Cacharpaya

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Osatzaile zauritua

Conchita1993Izeba Conchitak 64 bat urte zeukan eta neuk 21, 1993ko udan ateratako argazki honetan. Lehendabiziko aldiz joan nintzen Ameriketara orduan, Hego Amerikara zehazkiago, Boliviara hain zuzen ere.

Txikitan izeba Conchitarena misterio handi xamar bat zen niretzat. Lehenengo oroitzapena daukat aireportura joan ginenekoa, Madrilen, berari agur esatera. Bolivian eman zituen urte mordoa, Santa Cruzeko departamenduan, Jorochito herrian, ospitale dermatologiko baten sortzaile nagusietakoa izan zen. Moja zen, Karitatearen Alaben kongregaziokoa. Eta erizaina. Misterioa handitzen zuena legen beltza zen. Gaixotasun beldurgarri hura zeukaten Jorochitoko ospitalean zeuden gaixo gehienek, eta geure izeba handiak zaintzen zituen herrialde urrun hartan. Lesaka haren jaiolekutik hain urruti.

Medikuntzako laugarren ikasturtean nengoen lehenengo aldiz bisitan joan nintzaionean, 1993 hartan. Erabateko bizipena izan zen hura, han egotea urteetan mirestutako emakume harekin: (Sor) Concepción Zubigaray Iturria. Bitxia izan zen harekin euskaraz egitea hain toki urrunean. Urte haietan gainera Xabier Azkargorta izan zen Boliviako futbol selekzio nazioanalaren hautatzailea, eta izeba harro-harro zegoen, futbola berari fondoan bost axola zitzaion arren.

Bigarren aldiz bisitatu nuen urte batzuk gerago, medikua eginda ordurako. Baina lehenengo bisitan egin nuen Medikuntzaren inguruan gauza handienetarikoa: ume bat mundura ekartzen laguntzea. Orain (ustez) kontrako jardueran baldin banago ere, pertsonak ondo hiltzen laguntzen, orduan bizipen zoragarri hura eduki nuen. Gaixo legendunak ere ezagutu nituen, noski. Eta tratamendu sendagarriak iritsi zireneko garaiaren lekukoa ere izan nintzen.

Hirugarren bisita, Maiderrekin izan zen, ezkondu aurreko urtean, 2004an. Urte gutxi batzuk geroago izeba Conchita Europara itzuli zen, Nafarroara zehazkiago, Iruñera hain zuzen ere.  Ordutik gauza askoren lekuko izan da, Evo Moralesen presidentza adibidez. Baina, beste ezeren gainetik, izeba Conchita azken hamarkada luze honetan bere munduaren gainbeheraren lekukoa izan da. Bisitaz bisita, tristeziaz baina onarpenez bere kongregazioaren kideen zahartze prozesuaz ederki jabetu zen. Baita bere makaltze propioaz ere, urtez urte zaharrago eta baxuago.

Urtarrilaren 10ean hil da, 88 urterekin, eta berarekin batera mundu oso baten itzaltzea irudikatzen dut nik. Izebak berak aurreikusten zuena, serenitate handiz. Eta sosegu hartan hil da Iruñean, beste emakume zoragarri bat ondoan zeukalarik. Caminori esker bidea beste modu batean ikus dezaket. Agurra (cacharpaya) beti tristea da, baina askoz tristeagoa izango zen inoiz izeba Conchita ezagutu ez izana. Zorte handia eduki dugu.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar