You are browsing the archive for 2017 March.

Hitz egin dezagun bizitzaz

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Dolua, Humanizazioa

deathcafeSexua zen debekatutako esparrua eta tabu handia duela hamarkada batzuk. Orain agerian dago, eta bere partez bizitzaren beste arlo batzuk ordezkatu dute. Heriotza da horietako bat, postmodernismoaren lizunkeria berria. Beste gauza itsusiekin batera ezkutatzen saiatzen garena, plazerra ematen ez dutenak, estetikoki atseginak ez direnak. Zahartzearen prozesua moduan. Soberan dauden gauzak, ukatzen ditugunak, euria bera bezala hainbatentzat…

Hala ere, hutsalkeria guztien azpian egarria egon badago, eta handia gainera. Azken urte hauetan konprobatu ahal izan dut: leku askotan sartzea bortitza izango zen modu berean, naturala eta erraza da jarioa beste bazter batzuetan. Bazterrak beti ere, baina gizartearen zati biziak direnak. Heriotzari buruz hitz egiten dugunok bizidunok garelako, bizirik gaudenok. Dolutik, filosofiatik, espiritualtasunetik, literaturatik, artetik, musikatik, zinematik.

Eta umoretik. Pasa den astean konprobatu genuen Zarautzen, jende biziak osatutako herri bizian. Umoretik ere bai. Infusio, kafe eta bizkotxoen artean, oso jende desberdina batu ginen. 6 osasungileak ginen, baina 8 ez. 7 emakume eta 7 gizon, emakumezkoen presentzia nagusia oraingo honetan berdinketa batean amaitzen. 50 urtetik beherakoak eta hortik gorakoak kopuru berdinean egon ginen presente, azken hauen ohiko nagusitasuna ezerezean geldituz. Komunitate budista batetik etorri ziren, parrokia batetik, esoterismoaren mundutik, minbiziaren atzaparkadetatik (orainaldian bete-betean), kaleko normaltasunetik.

H-ren mugimendukoek eman ziguten bultzada Amaiari eta bioi hau martxan ipintzeko, eta orain indarrarekin gelditu gara beste saio bat herrian antolatzeko. Gasteizen ere gauza bera gertatu da. Eta munduan zehar, dirudienez, ere bai.Tabuak erakargarriak izango dira azkenean, gauza lizun guztiak bezala, hori izango da. Norberaren arrazoi guztiekin batera.

#hitzegindezagunheriotzaz

Info+: Zarauzko saioaren lapurpen bideoa

“Bizikidetza erein…

%A %B %e%q, %Y in Antzerkian, Literaturan, S(u/a)minetik bakera

nafarroako bake jardunaldiak… Begiratu bat artearen bidez.” Izenburu ezin erakargarriagoa dute Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideei buruzko jardunaldiek, Nafarroako Gobernuak Baluarte Jauregian antolatutakoak martxoaren 23tik apirilaren 6a arte, 19:30etako ordutegian, Iruñean.

Agendan apuntatu ditut bi ekitaldi: martxoaren 30ean “La defensa de las víctimas y la paz desde la literatura” izango den mahai-ingurua. Gabriela Ybarra, Luis Garde eta Ion Arretxe aurreikusita zeuden parte hartzen, eta moderatzaile moduan Aingeru Epaltza. Heriotzak hala ere partaideetako bat harrapatu du egun hauetan, Ion Arretxe alegia, eta norbaitek ordezkatuko du ziur aski egun hartan.

Bigarren ekitaldia aspaldiko partez ikus-entzuteko gogoa neukan “Adiorik gabe” antzezlana da, Mireia Gabilondok eta Teresa Calok zuzendutakoa eta Donostiako Kultura Hiriburutzan iaz aurkeztutakoa. Apirilaren 1ean izango da eta espero dut joan ahal izatea. Kriston itxura ona daukate biek ala biek.

S(u/a)minetik bakera.

Muturreko erresilientziaz

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera

victorfranklInfernutik bizirik ateratako pertsona batek idatzitako liburua pasatu dit Aitor Monje lagunak: “Gizakia zentzuaren bila”, Victor Franklena. Nazien garaiko kontzentrazio-esparruen moduko muturreko bizipen latzak bakarrik gainditu daitezke muturreko erresilientziaz, Vienako psikoanalista ospetsuak egin zuen bezala. Sufrimenduak eta sakrifizioak barneko hazkuntzarako eta duintasunerako bidea erakutsi dezaketela baieztatzen du, eta konparazio eder bat egiten du preso judutar haien eta bizitzaren azken fasean dauden gaixo terminalen artean. Azken finean, eta izenburuak iradokitzen duen moduan, bizitzaren zentzua eta esanahia topatzeko bidea.

Liburuak, gordintasunaren erdian, oso tonu didaktikoa du. Eta azpimarratzeko tarte ugari baditu ere, post honetara pare bat bakarrik ekarriko ditut, adibide gisa:

“Giza onberatasuna topatu daiteke giza talde guztietan, gaitzesgarriak diren horiek ere barne. Giza talde horien arteko mugak lausotu eta bata bestearen gainean nahastu egiten dira sarritan. Ez ditugu gauzak sinplifikatu behar esanez batzuk aingeruak zirela eta beste batzuk deabruak”.

“Nor da, benetan, gizakia? Gas ganberak asmatu zituena da, baina baita ganbera haietan sartu zena pauso irmoz eta otoitz bat xuxurlatuz.”

 

Jackie

%A %B %e%q, %Y in Dolua, S(u/a)minetik bakera, Zineman

jackie Pablo Larraín-ek zuzendutako eta Noah Oppenheim-ek idatzitako film honetan dolu bat baino gehiagoren islada agertzen da. Nabariena, John Fitzgerald Kennedy hilketaren ostean Jackie Kennedy-k bizitakoa da, pelikula guztia betetzen duena, eta lehenengo egun traumatiko haiek islatzen dituena. Emakume hark emozioak zelan kudeatu izan zituen erlojuaren kontra, mundu osoak berarengan begiak ipinita zituenean, bi umerekin, AEBetako presidentearen emaztea izatetik emakume alarguna izatera, aginte kargurik gabe, Etxe Zuritik atera behar izaten gainera.

Emozioak kudeatu eta erabakiak hartu. Shock egoera hartan. Goi mundu hartan, jendea berarengana hurbildu barik, hitz egin beharra baina jenderik ez berari entzuteko. Senarraren anai bat izan ezik, Bobby Kennedy alegia, bera agertzen da pelikulan Jackie-ren pertsonarik gertuen moduan. Berak lagundu eta entzuten dio. Nahiz eta momentu batean, Jackie babestu nahian, egia ezkutatzen saiatzen den. Une kritiko batean non Kennedyren usteko hiltzailea, atxilo eginda, hil egiten duten telebistaren aurrean. Bere senarraren usteko hiltzailearekin hitz egiteko prest zegoenean, ulertu nahian, mina arindu nahian.

Jackiek hartu zuen erabaki potolo horietako bat senarraren aldeko hiletaz izan zen. Agur esateko modua erabat ezohikoa eta intimotasunetik at antolatu zuen, mundu guztiaren aurrean. Pelikularen une garrantzitsuetako bat da zalantzarik gabe. Detaile hauek eta beste hainbat kontatzen dio pelikulan kazetari bati, elkarrizketa ofizial batean non kontu batzuk argitaratzen uzten dion eta beste batzuk ez. Duintasun osoz.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar