You are browsing the archive for 2017 January.

Bake jendea

%A %B %e%q, %Y in Humanizazioa, S(u/a)minetik bakera

GetariaBakeaPolitikari guztiak ez dira berdinak. Edo futbolari, mediku,erizain guztiak (tira, erizain guztiak igual bai)*… Topikoak, etiketak eta epaiak behar ditugu arnas hartzen dugun haizea bezala, baina errealitatea bestelakoa da.

Getarian egon nintzen pasa den asteazkenean arratsaldez, “Zubigintza eta saregintza euskal bake prozesuan” solasaldi mamitsuan. Mahaian, Iker Uson (Baketik) moderatzaile, eta Juan Jose Ibarretxe (Agirre Lehendakaria Center) eta Julen Mendoza (Errenteriako alkatea) hizlari. Bake gizonak, bete-betean, hezur-haragizko pertsonak, sinesgarriak. Medikuntza edo osasungintza humanizatu behar dugula esaten dugunean berdin aplikatu daiteke beste edozein esparrutan, politikagintzan adibidez. Eta Getariako mahaian ikusten genuena bake jendea zen. Iberdrolan, Petronorren edo ez dakit zein enpresatan amaitu ez den lehendakari bat (1999-2009). Ustelkeriagatik ikertuta ez dagoen alkate bat (2011-).

Beste alderdi politiko batzuetan ere adibideak ez dira falta, eta gustatu zitzaidan Ibarretxek behin baino gehiagotan aipatu izana “Ahotsak” mugimendua, bake emakumeek osatutakoa, gogoratuko zarete: Gema Zabaleta, Jone Goirizelaia, Ainhoa Aznárez, Kontxi Bilbao, Nekane Alzelai, Elixabete Piñol, Gemma González de Txabarri, Itziar Gomez,… Gustukoa izan nuen halaber Ibarretxek pobrezia eta justizia soziala eza kontzeptuak kontrajarri izana bakearen definizioarekin. Eta pertsonen identitatea, kultura eta hizkuntza gako garrantzitsu moduan plazaratu izana.

Julen Mendozaren aurkezpenak laburbildu zuen Errenteria-Oreretan 2011tik alkatetzan dagoenetik egindakoa, alderdi guztiak bildu izana bakegintza eta elkarbizitza foro batean, adostasuna lortu izana indarkeriaren kontzeptuaren barruan sartzen denarekin (atentatuak, bahiketak, mehatxuak, jazarpena,  torturak, …). Honen haritik aipamen batekin gelditu naiz bereziki: Zelan ETAk mehatxatutako pertsona batek adierazi zuen, puntu bateraino iritsita, nahiago zuela hilketa jasatea bahiketa baino, sufrimenduaren beldurraren adierazle. Halaber, poliziak jazarritako beste pertsona batek nahiago zuen tiroketa batean hiltzea poliziaren eskuetan amaitu eta tortura pairatzea baino.

Galderen txandan, amaieran, Iker Usonek azpimarratu zuen bakearen aldeko saregintza Gipuzkoan dagoela batik bat presente, 12 udalerritik gora martxan dagoelarik, Errenteria buru, baina baita Azpeitia, Lasarte-Oria, Andoain, Tolosa edo Getaria bera ere. Bizkaian apenas, Nafarroan zeozer, Araban ezer ez eta Ipar Euskal Herrian, denon buruan, Luhusoko bakearen artisauak.

Konponbidea behetik gorako bidean dator.

 

*Txantxa besterik ez da.

Libertario Coscojalesen beste istorio harrigarri bat

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak, S(u/a)minetik bakera

zubieskegiaLibertario Coscojales, Argalario Mendibil eta Olegario Serantes  1910eko hamarkadaren erdialdean jaio ziren Bizkaiko Ezkerraldean, Portugaleten, Trapagaranen eta Santurtzin hurrenez hurren. Txikitako garai haietan urrun zituzten anarkismoa, Gerrate Zibila eta, are gehiago, Bizkaiko Labe Garaietako urrezko arroa eta migrazio mugimendu handia.

Euren haurtzaroan herri haietako paisaietan baserriak, landak, itsasontzi batzuk eta etxe multzo bakanak baino ez zeuden. Portugaleteko zubi eskegia zutik zegoen bizpahiru hamarkada aurretik. Larrainetako funikularra urte haietan ipini zuten abian, hiru lagunek “La Reineta” deitzen zutena, adineko 7-10 urterekin. Santa Eulaliako ikastetxea ere ia estreinatu berria zeukaten, eta garai berekoa zen San Juan de Dios ospitalea. Olegario bertan jaio zen, eta hortik ez urrutiegi Gerra garaian Libertario eta Argalario fusilatuko zituzten, Santa Eulaliatik gertu xamar, Cabieces auzoan, hilerriaren hormaren kontra “Esperanto!” oihukatuz, “Itxaropena!” alegia.

Baina hori askoz geroago gertatuko zen, amaieran izan ere. Orduko haurtzaro hartan heriotza mutiko haientzat urruneko paisaia baino ez zenean, itsasadarraren bestaldean zeuden Eskumaldeko jauregi eta etxebizitza dotoreak baino urrunagoak. Hiruretatik Gudatik garaile eta bizirik aterako zen bakarrak, Olegariok, bizileku hartuko zuena. Irabaztea zer kontu polita den…

Libertario eta Argalario hil eta gero, euren arimak elkar topatu ziren urteerara, hamarkadetara, zubi esekiaren inguruan ikus-entzukizun harrigarri hori montatu zutenean, Bizkaiko Zubia izena monumentuari eman zioten garaian. Munduko jazz bandarik onena bertan zegoen transbordadorean sekulako kontzertua ematen, Penintsulako hego-mendebaldetik etorriak, “A Milhor Banda do Mundo”. Itsasadarraren alde bietan jendetza izugarria bildu zen. Eta “Abra K Abra” irratiari esker eskualdeko aspaldiko botere faktiko kulturalak ere entzuten egon ziren zuzenean, anarkia perfektuan, Kadira Qatifa, Ibai Zabala, Ingrid Erasmusson, Valeria Fetuccini, Aitor Mena, Itxaso Mendizabal, Andrés Karramarro, Peio Baroja, Monica Trelew, Jon Goikoetxea “Juangoiko” edota Manu Gandiaga “Gandi”.

Eskumalderaino ere iritsi ziren irratiko uhinak, baina Olegario beste zeregin batzuk zituen fenomeno kultural haren lekukoa izatea baino. Bizitzan garailea izatea zer den, aizue!

 

Adeitasuna

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak ez direnak, Oroimenean

gardelGabonetan James Stewart blogera ekarri genuen, 1940ko hamarkadako pelikula eguberritar eta gogoangarri harengatik, “It’s a wonderful life” alegia, “¡Qué bello es vivir!” gaztelerazko itzulpenean. Stewartek aktore dotore eta adeitsuaren rola eduki zuela esan dezakegu, Carlos Gardelek (argazkian) musikaren munduan hartu zuen antzeko moduan. Garaikideak izan ziren biak ala biak, bata hegoamerikarra eta bestea iparamerikarra.

Hego Amerikatik ere itzuli zen aspaldian gurera L., ospitale honetan ezagutu nuen eta urteak betetzen joan da, gaixotasun asko gaindituz edo haietara egokituz. Aparteko gasolina zuen gaixoa zen, zalantzarik gabe, familia ingurune bikainetik hasita, kalean lagunartea, futbolaren zaletasuna, eta gauza guztien gainetik jendetasuna, adeitasuna edo gizalegea erakusten zuen modu nabarmenean L.-ek. Neure belaunaldiko jendeak galtzear dugun balorea (belaunaldi berriek hiztegian begiratuta ere kontzeptua arrarotzat hartuko dutena). Pertsona baten barruko dotorezia erakusten duen balorea, beste garai batekoa tamalez.

Atzo amaitu zen Espainiako football Ligako lehen itzulia Lehen Mailan, eta L.-en eta neure taldeak zenbaki ezin hobeak sinatu ditu, kualitatiboki hainbat partida gogoangarri eginda, ikusle moduan disfrutatzeko modukoak. Horrela hil zen gaur zortzi L. jaioterrian, 90 urte baino gehiagoko bizi-ibilbide gogoangarria atzean utzita, dotore, adeitsu, zaratarik atera barik. Heriotza onartuta eta bakean.

Chapeau!

Zaharra izatearen abantailak

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!

mickjagger“Seniors Matter” webgunean artikulu bitxi bat topatu dut Twitterren bidez: “10 Reasons Why Growing Old Is Cooler Than You Think”. Eta hemen 10 arrazoiak:

  1. Zaharra izateak diskontuak ditu.
  2. Bizitzan aurrera, entzule hobeak bihurtzen gara.
  3. Adinekoek ikuspegi zabalagoa daukate bizitzan benetan zer den garrantzitsuari buruz.
  4. Adinekoek euren denbora kontrolatzen dute.
  5. Iraganeko esperientzietan jasandako mina pasatzen da eta ikasitakoa gelditu.
  6. Ez duzu sufritzen txikikeriekin.
  7. Postrea jaten duzu lehenengo.
  8. Siesta egiten duzu.
  9. Gauza berri batzuk ikasteko lotsarik ez.
  10. Jende gazteagoa prest agertzen da zeuri laguntzeko objektu astunak jasotzen.

“Nahiago dut hilda egotea 45 urterekin ‘Satisfaction’ kantatzen ibiltzea baino.”

Mick Jagger.

Pilula urdinak

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Humanizazioa, Literaturan

pilulaurdinakSuposatzen dut 40 urtetik aurrera jendeak ekiten diogula liburuak berrirakurtzeari. Neuk behintzat bai. Gazteleraz ez dakit zehazki noiz irakurriko nuen, baina ordurako garai berriak ziren HIESdunentzat, etorkizuna erabat aldatuta, Mendebaldeko mundu honetan behinik behin. Lehenago heriotza zen kasu gehien-gehienen ortzemuga (eta oraindik bada Afrika beltzean eta munduko hainbat eta hainbat tokitan). Baina gauzak asko aldatu dira urte hauetan guztietan geurean.

Frederik Peetersen komikiak hori islatzen du lehenik eta behin. Baina baita bikote heterosexual baten harremana ere, emakumearen semearen aita gizon hori ez denean. Beraz emakumearen seme txikiaren eta bikotekidearen arteko hartu emanek ere garrantzia daukate istorioan.

Baina borobiltzeko, eta osasungintzaren humanizazioa aldarrikatzen dugun honetan, pasarte bat dago hona ekarri nahi dudana. Emakume HIESdunaren medikua eta bikotekidearen arteko harremana alegia. Edo protagonista arrak medikuoi buruz pentsatzen duena:

Batzuk halako harrokeria axolagabe batez bildu ohi dira, beste batzuk hipokrisiaren muga-mugan dagoen gehiegizko arretaren atzean ezkutatzen dira…

Baina hemengo hau oso begikoa dut… Ez du bere burua oso serio hartzen, gorabeherak izaten ditu, bihozbera ematen du, eta uste dut Catik eta biok asko zor diogula.

 

Aste honetan

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Humanizazioa, Sarean, Zineman

baleagetariaHitz egin genezake aste honetan egunkarian argitaratutako artikulu mamitsuari buruz, “Ez dira oheburuan ahituko” , Arantxa Iraolak idatzitakoa eta Larraitz Chamorroren kasu lazgarria jasotzen duena, eta Mabel Marijuan, Iñaki Olaizola eta Alberto Melendez adituen iritziak plazaratzen dituena. Hitz egin genezake eta berba egin beharko genuke eutanasiaz eta lagundutako suizidioaz. Momentuz geldituko gara Miren Amurizak idatzitako artikulu ederrarekin, “Txoria txori”:

“Indarkeria deritzogu norbaiti, bere borondatearen kontra, bizitza kentzeari. Zer besterik esan liteke norbait, bere borondatearen kontra, bizirik egotera behartzeaz?”

Hitz egin genezake aste honetan ere ikus-entzun dudan dokumental sorta liluragarriari buruz (eskerrik asko Gabi Heras beste behin ere), “Human” izenburu xumea duena baina alimaleko lan handia izan dena. 3 bolumenetan banatutakoa, ordu bat eta erdi ingurukoa bakoitza, ikus-entzun ahal izan dudana aste honetan gripea edo dena delakoari esker (!). Yann Arthus-Bertrand-ek 3 urtez egon da proiektu honetan, 2.000 pertsona inguru elkarrizketatuz 60 herrialdetan eta hainbat hizkuntzatan. Zuzendariak curriculum bikaina dauka hartutako irudi ikusgarriei esker, eta ederko islatzen da lan honetan. Izan ere, zerk egiten gaitu gizaki? Maitasunak, indarkeriak, sexuak, zoriontasunak, …?

Edo hitz egin genezake aste honetan Getariako moilan agertu den baleari buruz, animalia hauek gizakiongan sortzen duten lilurari buruz historia guztian zehar aspaldiko garaietatik, zirrara antzinakoa, sakona, haurtzarortik datorkiguna eta euskal kostaldeko hainbat armarritan irudikatuta dagoena. Herman Melville idazlearengan sortu zuen lilura bera da azken finean (“Moby-Dick”, 1851), Niki Caro zinema zuzendariarengan (“Whale Rider”, 2002) edo Lander Garro blogariarengan (“Balea Getarian”).

 

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar