You are browsing the archive for 2018 January.

Gupida

%A %B %e%q, %Y in Humanizazioa, S(u/a)minetik bakera

101517-05-Mindfulness-Love-CompassionSinestarazi nahi gaituzte mina norabide bakarrean doala, emailearengandik hartzailearengana. Samina eragiten duenak ez duela horrelakorik jasotzen eta, gertatuz gero, justizia kontua dela. Biktimak eta borreroak, eta ez aldendu eskema horretatik milimetro bat bera ere ez. Sumina sentitzeko zilegitasuna dute batzuk. Besteekin gupidarik gabe jokatu behar da. Horixe da legea eta beti horrela izango da, mundua den bitartean. Etsaiari ezta urik ere.

Arrazoia dauka Enbeitatarrak, emozionalki paralizatuta gaude, erabat blokeaturik enpatiarako. Eta kasu hauetan, hoberena arnasketa ariketa bat egitea da:

Arnasa hartu, eta ekuazio posible guztiak lotzeari ekin diot: nik min egin dizut, zuk min egin didazu, hark min egin dit, nik min egin diot, egin dizuegu, egin diozu, egin diguzu, egin die, egin dizue, egin digute… eta horrela infinitura arte. Baina hain zaila ote da bestearen lekuan jartzea?
Onintza Enbeita (Paralisi emozionala, II)
Arreta hartu didate, bestela, beste hitz hauek:
Herritar baino ez dugu izan nahi, preso ohi izateari utzita
IRAko preso ohi batenak dira, Michael Culberten berbak. Irlandan eta Erresuma Batuan gutxieneko errukia egongo da inoiz horrelakorik gertatzeko? 25.000 preso ohi omen daude. Eta borrero izateari zelan uzten zaio? Zer egin barkamena eskatu bai baina bueltan jasotzen ez duzunean? Esaten dute urrikalmenduarekin hasten dela enpatia. Beharrezko urrats asko beraz ibilbide luzean.
Biktimak ere utzi behar dio neurri batean biktima izateari, eta umezurtzak umezurtz izateari, ibilbide luze horretan aurrera egin ahal izateko.

Cacharpaya

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Osatzaile zauritua

Conchita1993Izeba Conchitak 64 bat urte zeukan eta neuk 21, 1993ko udan ateratako argazki honetan. Lehendabiziko aldiz joan nintzen Ameriketara orduan, Hego Amerikara zehazkiago, Boliviara hain zuzen ere.

Txikitan izeba Conchitarena misterio handi xamar bat zen niretzat. Lehenengo oroitzapena daukat aireportura joan ginenekoa, Madrilen, berari agur esatera. Bolivian eman zituen urte mordoa, Santa Cruzeko departamenduan, Jorochito herrian, ospitale dermatologiko baten sortzaile nagusietakoa izan zen. Moja zen, Karitatearen Alaben kongregaziokoa. Eta erizaina. Misterioa handitzen zuena legen beltza zen. Gaixotasun beldurgarri hura zeukaten Jorochitoko ospitalean zeuden gaixo gehienek, eta geure izeba handiak zaintzen zituen herrialde urrun hartan. Lesaka haren jaiolekutik hain urruti.

Medikuntzako laugarren ikasturtean nengoen lehenengo aldiz bisitan joan nintzaionean, 1993 hartan. Erabateko bizipena izan zen hura, han egotea urteetan mirestutako emakume harekin: (Sor) Concepción Zubigaray Iturria. Bitxia izan zen harekin euskaraz egitea hain toki urrunean. Urte haietan gainera Xabier Azkargorta izan zen Boliviako futbol selekzio nazioanalaren hautatzailea, eta izeba harro-harro zegoen, futbola berari fondoan bost axola zitzaion arren.

Bigarren aldiz bisitatu nuen urte batzuk gerago, medikua eginda ordurako. Baina lehenengo bisitan egin nuen Medikuntzaren inguruan gauza handienetarikoa: ume bat mundura ekartzen laguntzea. Orain (ustez) kontrako jardueran baldin banago ere, pertsonak ondo hiltzen laguntzen, orduan bizipen zoragarri hura eduki nuen. Gaixo legendunak ere ezagutu nituen, noski. Eta tratamendu sendagarriak iritsi zireneko garaiaren lekukoa ere izan nintzen.

Hirugarren bisita, Maiderrekin izan zen, ezkondu aurreko urtean, 2004an. Urte gutxi batzuk geroago izeba Conchita Europara itzuli zen, Nafarroara zehazkiago, Iruñera hain zuzen ere.  Ordutik gauza askoren lekuko izan da, Evo Moralesen presidentza adibidez. Baina, beste ezeren gainetik, izeba Conchita azken hamarkada luze honetan bere munduaren gainbeheraren lekukoa izan da. Bisitaz bisita, tristeziaz baina onarpenez bere kongregazioaren kideen zahartze prozesuaz ederki jabetu zen. Baita bere makaltze propioaz ere, urtez urte zaharrago eta baxuago.

Urtarrilaren 10ean hil da, 88 urterekin, eta berarekin batera mundu oso baten itzaltzea irudikatzen dut nik. Izebak berak aurreikusten zuena, serenitate handiz. Eta sosegu hartan hil da Iruñean, beste emakume zoragarri bat ondoan zeukalarik. Caminori esker bidea beste modu batean ikus dezaket. Agurra (cacharpaya) beti tristea da, baina askoz tristeagoa izango zen inoiz izeba Conchita ezagutu ez izana. Zorte handia eduki dugu.

Hiri errukitsuak

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Bizi gara!, Humanizazioa

portuzaharraNaomi Hasson itsasoz bestaldetik itzuli da zorionez, geldirik egoteko ez, bestela garena ez ginateke izango.  Getxo Zurekin  martxan dago, besteak beste. Hiri eta ekimen gupidatsuen artean sartu da beraz itsasadar ondoko udalerria, EHko seigarren populatuena dena. Gasteiz eta Iruñearekin batera sartu da sare interesgarri honetan, zerrendan Badajoz, Sevilla, Derry, Limerick, Buenos Aires, Bogotá edo Medellín ere daudelarik.

Ostegunean Algortan egon nintzen geure Aulki Hutsekin Naomik gonbidatuta, Getxo Zurekin ekimenetik. Portu Zaharra oinez berriro bisitatu, begiratokitik Abrako kresala bizia usaindu eta itsas handiko ikuspegia zoragarria zen. Villamonteko aretora ez zen jende asko gerturatu, baina kalitatea ona izan zen. Aurpegi ezagunak eta ezagunak ez zirenak, solasaldi mamitsua. 4 urte pasa eta gero oraindik disfrutatu ahal izatea gauza handia da. Solasaldi bakoitzean ikuspuntu desberdinen bat harrapatzea, bizipen diferenteren bat, bizi gara!

Amaitzeko, duela 4 urte pasako oroitzapen bat burura etorri zait, guztiz harira datorrena: Azken ukituak ematen ari ginen dokumentalari, eta printzipioz oso atsegina ez zen tramite bat egin behar nuen. Xabier Leteren poema bat (“Otoitza”) erabili nahi genuen AH-en, eta “Elkar” argitaletxearen bidez iritsi nintzen Leteren egile eskubideak zituen pertsonarengana. Telefonoz hitz egin nuen berarekin, Toledon negoen momentu hartan, kongresu batean. Eta tramite delikatua zena, ez genekienez diru kontuekin zelan ibiliko ginen, elkarrizketa erabat atsegin bihurtu zen. Joxan Artzek poema hura erabiltzeko baimena ez ezik, bere “bedeinkapen guztiak” eman zizkidan oraindik gauzatu gabe zegoen proiekturako.

Energia hura oraindik ere bere lana egiten ari da, Joxan. Esker mila.

Kristo irakiarra

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera

hassanblasimBagdad hiri martiria. Dolu kolektibo anitzen kokalekua. Izan ziteken Damasko, edo Alepo. Baina Bagdadek ez du, zoritxarrez, gaurkotasuna galdu. Hiri martiria Nagasaki, Sarajevo edo Gernika izan ziren moduan, bakoitza haren garaian.

Hassan Blasimek idatzitako ipuinek (Ana Moralesek itzulita) garraiatzen gaituzte hiri garaikide kolpatu hartara, batzuetan era gordinean, beste batzuetan fantasiaz eta sarritan umorez. Ekintzaile suizidak, gerra garaiko bonbardaketak, muturreko islamismoa, Saddam Hussein, Jesukristo. Errealitatetik guztiz hurbil dabilen fikzioa.

Eta orain ia 3.200 kilometro egiten badugu ia lerro zuzenean ekialdetik mendebaldera, Tunisiara iritsiko gara. Gaur egunean kokatuta segituko dugu. Eta Ezezagunen hilerria ezagutuko dugu. Xams Eddin Marzugena arrantzale tunisiarrak erruki handiz egindako lan itzela, Mediterraneoan hildako 300 bat migratzaileren gorpuak jasotzen dituena. Erruki, Jauna.

Eta buelta gurera. Ia 1.500 km ipar-mendebalderantz Tunisiatik Euskal Herrira. Gaur egun jarraituko dugu. Norbait errukitzen da torturatuetaz? Norbaiti axola zaio?

Orokorrean, arazo handiak dituzte emozioez-eta hitz egiteko. Gaur egun ere alerta egoeran jarraitzen dute askok, amorrua ere oso ohikoa da, eta kontzentratzeko eta deskantsatzeko arazoak dituzte, besteak beste. Sintoma batzuen kronifikazio mailarekin harrituta geratu gara. Eta ikusi dugu sintoma horiek gaixotasun batzuen atzean daudela, gaixotasun psikosomatiko asko traumen ondorio baitira.

(Olatz Barrenetxea. Psikologo klinikoa).

 

Kristo (irakiarra edo Nazaretekoa), erruki.

Bagdad Rap (Selekta Kolektiboa).

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar