Moebius hemen

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

moebiusAutobusetik jaitsi eta kontrako espaloian adineko emakume goiztiar bat ikusi nuen, ezpainetan zigarroa, 40ºC 07:55etan. 80 urte inguruko andre erretzailea atzean utzi, izkinan bira hartu eta urrunean soinu erritmiko bat hasi nintzen entzuten, kolpe lehor azkarrak, pilotaleku ondoko parketik zetozenak, tak-tok, tak-tok, tak-tok. Parkera ailegatzean, ping-pong mahaian serora bi elkarren aurka zebiltzan goizeko ordu harrigarri hartan.

Aurrera jarraitu nuen, hala ere, eta ibaira hurbildu nintzen. Eta hango ikuskizunak are gehiago utzi ninduen ahoa bete hortz: Ibaiaren ibilgua erabat lehorra zegoen, urik ez zen hortik igarotzen aurreko egunetan, asteetan, hilabeteetan eta urteetan bezala. Ez zegoen ahaterik edo arrainik, eta korrika joan nintzen kaleaz bestaldera, beste ibaia ikustera. Hori ere siku-sikua. Mendeetan eta mendeetan zehar bi ibaiek etengabean bat egin eta itsasorunzko bidea hartu eta gero, ikuskizun irrealak lortu zuen urduri ipintzea.

Urratsa azkartu nuen, ospitalera arrapaladan sartu eta, han barruan, panorama ez zen lasaigarriagoa. Segurtasun-zaintzaile kankailua topatu nuen xake partida  batean murgilduta bere arreta guztiarekin. Bere aurrean ume bat zegoen eta, bere besotxoan, hodi bat eta hodiaren jarraipena plastikozko poltsa bat gako batetik eskegita. Zalantza izpirik gabe, kimioterapia. Izua kontrolatu nahian, bihotza taupaka, igogailua deitu nuen. Segundu batzuk geroago, minututzat hartu nituenak, ateak zabaldu ziren, eta hor barruan artalde txiki bat zegoen sartuta. Ez zegoen denborarik egoera absurdo horretan zentzua bilatzeko, ardien artean sartu nintzen eta botoiari sakatu hirugarren solairuraino. Korrika zeharkatu nuen korridorea eta izerditan sartu geure bulegoan. Inor ez zegoen, ezer ez zegoen, ez ordenagailurik, ez aulkirik edo altzaririk. Ezta telefonorik ere, norabait deitzeko, norbaiti. Korridorera itzuli nintzen, ez nuen ikusi nahi hor kanpoan zegoena, baina beste erremediorik ez neukan.

Pazienteen geletan ez zegoen ohiko jende zaharra oheetan edo besaulkietan. Oherik eta besaulkirik ez zegoen eta, atso eta agureen ordez, ume gaixoak zebiltzan animaliekin batera, oreinkumeak, basurdekumeak, katakumeak eta haurrak elkarrekin jolasten anabasa alaian. Eldarnio horren barruan ez nuen espero erizainik edo zelaririk topatzea. Sendagileek ospitalea abandonatu zutela argi neukan. Eurek lagatako tokian, albaitari talde batekin topo egin nuen eta geldi-geldirik geratu nintzen pasilloaren erdian. Hurbiltzen hasi ziren neuregana, kontu handiz.

Ezin nien ezer esan, ahotsik gabe geldituta, horietako baten eskuan xiringa bat, animalia handiekin erabiltzen den horietakoa. Hiru solairu beherago segurtasun-langilea egongo zen, nolabait.

 

P.D. Veratrum; P.D.’ Moebius.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar