You are browsing the archive for 2016 April.

Remontando el vuelo

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Dolua, S(u/a)minetik bakera, Zineman

RemontandoVueloSaihestezina da konparaketak egitea: doluari buruzko dokumental bat aurkeztu behar zuten lehengo egunean Bilboko jardunaldian (arreta psikosozialaren La Caixako taldeek antolatua), eta hasieratik bestelako begiekin eta belarriekin ekin nion emanaldiari publiko moduan.

Elsa Sierra psikologoak eta Alvaro Orús dokumentalgileak egindako lana da, eta parte hartzaileen artean estatu mailan doluan aditu ezagunenetarikoa den Alba Payàs  agertzen da, besteak beste Izaskun Andonegi eta Maite Urzainen irakaslea izandakoa, IPIR eredukoa zehazki. Halaber, doluaren inguruan urteetan zehar Lehen Mailatik  lan eskerga egin duten Victor Landa eta Jesus Angel García medikuek parte hartu dute dokumental honetan, eta Bilboko jardunaldian aurkezle moduan egon ziren.

Estetikoki, esan dezakegu  eta AH (“Aulki hutsak”) lanek antzeko eskema erakusten dutela: lan ibilbidearen eskarmentutik edo bizipen pertsonaletatik abiatuta agertzen zaizkigu protagonistak. RV-n baina ez dago intersekzio gunerik bi multzoen artean, ez dago “osatzaile zauritua” edo senide moduan agertzen den aditurik. Kokapenen aldetik, Bartzelona, Madril eta Bilbo aldea erraz antzematen dira, baina badago artxiboko irudi bat baino gehiago munduko hainbat bazterretakoak ere. Ikus-efektuen artean bizpahiru “time-lapse” ederretaz hornituta dago. Eta musikari dagokionez, soinu leunek osatzen dute fondoa pelikulan zehar.

Antzekotasunak bien artean oso ugariak dira, esango nuke edukiaren erdia gutxienez osagarri komunek osatzen dutela. Baina bistan denez, beste ikuspuntu honek ekartzen ditu geurean jaso ez genituen puntu interesgarri batzuk (alderantziz bezala noski). RV-n nabarmentzekoa da nire ustez dolu kolektiboei egindako aipamena, indarkeriazko istiluek (gerrek) ekarritakoa bereziki. Eta hari honetatik ausarta izan da atentatuek lagatako aztarna aztertzea, kasu honetan Martxoak 11ko atentatuak utzitako testigantza. Dolu transgenerazionalaz ere hitz egiten dute, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren isiltasunak, gorrotoak eta itxi gabeko doluak alegia, indarkeriarekin lotuta beti ere.

Azpimarratzekoa da heriotzek ez baizik eta bestelako galerek eragindako dolua ere jorratzea, langabetu baten adibidearekin. Halaber, heriotzaren osteko maitasunaz hitz egitea txalotzekoa da ere bai. Izan ere, pantailan agertzen den emakumeak ez dauka erraz azaltzea zelan (hildako) bere bikotekidearekin sentitutako amodioak nolabait jarraitu egiten duela denboran heriotza eta gero, beste bikotekide baten bidez. Txalogarria benetan horrela biluztea, jende askok ulertuko ez duen arren.

Laburbilduta, doluaren ingurura egindako beste hurbilketa sendo bat ikus-entzunezko mundutik. Aportazio guztiak baliogarriak eta sendagarriak izan daitezela, hemendik aurrera ere.

Baina Info+: Trailerra.

Tratu txarrak zainketa aringarrietan

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera, Zaintzaileak

tratutxarrakPasa den astean Bilbon egon nintzen Arreta psikosozialari buruzko I. Jardunaldian, La Caixako Santurtziko taldeak (HSJD) antolatuta Donostiako Matiakoarekin batera. Oso mamitsua izan zen, asteotan pare bat post blogeratu nahi dut eta hona lehenengoa.

Irune Azkuenaga lankide ohiak duela urte gutxi batzuk “Tratu txarrak Etxeko Ospitalizazioan” izenburuko saio klinikoa aurkeztu zigun Gurutzetako zerbitzuan baitan. Zer pentsatua eman zidan. Orain Guiomar Agote Matiako psikologoak gaia ekarri du arreta aringarria osorik kontuan hartuta. Hasteko, Trauma osteko Estres Asalduraren barruan sartzen dela komentatu zigun. Sistema linbikoan dagoela instintoen eta emozio basikoen esparrua. Suminaren pilatze fasean arazoak sukaldatzen direla. Eta geure lan arloan ikus dezakegun egoera posible bat dela, erasotzailea orain gaixoa denean eta biktima zaintzailea, nolabaiteko rol aldaketa alegia, botere oreka zeharo desberdina. Dolu konplexuaren arriskuaz. Antsietateaz, autoestimaz, sexualitate arazoetaz, umeen faktoreaz.

“Gakoa” programarekin elkarlanean dabiltza Matian, Teresa Peñarekin tartean, eta Sevillako SECPALeko Nazioarteko Biltzarrean ere aurkeztuko dute euren lan ildo interesgarri hau datorren hilabetean. Erabilitako ereduen artean, Elleanor Walker, C. Welland, D. Wexler eta Victor Franklena bera aipatu zituen, besteak beste.

Ekarri asko!

Biktimen izenak

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

LoiolaHumanizazioa zer da? Hasteko, pertsona bati izenaz deitzea, gutxienezko balidazio hori egitea. Horregatik izan da hain garrantzitsua egun hauetan Azpeitian gertatu berri dena, Samara Velte-k beste behin dotoreziaz “Berria”-ko bere zutabean jaso duena (“Izenak”):

“Prozesu hori ezinezkoa da bestea ezagutu gabe, eta horregatik dira eredugarriak Azpeitikoaren moduko adierazpenak. Herrietan izena, aurpegia eta historia pertsonalak dituzte gatazkaren biktimek: hildakoek, bizirik daudenek eta urrunduta daudenek. Orain arte gureak izan ez direnei Inaxio, Nekane eta Ekhine deitzen diegunean hasten gara historiarekin adiskidetzen.”

Bestela, “Gertu” programak aurrera jarraitzen du, eta 92 testigantza jaso dituzte orain arte. Izenak, aurpegiak eta historia pertsonalak konpartitzean, suminetik bakerako beste urrats bat egin dezakegu.

 

 

 

Barcina

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Onkologikoak

barcinaFrías eta Oña ikusgarrien artean, Burgosko probintzian, Montes Obarenes-San Zadornil natura parkearen barruan: Barcina de los Montes. Hortik etorri zen gure protagonista Arrasatera bizitzera aspaldian. Duela 5 urte lehenengo minbizia gainditu zuen. Aste Santu honetan bere hango herrian egon ahal izan zen, kartetan lagunekin, familian. Baina bigarren minbiziarekin ezin, aste honetan hil egin da bere hemengo herrian. Hain zuzen ere bere biografiaz interesatu izana gehien apreziatu zuena izan zen. Lotura terapeutikoa deitzen diote, baina grazia egiten dit izen hori zeukala jakin baino lehen naturaltasunez praktikatzen dudalako aspaldi honetan. Bejondeigula beraz.

Gure protagonistak aulki huts bana han eta hemen laga ditu. Bihotz beteak ere bai han eta hemen. Eta aste honetan ere aulkietaz eta bihotzetaz  jardun dugu Getarian hain juxtu (Mila esker Mavi).

Oroitu? Bai, noski.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar