You are browsing the archive for 2016 August.

Azken hitzaren jabe

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Sarean

 

berriaautonomiaAste honetan Arantxa Iraola kazetariak artikulu sorta bikaina ekarri digu “Berria”-n pazienteen autonomiaz, aurretiazko borondateen dokumentuaz, zainketa aringarrietaz orokorrean, doluaz, elbarritasunaz, eutanasiaz… Interesgarria izan da kaleko jendearen iritziak ekarri izana, gaixoena eta senideena, bereziki prozesu onkologikoak ez direnak pairatzen dituztenak (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa, Alzheimer,…). Baita ez gaixorik ezta gaixoen senidea ere ez den pertsona batena, etorkizunari begira argi daukana osasungileek berarekin zer egitea nahi duen eta zer ez. Azkeneko honen adibidea da Felix Ibáñez gasteiztarra (argazkian).

Gasteiztik ere Alberto Melendez paliatibistaren hitzak jaso dituzte, “Arinduz” elkartearen presidentea eta Araba ESIn koordinatzaile lanak egiten dituena alegia. Hiri hartatik ere Iñaki Saralegi intentsibistarekin egindako elkarrizketa gomendagarria da.

Bioetikan adituak, Koldo Martinez eta Mabel Marijuanen aportazioekin ekin zioten testu sorta honi, Nafarroatik eta Bizkaitik. Eta azken artikuluan beste bioetika aditu ezagun baten iritziak irakur ditzakegu, Marije Goikoetxearenak hain zuzen ere. Amaitzeko, Lurdes Zurbanobeaskoetxeak zahartzeaz hitz egin du, puzzlea ederki osatuz.

 

PD.- Astea ondo borobiltzeko, gainera, igandeko egunkarian Arantxa Iraolak Felix Zubia medikua eta Anjel Lertxundi idazleekin egindako elkarrizketa mamitsua ekarri digute. Astelehen on!

 

 

 

 

 

Tempus fugit

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!

springsteenMedikuntzan oso ohikoa eta bitxia da “gazte” izandatzea bat ere gazteak ez diren gaixoak, bestelako irizpideak aplikatuz, interbentzio agresiboagoak planteatzeko ala ez alegia, tratamendu batzuen aukerak emateko ala ez, “amore emateko” ala ez. Muga zehazki non dagoen ez dakit, baina uste dut 80 urtetan dagoela, ez galdetu zergatik 80 urtetik gora zaharrak diren eta 79 dutenak gazteak.

Aspaldian, asko gogoratzen dudan paziente bat eduki nuen, arrastoa uzten duten horietakoa. Ez dut ondo gogoan hala ere zenbat urte zeukan hil zenean, 70 eta piko esango nuke. Kontua da bere azken hilabeteetan berak erdi txantxetan “zahartze goiztiarra” pairatzen ari zela esaten zuela. Erdi benetan esaten zuen. Bizitza guztian aktibo eta lanean eta azken etapan zauri nabarmenak ezin onartu .

Bistan da denboraren igarotzea kezka unibertsala dugula. Oroitzen naiz adibidez zer sentitu nuen Jimi Hendrix eta geure aita urte berean jaio zirela konturatu nintzenean. Hendrix bizirik balego biek adin bera edukiko zutela pentsatzen hasi eta ezin sinetsi, artean aita bizirik zegoenean.

Goian Springsteenen argazkia ipini dut baina berdin ipini nezakeen Patti Smithena edo beste rokero zahar batena. Bai, rokero zaharrak. Sasoian egon arren, edo oso sasoian, Carlos Soria bezala, zortzimilakoak egiten segitzen duen 77 urteko gizona, agure gaztea, agurea azken finean (iraina al da?), baina inolaz ere ez gaztea.

Tempus fugit, carpe diem.

Uda betiko balitz…

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Sarean

landergarroAtzoko Lander Garroren artikulua ezohiko horietako bat da, are ezohikoa udako sasoi honetan. Horregatik hain gustura irakurri dut, jende askok inoiz pentsatutakoa baina nekez adieraziko duena, are gutxiago uda garaian:

Pasa den astean izan nuen nire adiskide Mikel Garikoitz musikariaren seme Urtzi Errezolaren heriotzaren berri. Banekien gaixorik zegoela, baina irudikatu ere ez nuen egiten haren bizitza garaion amaitu zitekeenik. Azkenekoz Txingudiko merkataritza zentroan ikusi nuen, mutil puska sendoa, sasoikoa, aita bezain dotorea. Eta orain, jada, joana da betiko.

(…)

Zorionekoa naiz, (…) oraindik ez nagoelako oso gertuko inor galdu duten horien multzoan, nahiz eta badakidan hara joatea inoiz egokituko zaidala. Bizitzaren legea da. Kontua da orain arte itzuri egin diodala, hemen ditudala guraso, anai-arreba, seme-alaba (…).

Ezin dut imajinatu zein izango den Mikelen sufrimendua uneotan. Kontsolagarri izan dakiokeen hitzik ere ez daukat.

 

Gustatu zait doluminak zuzenean eman barik, Lander moldatu delako doluminak adierazteko Mikel Garikoitz lagunari. Eta estimatuko du lagunak, bien sûr. Bizitzaren legea da, hala da, laster edo berandu denoi tokatzen zaiguna. Geuri laster xamar, egia esan, geu beste multzo horretakoak gara: Gaur aitaren urtebetetzea zen, 74 urte beteko zituen baina duela 9 hil zen. Uda bete-betean. Eta abuztuaren 25ean amarena, 75 egin izango zituen berak, baina duela ia 2 joan zen.

Gustatu zait Landerrek daukana (familia) baloratzea, normalean suposatutzat ematen ditugun gauzak ez direlako betiko.

Daukaguna baloratzea eta ospatzea orain hemen gaudela. Elkarrekin.

Gelditzen den denbora

%A %B %e%q, %Y in Zineman

letempsquiresteUda, besteak beste, zinema ikus-entzuteko da, eta hortan nabil. “Le temps qui reste” François Ozon-ek 2005ean egindako filma da, halaber “Dans la maison” (2012) adibidez zuzendu zuena. Aktoreen artean Melvil Poupaud (Romain, paper nagusia), Jeanne Moreau beteranoa (Laura), Christian Sengewald (Sacha) eta Valeria Bruni Tedeschi (Jany) ditugu, eta izenburuak dena iradokitzen du. Izan ere, paralelismo bat baino gehiago topatu ditzakegu “Mi vida sin mí” (Isabel Coixet, 2003) eta beste honen artean.

Romain-en istorioa kontatzen du beraz, estigma bikoitza duena, homosexuala eta gaixo onkologiko terminala den aldetik. Konplizitate handia dauka Laura bere amona aurrerakoiarekin, agian pertsonaia nagusiak heldulekurik garrantzitsuena duena. Bestela, Sacha mutil-lagunarekin harreman gora-beheratsua dauka, eta oso aipatzekoa da Jany eta bere bikotekidearen alde jokatu behar duen paper bitxia, eskatutako lan sexuala alegia.

Pelikulak efektu estetiko polit batzuk ditu, esate baterako oraingo prismatik ikusita lehenengo argazki-kamera digitalen agerpena. Azken eszena ere bisualki gustatu zitzaidan. Oro har hartuta baleko lana.

“Gelditu denbora, eta eramango zaitut…”.

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar