Itsasoak eta zeruak

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, MikroIpuinak

botilamezuarekinItsasoko korronteak, mareak eta ordutegiak ondo ezagutzen ditu mezua botilaren barruan bidali zidan pertsonak. Esandako egunean iritsi zitzaidan, harrigarriki puntual, eta berak emandako instrukzioei jarraituz igorri nion bueltan erantzuna. Baietz, prest nengoela ozeanoa hegoalderantz zeharkatzeko.

Hegazkinean harritu zidan pertsona bat tabakoa erretzen ikusteak, patxada ederrean. Inguruan begiratu eta inor ez zegoen esnatuta, erretzailea eta biok kenduta. Azkenean iritsi eta mezuaren igorlea ezagutu nuen, nahiz eta lehenengo aldia izan aurrez aurre elkar topo egiten genuela. Uharte hartako beste biztanle askorekin batera pantailaren aurrean eseri ginen, eta pelikula ikusi, entzun eta irakurri genuen. Jakina, ondorengo solasaldia eta igandekoa. Eta mahaia konpartitzea. Bere etxeko atea zabaldu zidan, “lasai egingo duzu lo hemen.”

Bigarren egunean, hango mendiko errepideetatik txango atsegin bat egin genuen, beroa gora-behera. “Hau probatu behar duzu”, esan zidaten. “Hemen bizi ziren gure arbasoak, sakan eta kobazulo hauetan lurperatuta daude. Eta han atzean dauden harkaitzak ikusten dituzu? Haiek ere sakratuak ziren”. Harritu nintzen zuhaitzekin, ez nituen paisaia haietan gaztainondoak espero. “Laster iritsiko gara kostaldera berriro, eta hor behean haize freskoaz gozatuko dugu”.

Konspiratzeko lekua primeran aukeratuta zegoen biharamunean. Infutsioak eta konfutsio arina. Hor ez zegoen izpiriturik, “soseguz hitz egin dezagun heriotzaz”. Eta topa egin genuen, bizitzaren alde, hondartza haren ondoan. Iparraldekoak gehiago gustatu zitzaizkidan hegoaldekoak baino. Hala ere, beti dago bazterren bat jendetzatik urruti, eskerrak emateko eta agur esateko.

“Hurrengoan nik bidaliko dizut beste mezu horietako bat, baina hegazti baten bidez, V andereñoa”. Haizeak, hodeiak eta egutegiak ondo ezagutzen dituen horietako bat.

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar