You are browsing the archive for 2017 May.

Aitajauna

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Oroimenean, Zaintzaileak

ikazkinaMenditerapia: Naturan zeharkaldiekin gozatu, tontorrez tontor gorputza eta arima elikatuz. Gauza gutxi bururatzen zaizkit hau baino betegarriagoak, laneko geure ur handietatik kanpo.

Beste garai batean, mendia bera zen ogibide. Eguraldi kontuak gaurko modu obsesiboan begiratu barik, benetako hotza, benetako lainoak eta benetako elurra eta euria zeudenean. Hori guztia egunez eta gauez, txondorra zaintzen adarrekin eta belarrarekin egindako etxoletan lo egiten (edo), orain ditugun arropa termikoak eduki barik.

Hizkuntzak ikasteko, hegazkin batean montatu ordez, mandoa hartu eta Elgeako mendilerroa zeharkatu Araba aldean gaztelania deskubritzeko. Elizmutil, abeltzain, ikazkin, senarra, aita, anaia… Desberdin bizi eta hiltzen da hirietan eta herrietan, ospitalean edo etxean, kalean edo baserrian. Kasu batzuetan oraindik ere horrela gertatzen da, zorionez. Familia alboan eta bikain zainduta, herriko medikuaren laguntzaz, historian beti izan den moduan. Baretasunez, naturaltasun osoz, dotoreziaz. Bizi izan zaren moduan hil, zirkulua osatuz.

Gainera maiatzaren egun seinalatu batean. Bestela ere ez ginen ahaztuko, baina horrela are gutxiago.

 

Zorioneko zoramena

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Humanizazioa

granadaUrte bat igaro ostean, HUCI proiektuaren bigarren jardunaldietan geure aulki hutsak Bartzelonan berriro egon eta gero, zorioneko zoramen honetan ostera ere parte hartu dugu AH eta biok. Oraingo honetan bete-betean, egitasmo honen atzean eta inguruan dauden hezur eta mamizko pertsonak ezagutuz, Granadan: Gabi Heras, José Manuel Velasco, José Carlos Igeño, Ruth Molina, Alfredo S Moraza, Mamen Segovia, Meritxell Naranjo, Enric Benito, Joan Carles March, Virginia Ruiz, … Gainera berriz ere topatu dut Jose Ignacio Ricarte aspaldiko laguna Ibizatik eta Leticia Ruiz granadarra, mediku humanista, lankidea izandakoa eta konplizea, Gasteizko taldea Iñaki, Elena, Patxi eta Esperanza. Baita ezagutu dudan jende berria ere.

Sinpletasuna azpimarratuko nuke lehenik eta behin. Bestelako osasun biltzarretatik urrun, sinpletasuna, naturaltasuna eta gertutasuna izan dira jardunaldi hauetan sumatu ditudan ezaugarri nagusiak. Formatu honen barruan, pasa den martxoaren 23an ekimen masiboan parte hartutako Death Cafe guztien kartelak erakutsi zituzten, tartean Zarautzekoa eta Gasteizkoa.  Leticia RR-ren “Límites” argazki erakusketa ere ikusi ahal izan nuen. Eta jardunaldien mamiari dagokionez, Joan Carles eta Bimbelak egindako sarrera hitzaldia, ZIUetatik pasatutako gaixoen testigantzekin osatutako mahai inguru hunkigarria. Emergentzietan, Pediatrian, Onkologian, Neurologian eta Nefrologian dauden ekimen batzuk, humanizazioarena arlo guztietako kontua delako. Musikoterapia ZIUetan, erabat zoragarria. Pazienteak bentilatzeko beste modu zoro bat. Eta errukia HU-CIn.

Lehenengo egunean, 6 tailerren eskaintzaren barruan doluari eta aurretiazko borondateei buruzkoa eman genuen María Escudero eta biok. Ia-ia beteta eduki genuen gela, gehiengo absolutua erizainak zirela, gehienak emakumezkoak, andaluziarrak, ekialdekoak edo mediterranearrak, eta Intentsiboetako esparrukoak. Solasaldi mamitsu eta luzea gozatu genuen, eta post scriptum moduan Miguel Hernandezen poema elegiakoa lagatzen dizuet. (Gràcies Lluís! ).

 

 

Errukia

%A %B %e%q, %Y in Humanizazioa, Osatzetik Arintzera, S(u/a)minetik bakera

errukiaErrukitu gaitezke diktadore txiletar batekin, eta ontzat eman bizitzaren azken hilabeteak kartzelatik kanpo pasatzea. Hilabete horiek zenbat diren kontuan hartu gabe. Gaixotasun sendaezina eta aurreratua kontuan hartuta. Gure buruari galdetu barik ea pertsona hori inoiz errukirik sentitu zuen beste milaka pertsona horiekin, hildako haiekin guztiekin, desagertutakoekin, torturatuekin. Ez dakigu berak inoiz sentitu zuen gupidarik edo antzeko zerbait, damurik. Ea sekula barkamena eskatzea burutik pasatu zitzaion noizbait, edo behin burua galduta bere senide edo gertuko baten bati.

Badakiguna da gu(tako batzuk) gai izan garela erruki minimo bat sentitzeko diktadore txiletar horrekin, edo estatu kolpea emandako guardia zibil batekin, edo terrorismoaz akusatutako beste guardia zibil horrekin. Ideologia begiratu barik, zein lubakitan zeuden (geunden) kontuan hartu gabe. Gutxieneko gupida guk.

Ez dakigu Josu Uribetxebarria inoiz errukitu zen bere biktima izandakoekin, damua sentitu edo barkamena eskatu ote zuen. Berdin Oier Gómez-ekin. Horrela, izen-abizenekin. Badakidana da gupidagabe agertzeak pertsona batzuekin eta beste batzuekin ez, ideologiaren arabera, asko urruntzen gaituela profesionaltasunetik, gizalegetik, praktika onetatik, humanizaziotik, zainketa aringarrietako funtsetik azken finean.

Bai, gutaz ari naiz.

 

 

Poz aldrebesa

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Dolua, Literaturan, S(u/a)minetik bakera

pozaldrebesaGiza harreman (homosexual)en korapiloak, galerek sortutako sentipenak, dolua oso presente dago lehenengo orrialdeetatik liburu honen hondoan (eta azalean). 1980. hamarkadako Bilbo dago galdutako osagai horien artean, askori nostalgia ekartzen diguna, era pertsonal eta desberdinetan noski. Gainera, modu jostarian, egileak begiratzen die gaur egungo ikuspuntutik iraganaldiko elementu horietako batzuei. Azken finean osasuntsua den bidea hartuta, doluarena hain zuzen ere.

Juanjo Olasagarre (“Mandelaren Afrika”, 1998; “Ezinezko maletak”, 2004) ezagutu nuen zuzenean duela 2-3 urte, Botxo maitean. Mahaia konpartitu genuen eta pasatu nintzen bere irakurlea izatetik interlokutorea izatera. Atsegin handiz, afari eta afariondoko hartan luze egon ginen galeren inguruan, heriotzari buruz ere bai noski, baina beste zentzu bat bilatzen ari zen Juanjo lan honentzako dokumentatzen ari zenean. Orain deskubritu dut zer: Oroimena galtzeak ekartzen duen despertsonalizazioa da liburuaren gakoetako bat, baina kasu honetan ez (G)altzheimerrak eragindakoa, baizik eta adin ertaineko gizon bati bularreko infartu batek ekarritakoa. Hor ere ondo dokumentatzen ibili da gizona, eta horren gainean harilkatu du literatura lana, Iruñea eta Bilbo artean kokatutako istorioa.

Irribarrez ikusi dut zelan bihurtu duen benetako dokumental bat fikziozko beste bat. Eta irribarrez diot “Aulki Hutsak” bilakatu duelako euskal gatazka politikoari buruzko “Dolutan”, hain zuzen ere momentu hauetan biktima biren dolu prozesuak aztertzen ikus-entzunezko beste proiektu bat prestaketetan gabiltzanean Aitor Mudoh laguna eta biok. Bizitza zer den. Fondoan antzeko kezkak ditugu denok, eta bakoitzak aukeratzen du zelan adierazi, nola kanporatu. Hizkuntza aukeratzen dugu, edo hizkuntzak aukeratzen gaitu. Literatura, musika, antzerkia, zinema.

“Poz aldrebesa” (Susa, 2017) Donostian aurkeztean berriro konpartitu dugu mahaia Juanjok eta biok, zarauztarren eta zarauztarrak ez direnen konpainia onean, berriro ere atsegin handiz.

Bizi gara!

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar