You are browsing the archive for 2017 August.

Moebius hemen

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

moebiusAutobusetik jaitsi eta kontrako espaloian adineko emakume goiztiar bat ikusi nuen, ezpainetan zigarroa, 40ºC 07:55etan. 80 urte inguruko andre erretzailea atzean utzi, izkinan bira hartu eta urrunean soinu erritmiko bat hasi nintzen entzuten, kolpe lehor azkarrak, pilotaleku ondoko parketik zetozenak, tak-tok, tak-tok, tak-tok. Parkera ailegatzean, ping-pong mahaian serora bi elkarren aurka zebiltzan goizeko ordu harrigarri hartan.

Aurrera jarraitu nuen, hala ere, eta ibaira hurbildu nintzen. Eta hango ikuskizunak are gehiago utzi ninduen ahoa bete hortz: Ibaiaren ibilgua erabat lehorra zegoen, urik ez zen hortik igarotzen aurreko egunetan, asteetan, hilabeteetan eta urteetan bezala. Ez zegoen ahaterik edo arrainik, eta korrika joan nintzen kaleaz bestaldera, beste ibaia ikustera. Hori ere siku-sikua. Mendeetan eta mendeetan zehar bi ibaiek etengabean bat egin eta itsasorunzko bidea hartu eta gero, ikuskizun irrealak lortu zuen urduri ipintzea.

Urratsa azkartu nuen, ospitalera arrapaladan sartu eta, han barruan, panorama ez zen lasaigarriagoa. Segurtasun-zaintzaile kankailua topatu nuen xake partida  batean murgilduta bere arreta guztiarekin. Bere aurrean ume bat zegoen eta, bere besotxoan, hodi bat eta hodiaren jarraipena plastikozko poltsa bat gako batetik eskegita. Zalantza izpirik gabe, kimioterapia. Izua kontrolatu nahian, bihotza taupaka, igogailua deitu nuen. Segundu batzuk geroago, minututzat hartu nituenak, ateak zabaldu ziren, eta hor barruan artalde txiki bat zegoen sartuta. Ez zegoen denborarik egoera absurdo horretan zentzua bilatzeko, ardien artean sartu nintzen eta botoiari sakatu hirugarren solairuraino. Korrika zeharkatu nuen korridorea eta izerditan sartu geure bulegoan. Inor ez zegoen, ezer ez zegoen, ez ordenagailurik, ez aulkirik edo altzaririk. Ezta telefonorik ere, norabait deitzeko, norbaiti. Korridorera itzuli nintzen, ez nuen ikusi nahi hor kanpoan zegoena, baina beste erremediorik ez neukan.

Pazienteen geletan ez zegoen ohiko jende zaharra oheetan edo besaulkietan. Oherik eta besaulkirik ez zegoen eta, atso eta agureen ordez, ume gaixoak zebiltzan animaliekin batera, oreinkumeak, basurdekumeak, katakumeak eta haurrak elkarrekin jolasten anabasa alaian. Eldarnio horren barruan ez nuen espero erizainik edo zelaririk topatzea. Sendagileek ospitalea abandonatu zutela argi neukan. Eurek lagatako tokian, albaitari talde batekin topo egin nuen eta geldi-geldirik geratu nintzen pasilloaren erdian. Hurbiltzen hasi ziren neuregana, kontu handiz.

Ezin nien ezer esan, ahotsik gabe geldituta, horietako baten eskuan xiringa bat, animalia handiekin erabiltzen den horietakoa. Hiru solairu beherago segurtasun-langilea egongo zen, nolabait.

 

P.D. Veratrum; P.D.’ Moebius.

Olibondoen eta errautsaren erresuma

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera

olibondoaLiburuak irakurtzeko garaia da uda aldia, eta aurten ondo nabil aprobetxatzen atsedenaldiak. Ikus-entzunezko proiektu berrian bete-betean sartuta, opor garaia izan arren, esku artean dudan liburua oso lotuta dago geure egitasmoaren izpirituarekin. “Kingdom of Olives and Ashes”  (Harper Collins, 2017) nazioarteko hainbat idazlek egindako istorio bilduma potoloa da, “Palestinako okupazioaren aurkako autoreek” idatzitakoa alegia, besteak beste Colum McCann, Jacqueline Woodson, Colm Toibin, Geraldine Brooks, Dave Eggers, Hari Kunzru, Raja Shehadeh, Mario Vargas Llosa eta Assaf Gavron.

Testuak ez dira fikziozkoak, estetikoki modu batekoak edo bestekoak dira, garbiagoak edo korapilotsuagoak, eta denek daukate amankomunean arima bat, askok ezinezkotzat ematen dutena, 50 urteko gatazka luzeak (eta aurretik zetorren guztiak) lagatako suntsipen, indarkeria, porrot egindako bake-itun, gorroto, heriotz eta hondakin guztiak direla-eta. “Ezinezko izpiritu” hori, hala ere, hauspotu nahi du liburu honek, atzean dituen herritar temati guztien gorazarrez. Eta denen buru, 2004an sortutako “Breaking the Silence” elkarte bakezalea, Shovrim Shtika hebreeraz, Israelgo soldadu ohiek osatutakoa eta euren herrialdeko armadak eragindako terrorea eta justizia eza salatzen dituena. Liburu honi esker jakin dut elkartea martxan dagoela oraindik, oztopo guztien gainetik, eta hori bakarrik mirari handi bat iruditzen zait. Vargas Llosak onartzen duen moduan, “los justos” edo justiziaren alde dagoen israeldar jendea ez da gai izan azken urte hauetan hauteskundeak irabazteko. Hedabideetatik hango informazioa nahiko ezabatuta dugun arren, tentsioak tinko dirau “Agindutako Lurraldean”. Baina bada zerbait kandela piztuta mantentzea.

Susiya, Jenin, Nablus, Hebron, Ramallah, Betleem, Jeriko, Jerusalem… Txikitako oroitzapenak pizten dituzten izen bibliko horiek guztiak, Jordanen mendebaldeko ibarra, olibondoen eta errautsaren erresuma. Zisjordania eta Gazako populazioaren artean dauden ekintzaile suizidek eragindakoak pantailetan ikusi ditugu urte hauetan guztietan, “Paradise Now” pelikula gogoangarrian ere bai. Al-Fatah, Hamas, Mossad, buruan izen ezagunak ditugu urtez urte entzundako albisteengatik. Baina orain irakurtzen ari naizen liburuan bestelako kontzeptuak azpimarratzen dituzte, hain zuzen ere erresilientzia, erresistentzia eta mugarik gabeko pazientzia, apartheid postmoderno honetan bizirik ateratzearen artea. “Israel-Palestina” utopia handi hartan.

 

Morfinari uko egitea

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, Osatzetik Arintzera

ionaheathMari Karmenetaz gogoratu naiz, ezinbestean. Eta gogora etorri zait Maider ere bai, eta itzuli naiz jaiotza eta heriotzaren arteko paralelismoetara. Epiduralari uko egitea erditzearen kontrola edukitzeko, sentsazio guztien jabe izateko, bizitzan oso gutxitan (behin, birritan, hiru aldiz?) gertatu ahal zaizun bizipen kardinal hau %100ean sentitzea… Bizitzaren hasieran planteamendu hau ez da gehienek aukeratzen dutena geure Lehen Munduan, mina kentzeko bide azkarra eta arrisku txikikoa daukagunetik emakume mendebaldar gehienek epidurala hautatzen dute.

Eta bizitzaren amaieran? Iona Heath  familia mediku britainiarrak (argazkian) antzeko zerbait proposatzen du “Ayudar a morir”* (Katz, 2008) liburuan, “Vivos hasta la muerte” atalean: behin bakarrik hiltzen gara, eta aukera eduki behar dugu bizipen garrantzitsu hau nahi dugun moduan edukitzeko, baita morfinari uko egiteko ere. Mina sentitzea bizirik sentitzea denez, eta ezabatutako minak ordea adimen zentzu asko desagerraraztea dakarrenez. Beste aukera bat da, egia esan neuk orain arte oso kasu bakanetan somatu dudana. Beste aukera bat, eutanasia edo lagundutako suizidioarena bezala, planteatzen duena mina eta sufrimendu handiak sentitzen hasi baino lehen, autonomia funtzionala galdu baino lehen, bizitzarekin amaitzea. Oso klabe ezberdina, bistan denez.

Izan daiteke, eta planteamendu hauen aurrean zabalik eta prest egon behar gara, soseguz hartutako erabaki guztiak errespetatzeko betebeharra dugunez. Neure ustez gutxiengo batek planteatuko dizkigute horrelakoak, hala batzuk nola besteak, eta gaixo eta familia gehienekin zainketa aringarrien filosofiarekin lan egin ahal izango dugula normalean. Beraz, zergatik eduki behar diogu beldurra eztabaida honi?

“Kenyan gaixoek azaltzen dute euren nahia hiltzeko euren buruak minetatik askatzeko, bitartean Eskoziako gaixoen hil nahia lotuta zegoen tratamendu medikoaren alboko eraginekin.”

(“Dying from cancer in developed and developing countries”. S.A. Murray et al.BMJ, 2003. Vol. 236; 368-371.)

Esker mila, Nerea, liburua uzteagatik. Ikasten jarraitzen dugu.

 

*”Jatorrizko izenburua: “Matters of life and death. Key writings”.

Mendiak bere itzala zabaltzen duen eremua

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Literaturan, Mendian Hil Hirian Hil

mariacoffeyUdako irakurketak ez dira beti arinak izaten. Ez duzu beti itsasoa aukeratzen. Batzuetan mendia tokatzen da, eta batzuetan mendia ez da izaten bizitzarako leku atsegina eta sendagarria. Aldi batzuetan heriotza eremua da, harrizko hilerria edo hilarria.

Duela urte batzuk Ramon Olasagasti gipuzkoarraren “Mendiminez” (Elkar, 2009) irakurri nuen, gero etorri zen Jorge Nagore nafarraren “Los 14 de Iñaki” (Saga, 2011), Juanjo San Sebastian bizkaitarraren “Cita con la cumbre”  (Desnivel, 2005) eta azkenik  Maria Coffey britainiarraren hau,“Where the mountain casts its shadow. The dark side of extreme adventure” hau, gazteleraz “Los zarpazos de la montaña. El lado oscuro del alpinismo extremo” (Desnivel, 2004).

Ugari dira liburuaren hariak, baina azpimarratu ditut pasarte hauek, lotuta daudenak muturreko mendigoizaletasunaren ezaugarri komun batzuekin: “Beti-gazte”  jarrera, sakon eta mugan bizitzekoa, arriskuaz elkarbizitzekoa, perfekzio uneak esperimentatzekoa, altuerako “mindfulness”  erabatekoa, espiritualtasunarekin modu batean edo bestean bat egiten duena, hilezkortasun fantasiatik hurbil:

“Adolescencia perpetua. Eterna juventud. Pese a sus críticas al ‘puer aeternus’, Marie-Louise Von Franz admite que tales individuos suelen irradiar un entusiasmo que revitaliza a las personas que tienen a su alrededor. Si se les obliga a crecer y a aceptar las cosas ordinarias de la vida, es inevitable que pierdan esa parte de exuberancia: “¿Cómo puede uno crecer sin perder la sensación de totalidad y de creatividad, de estar realmente vivo, que uno tiene en la juventud?”.

“Entonces tus sentidos se ponen en marcha de una manera que nunca habías experimentado. Todo tiene que ver con el riesgo: si la cagas, tienes muchas posibilidades de matarte. Catherine Mulvihill denominó tales situaciones como sus ‘escasos momentos de perfección’.”

“El maestro espiritual Ivanovice Gurdjieff describió la efímera sensación de estar completamete vivo como “un momento reintegrativo”. En budismo zen se alcanza a través de la meditación, y se llama ‘kensho’, o momento de sentirse uno con el universo. En el cristianismo es el concepto de aparición o epifanía, momento en el que se manifiesta Dios. Para Reinhold Meissner, “antes de alcanzar el campamento base, cuando sólo se ha hecho la mitad del camino de regreso a la civilización, al final de los peligros, ¡ése es el momento!”.

 

PD.- Mila esker Jorgeri bere gomendioagatik.

Hamarkada bat

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Dolua, Oroimenean

lindholmhojeGustua bidaiak prestatzeko, bizitzeko eta gogoratzeko, hiru momentuak dastatzea. Hizkuntzak erabiltzea, janari ezohikoak dastatzea eta usaintzea, lekuetako irratiak entzutea, giza patroi desberdinei begiratzea. Hala baseliza txikiak nola katedrala erraldoiak bisitatzea. Monasterioetako edo klaustroetako babesa sentitzea. Eta lainoekin eta euriarekin ez izutzea, are gehiago maitatzen ikastea.

Txikitako bidaia luze horiek, Gaztelatik Euskal Herrira eta alderantziz, leihoetatik zeru horiek, errepidean kamioiak eta kamioiak. Eta musika klasikoa*, ezaugarri nagusia, aukeran barrokoa. Mocedades eta  Oskorri ere bai, haurtzaroko diasporako soinu banda. Geure umeentzat, bidaien oroitzapen musikalak Petti eta Ruper Ordorika izango dira beharbada, eta klasikoa ere fondoko teloian ibiliko da, katearen jarraipena.

Hori guztia eta hainbat gauza gehiago utzi zidan bizi ondare moduan aitak. Oroitzapen moduan betiko eramango ditut nirekin, aurten Danimarkaraino. Baloreak ere txertatuta ditut eta eurak ere beti nirekin eramaten saiatzen naiz. Eta horietako batzuk hain zuzen ere pelikula daniar batekin islatzen dira. Nazioarteko kooperazioa adibidez, filmean agertzen den dramatismorik gabe, zorionez. Mediku profesioa, minbizia eta heriotzarekiko harremana, dolu pertsonalak kudeatzea, aita moduan sarritan daukagun lan nekeza. Ederki islatzen dira “Haevnen / In a better world” Oscar saridunean (Susanne Bier, 2010). Minbizia eta heriotza, uztailaren 22an hamar urte bete dira. Ordutik bi jaiotza, Ilazki eta Aiorarenak etorri dira, eta beste heriotza bat, amarena, minbiziarengatik berriro ere.

Badago beste pelikula danimarkar bat zerrendan, honekin guztiarekin bat egiten duena eta hango paisaiak eta isiltasunak ondo islatzen dituena, “Stille hjerte / Silent heart” (Bille August, 2014), eutanasiaren ingurukoa eta Donostiako Zinemaldian urte hartan aurkeztu zutena.

Alberto Peña Iturria (1942-2007). In memoriam.

PD.- Argazkian, Lindholm Hoje hilerri bikingoa. Aalborg inguruan.

*Adibidez Carl Nielsen, Symphony 4. Daniar ezagun bat aukeratzeagatik.

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar