiltzen bakarrak. Egia esan senideak arduratzen ziren, baina egun haietan Santiagoren familia ere ez zen etorriko, lan kontuak zirela-eta.

Eguerdian, Vicentak buruan zapi beltza ipini zuen, lapikoa esku batean hartu eta bestean makila. Etxetik irten eta apurka-apurka aldatza igo zuen, betiko moduan Santiagoren tximiniatik kea ateratzen zela konprobatuta. Kanpoko atea bultzatu eta barrura sartu zen. Senideek kontrakoa iradoki arren, ez zeukan zentzurik giltzak erabiltzea hor goian. Eskileretatik gora mantso, ordulari zaharrak zutunik hamabi aldiz jo zuen. Goiko solairua zapaltzean, oholek betiko krakada leunak egin zituzten eta, ezkaratzeko supazterrean, enborrek txinpartekin emeki erantzuten zuten. Orduan jakin zuen, Santiagok ez ziola erantzuten eta besaulkian albo batera okertuta zegoela konturatu zenean. Orduan jakin zuen herriko azken biztanlea zela.

 

Eten barik

%A %B %e%q, %Y in Oroimenean

lesakaHelmuga, abiapuntua eta topagunea. Hiruetatik apur bat dauka herri honek niretzat (guretzat). Atzoko topaketa antolatu duenak argi zeukan hiletetatik haratago bazegoela biltzea, elkarrekin egotea eta aurrez joandakoak oroitzea. Transmititutako guztiarekin eten egin gabe. Bizitzan aurrera, zirimiri azpian Zubigainekoa dantzatzen neguaren amaieran, zergatik ez?

Eta oroitzea, bai noski. Alzheimertar proposamenen aurrean entzungor, ez dugulako ahaztu behar, ez dugulako ahaztu nahi. Erabat alderantziz, oroimena delako barne-bakerako bidea. Elkarbizitzaren giltza.

Aitaren eguna izan zen atzo, eta gure artean oso present egon zen gure aita, norbaitek esplizituki aipatu zuen moduan. Ondorengoei ondarea transmititzea tokatzen zaigu (zait), martxoaren 19a egunero delako. Esker onekoak garelako.

Lorentzo

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak ez direnak

txabolaBuruak gauza bat agintzen duenean eta gorputzak abiadura berean ezin duenean  erantzun. Bizitzan hainbatetan mendian zure kasa ibiltzen ohituta eta laurogeita urte asko beteta errealitate krudel baten barruan gatibu. Etxea laga eta zahar egoitza batean bizi behar, egokitu ezinik.

Bergaran bizi zenean duela urte batzuk ezagutu nuen, mendian libre ibiltzen zelarik. Orain elkar berriro topatu dugu, Aretxabaletan bizitzaren azken aroa igarotzen ari denean. Lehengo egunean ez zuela aurrera egingo sinetsita geunden ospitalean, baina oker nengoen, gaztainondo sendoaz eginda dago eta, gauzak ondo, datorren hilabetean berriro egongo gara kontsultan. “Nire paziente faboritoa zara”, esan nion, faboritoenetakoa bada.

Irribarre ederra dauka, senideekin tarteka jenio bizikoa izan arren, izan ere iraganeko familia kontu latzak jakin izan ditut azken ingreso honetan, alabak kontatuta, ez nekizkienak. Eta jakin dut txabola txukuna daukala hor nonbait, Bergara, Antzuola eta Oñati artean. Orain bakarrik amestu dezake berataz. Gustura baino gusturago emango zuen azken osteratxoa hortik. Pena ematen digu ezin elkarrekin joan, hankak nekatu, zahatoa astindu eta bihotza alaitu.

Lorentzo ez da bere benetako izena. Argazkikoa ez da bere txabola. Eta ez, zainketa aringarriak ez da bakarrik pazienteak sedatzea.

Biktimak (II)

%A %B %e%q, %Y in Dolua, S(u/a)minetik bakera

biktimakbi“Biktima (preso) elkarte batzuk baldintzatzen al dute eztabaida?” 

Neuretzat galdera gakoa da hau, eta Alvaro Baraibar-rek, Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetzako zuzendari nagusiak horrela erantzuten du:

“Auzi horretatik haratago, niretzat, garrantzitsuagoa da politika aurreko ikuspuntua. Alegia, biktimek ez diote biktima izateari utziko baina bi aldiz biktima izaten ez dugu lagundu behar. Adiskidetzean eta eragindako mina gainditzean aurrera egiteko ardura dugu gobernukook, eta biktima bakoitzak behar duen dolu prozesua erraztu behar dugu, euretako bakoitzak dolu desberdina baitu bizipena desberdina delako ere. (…) Ez dago kontakizun bakar bat, askotarikoak baizik, pertsona bakoitzak bere errealitatea modu desberdinean bizi izan duelako”

Elkarrizketa osoa, larunbateko egunkarian.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar