You are browsing the archive for 2016 July.

Musikoterapia zaintzaileen ikuspuntutik

%A %B %e%q, %Y in Artikuluak, Beste terapia batzuk

musikoterapia2“Medicina Paliativa” aldizkariaren azken zenbakiak dakar Madrilgo San José Fundazioak egindako artikulua, Evaluación de un programa de musicoterapia en una UCP. La perspectiva de los cuidadores” izenburupean eta Mireia Serrak, Vicente J De Luisek eta Jordi Vallsek sinatuta. Artikuluaren arabera, musikoterapia aintzat hartzen dute hala Society for Integrative Oncology elkarteak nola Office of Cancer Complementary and Alternative Medicine bulegoak. Erabilgarria da sintomak kontrolatzeko, besteak beste mina, botagura eta antsietatea. Besteak beste Cochranek sostengatua. Artikulu zehatz honetan, zaintzaileak kontuan hartu dituzte, beti ere proportzioa ia 2:1 dela emakumezkoen alde eta zuzeneko musika erabili dute. Sostengu emozionala eta erlaxazioa izan dira emaitza on nagusiak honen arabera. Eta iruzkinen artean hauek:

  • Senideak ere zaintzearren eskerrak ematea“.
  • “Bere alderik alaiena ateratzea, ezkututa zegoena”.
  • “Nire aitari ez genion sekula kantatzen entzun”.
  • “Gitarra jotzen hunkitu egin da, gure haurtzaroa berreskuratu du”.
  • “Atzamarretan berreskuratu du mugikortasuna gitarra jotzean”.
  • “Musikak laguntzen du arima sendatzen eta bakea ekartzen”.
  • “Gauean galdetzen du aitak noiz etorri behar den arparena”.

Bestela, uztailak 11tik 13ra antolatu dute Gasteizen udako eskola IMAP institutuak, “30 urte historia elkarrekin eraikiz” izenburuarekin.

Azkenik, musikarekin lotuta baina ez musikoterapiarekin, hemen “Support after Suicide” australiar elkarteak egindako bideo ederra. “You’re Not Alone“.

Ondo amaitu asteburua!

Ezer ez da betiko

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

kostaldeaEsnatzean, leihotik begiratu zuenean, ikuspegia sinesteko ez modukoa zen. Bera bezala, malekoian eta lehenengo tunelean hamarnaka pertsona zegoen ordu hartan mendebalderantz begira ahoa bete hortz. Ekialdera so eta bai, Mollarri hortxe zegoen betiko legez, baina bestaldean xagua falta zen ortzmugan. Erokeria zen baina San Anton desagertuta zegoen postaletik.

Laster iritsi ziren kostaldera helikopteroak zerutik, urpekariak eta surflariak itsasotik eta txirrindulari tropelak eta agintariak errepideetatik. Mendeetako uhartea ur azpian ez zuten topatu, inork ez zuen zarata arrarorik entzun aurreko gauean, ekaitzarik ez zen egon, denboralerik ez. Goitik ere ez zen eraso lurtarrik edo estralurtarrik etorri.

Urteak igaro ziren norbaitek izen bereko elizaren azpi-azpian egon zitekeela susmatu arte. Kostaldetik hamarnaka kilometrotara, Ibaizabaleko itsasadarraren eta hiriaren lehendabiziko aztarnen behe-behean, lurraren erraietan barne-barnean sartuta.

Baina nola?

Soinu-banda: Aitor Mudoh.

Zerorako itzulera

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Zineman

returntozero.jpgDuela denbora bat blog honetan pelikula honen berri eman nuen, baina aurtengo udaren hasiera arte ez dut aukerarik izan eseri eta ikus-entzuteko.

Dolu perinatalarekin lehenengo harreman zuzena, bizitza errealean, Iker Barandiaran eta Eider Otxoaren bidez eduki nuela esaterik badaukat, ibilbide profesionalean seguru baietz. Geroxeago Izaskun Andonegi eta Kristina Pavon ezagutu nituen, hau ere bizitza errealean. Baina biografia pertsonalean Josu Peña Bandrés izan zen lehenengo mugarria ibilaldi honetan. Josu izan zen eduki ez genuen anaia, laugarrena izango zena geure hiruron atzetik, hilik jaio zena. Txiki-txikia nintzen lehendabiziko aldiz zilbor-hestearekin itota ume(ki) bat hil zitekeela entzun nuenean, amaren ahotik, horixe gertatu zitzaionez Josuri.

Beraz zeluloidetik kanpo dolu bitxi hau bizi izan nuen txikitan, guztiz konturatu barik noski, ozta-ozta hitz egin genuen-eta honi buruz etxean. Baina ziur aski nire bizitzaren lehendabiziko dolua izan zen, eta 40 urte eta gero orain ulertzen saiatu naiteke zer suposatu zen gertakari hura geure amarentzat, eta aitarentzat.

Filmera itzulita, pasarte batean pertsonaia batek beste bati eskertzen dio gai honi buruz hitz egin izana, entzun izana. Hain gutxirekin konformatzen baikara baimendutakoak ez diren egoeretan.

Hala ere, Mikel Iturriak arrazoia dauka, inor ez da hiltzen, gogoratzen dugun bitartean.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar