Remontando el vuelo

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Dolua, S(u/a)minetik bakera, Zineman

RemontandoVueloSaihestezina da konparaketak egitea: doluari buruzko dokumental bat aurkeztu behar zuten lehengo egunean Bilboko jardunaldian (arreta psikosozialaren La Caixako taldeek antolatua), eta hasieratik bestelako begiekin eta belarriekin ekin nion emanaldiari publiko moduan.

Elsa Sierra psikologoak eta Alvaro Orús dokumentalgileak egindako lana da, eta parte hartzaileen artean estatu mailan doluan aditu ezagunenetarikoa den Alba Payàs  agertzen da, besteak beste Izaskun Andonegi eta Maite Urzainen irakaslea izandakoa, IPIR eredukoa zehazki. Halaber, doluaren inguruan urteetan zehar Lehen Mailatik  lan eskerga egin duten Victor Landa eta Jesus Angel García medikuek parte hartu dute dokumental honetan, eta Bilboko jardunaldian aurkezle moduan egon ziren.

Estetikoki, esan dezakegu  eta AH (“Aulki hutsak”) lanek antzeko eskema erakusten dutela: lan ibilbidearen eskarmentutik edo bizipen pertsonaletatik abiatuta agertzen zaizkigu protagonistak. RV-n baina ez dago intersekzio gunerik bi multzoen artean, ez dago “osatzaile zauritua” edo senide moduan agertzen den aditurik. Kokapenen aldetik, Bartzelona, Madril eta Bilbo aldea erraz antzematen dira, baina badago artxiboko irudi bat baino gehiago munduko hainbat bazterretakoak ere. Ikus-efektuen artean bizpahiru “time-lapse” ederretaz hornituta dago. Eta musikari dagokionez, soinu leunek osatzen dute fondoa pelikulan zehar.

Antzekotasunak bien artean oso ugariak dira, esango nuke edukiaren erdia gutxienez osagarri komunek osatzen dutela. Baina bistan denez, beste ikuspuntu honek ekartzen ditu geurean jaso ez genituen puntu interesgarri batzuk (alderantziz bezala noski). RV-n nabarmentzekoa da nire ustez dolu kolektiboei egindako aipamena, indarkeriazko istiluek (gerrek) ekarritakoa bereziki. Eta hari honetatik ausarta izan da atentatuek lagatako aztarna aztertzea, kasu honetan Martxoak 11ko atentatuak utzitako testigantza. Dolu transgenerazionalaz ere hitz egiten dute, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren isiltasunak, gorrotoak eta itxi gabeko doluak alegia, indarkeriarekin lotuta beti ere.

Azpimarratzekoa da heriotzek ez baizik eta bestelako galerek eragindako dolua ere jorratzea, langabetu baten adibidearekin. Halaber, heriotzaren osteko maitasunaz hitz egitea txalotzekoa da ere bai. Izan ere, pantailan agertzen den emakumeak ez dauka erraz azaltzea zelan (hildako) bere bikotekidearekin sentitutako amodioak nolabait jarraitu egiten duela denboran heriotza eta gero, beste bikotekide baten bidez. Txalogarria benetan horrela biluztea, jende askok ulertuko ez duen arren.

Laburbilduta, doluaren ingurura egindako beste hurbilketa sendo bat ikus-entzunezko mundutik. Aportazio guztiak baliogarriak eta sendagarriak izan daitezela, hemendik aurrera ere.

Baina Info+: Trailerra.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar