You are browsing the archive for 2018 February.

Bigarrena (2)

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

parcnevatBigarren urratsa emanda, ibilbideari jarraitu diogu. Bartzelonara itzuli gara Mudoh, Maider eta hirurok. Duela urte asko, “Primavera Sound” hartan egon ginen, artean ezagutzen ez ginela. “Yakuzi” telonero moduan ibili zen urte hartan, “The Pixies“-en kontzertu apoteosikoa gozatu genuenean.

Musika bestelakoa izan da oraingo honetan, denborak aurrera geu ere desberdinak gara, apur bat behintzat. Ostiralean hasi ginen Sant Andreun, “Les ferides d’Hipercor” erakusketa bisitatzen Robert Manrique beraren eskutik, eta lehenengo momentutik bere gizatasunak harrapatu gintuen. Haren ama eta Rosa Lluch ere gurekin egon ziren Fabra i Coats kulturgunean, eta oso didaktikoa eta hunkigarria izan zen zentzu askotan. Non geunden gutariko bakoitza 1987an? Robert lanean supermerkatuko harategian, neska hura bere amaren sabelpean, 7 urteko mutil hura kalean bere lagunekin jolasten, bere bi gurasoak supermerkatu hartan hilko zirela jakin gabe. Neska bestela gor jaioko zen, leherketaren burrunda basatiak gortuta.

Larunbatean Sant Antonin “S(u/a)minetik bakera” aurkeztu genuen, Arrasateren ondoren bigarrena, esan bezala. Katalanezko bertsioa primeran interpretatu zuten Rosak eta Robertek, bakoitza beretik. Aldaketa pare bat ere inprobisatu genituen Mudoh eta biok. Teknikoki dena kontrolpean eta estreinaldiaren urduritasuna urrun gelditu zen, Arrasaten eta abenduan. Beste batzuetan bezala, kalitatea gailendu zitzaion kantitateari. Aurpegi ezagunak egon ziren publiko artean Calàbria 66 aretoan. Jordi Martínez Fontek solasaldian sartu zuen askoren buruan zegoena, Emma Riverolak era bikainean hitzez idatzi duena “El Periódico de Catalunya“-n: “Abans de la ira“. Frederic Perersek ere oroimenaz idatzi du, beste modu batean, bere liburuan,  “Voreres, la memòria subtil“.

Eta Robertek ere bere blogean, trasteleku urdinean, idatzi du oroimena, samina eta suminari buruz. Isaías Carrascoren hilketaren hamargarren urteurrena izango da martxoaren 7an, eta “Diario Vasco“-k Sandra, bere ama eta ahizparekin egindako elkarrizketa jaso du. Baita larunbateko emanaldia aipatu ere, bigarren baten promesarekin.

Fer-se totes les il.lusions possibles” (Josep Pla) du izenburu irakurtzen ari naizen liburua. Zarautzen, elurra egiten ari da goizaldeko ordu honetan.

 

 

 

Gainontzeko egunak

%A %B %e%q, %Y in Osatzetik Arintzera, Zaintzaileak, Zineman

LosdemasdiasPasa den ostegunean Donostiako Principe zinemetan ikus-entzun ahal izan genuen Carlos Agulló zuzendariak egindako dokumentala, “Los demás días”Amaia Gozategi nekaezinak antolatu zuen pasea, Orioko Mandalara Taldearen bidez. Zarautzeko urte hauetan behin baino gehiagotan eduki dut Amaiarekin egoteko plazerra, beti ere saltsa hauetan, eta ostegunean Izaskun Andonegi (Bidegin), Lori Thompson (Matia) eta hirurokin moderatu zuen pelikularen osteko solasaldia.

Dokumentala bera zentratuta dago zainketa aringarriak, ospitalekoak eta etxekoak, modu dibulgatiboan zer diren kaleko jendeari azaltzen. Oso era egokian islatzen du, egia esan, zertara dedikatzen garen erizain, psikologo, mediku eta abar batzuk. Gainera, protagonista den Pablo Iglesias medikua publikoari oso erakargarria suertatzen zaiola ohartu ginen lehengo eguneko proiekzioan. Baina, gauza guztien gainetik, nabarmenena da zuzendariak lortutako testigantzak, hala pazienteenak nola senide edo zaintzaileenak. Horrek sekulako indarra ematen dio lanari, benekotasunarena, eta horrelakoak lortzeko dauden zailtasunak kontuan hartuta, txalogarria da benetan.

Modu hain esplizitoan egindakoa azken 12 urteotan izan da, eta dokumental honek nolabait “Las alas de la vida” (2006), “El último viaje” (2008), “Quimio” (2009), “La travesía” (2011), “Compañeros de viaje” (2013), “Au-delà de la colline et la brousse” (2014), “Cancer: the emperor of all malladies” (2015) eta “El viatge definitiu” (2016) lanak osatzen ditu.

Badakizue, egunen batean hilko gara, baina gainontzeko egunetan ez.

 

Intxaurrondoaren itzala

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera

ionarretxeTortura gaitzat hartzen duen liburu bat zelan da posible, momentu askotan, barregarria izan? Hogeita hamar  urte kostatu zitzaion “Intxaurrondo, la sombra del nogal” azkenean idazteko animatzea. Idazleak 20 eta piko urte zeukan Intxaurrondoko basakeriak jasan zituenean, eta nolabait zurrunbilo hori guztia barnetik botaka egitea erabaki zuen.

Ezikusiarena eta ezentzunarena (suediarrarena) egitea da jarrerarik ohikoena, ofizialki eta estraofizialki. Existituko ez balitz bezala. Nire lankide batek ederki laburbildu du zein den planteamendu belikoa:

“Hay que ser consecuente con lo que le pides a tu gobierno: la paz o la victoria. Si le pides la paz, quizás tenga que ceder en algo que es tuyo. Si le pides la victoria, quizás tengas que mirar para otro lado mientras lo consigue”.

Bestela, galdera zaharra da: Ez zaizu ondo iruditzen pertsona bat torturatzea, horren bidez atentatu bat ebitatzen baldin badute, adibidez? Galdera hau berriagoa da: Zer sentitu zenuen, esate baterako, iazko abuztuan Bartzelonako atentatua eta gero, Mossoek egileetako bat harrapatu eta tiroz hil zutenean?

Modu batean, torturatua edo hildakoa erruduna baldin bada (erruduna hizki guztiekin, esan nahi dut), zalantza gutxi edo bat ere ez dauka jende gehien-gehienak, publikoki edo pribatuan aitortu ala ez. Korapilotsuagoa da asuntoa jipoitutakoa errugabea denean. Intxaurrondoaren itzala deskribatu digun idazleak esan bezala, “marra gorria zeharkatu ez dutenak” zanpatu dituztenean, pertsona moduan deuseztatu, infernua erakutsi hitz batean. Idazlea bera bezala, errugabea, eta bere hitzetan kasuen %80a bezala, gutxi gora-behera. Euskal Herrian egindako kalkuluen arabera, azken hamarkada hauetan 1.000 pertsona inguru atxilotu dituzte, eta 10etik 2 ‘bakarrik’ amaitu dira kartzelan, epaituta, kondena irmo batekin.

Bistan da ETA garaitzeak prezio bat zeukala Estaturako, ordaintzeko prest zegoena (bera eta gizarteko zati handi-handi bat), albo ondorioekin beste leku batera begiratuta. Nahiz eta orain albo ondorio horiek guztiak (eta bilatutakoak) aurre-aurrean eduki. Pako Etxeberriaren txosten mardula izan ala Amnesty Internationaleko urteroko jakinarazpenak. Garaipena garaipena da.

Iaz hil zen Ion Arretxe idazle eta egile polifazetikoa, birikako minbiziak jota, 52 urte zituelarik. Haren liburuagatik berari eskertzeko gehien daukadana, gordinkerien artean umorea modu eder horretan landu izana da, deitu umore beltza, deitu tonu tragikomikoa, nahi duzun moduan, baina erresilientzia itzela erakusten duena eta ziur aski bizirik mantendu izan zuena urte hauetan guztietan.

Arrasatetik Bartzelonara

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Dolua, S(u/a)minetik bakera

santantoniJauzi itzela da 20.000 biztanleko herri batetik 3 milioi pertsona bizi den hiri baterakoa. Tarteko geldialdia egin izana zen asmoa, baina gauzak horrela atera dira. “De la ira amarga a la pau” izenburua edukiko du ekitaldiak katalanez, narratzaileak Robert Manrique eta Rosa Lluch izango dira eta aretoa Calàbria 66 izenekoa, ONCE erakundearen eraikin zaharra, Sant Antoni auzoko elkarteek berreskuratua kultura, hezkuntza eta elkarlanerako.

Robert duela 3 urte luze ezagutu nuen Monzón (Huesca) herrian, Marta Sariñenaren ekimenez eta han “Aulki Hutsak“-ekin egin genuen proiekzioaren inguruan. Urteekin, zirkuluak behin eta berriz ixten nabilelako sentsazioa gero eta handiagoa daukat, eta hau guztia horren adibide argia da. Marta, izan ere, Alba Payàs psikoterapeuta eta maistraren ikaslea izan zen, Izaskun Andonegi, Maite Urzain eta Nuria Vega izan diren moduan. Eta Alba, doluaren arloan, erreferentziazko pertsona da hala Penintsula Iberikoan nola hemendik kanpoan ere. Horregatik izan da hain garrantzitsua Albaren parte hartzea “S(u/a)minetik bakera“-n. Horregatik eta Aitor “Mudoh” eta biok bere jarraitzaileak garelako.

Otsailaren 24an daukagu hitzordua Bartzelonan, Alba Payàs ekitaldira gonbidatuta dago, eta berarekin batera hango lagunak eta etorri nahi duen oro. Bartzelonako Euskal Etxean ere abisatu dugu (eskerrik asko Josune), bertan “AH”-ekin izandako harremanaren haritik. Beste zirkulu bat.

Asteburua aprobetxatuko dugu La ferida d’Hipercor. Barcelona 1987 erakusketa bisitatzeko, Bartzelonako Historia Museo zoragarriaren barruan. Gainera, bisita gidatu oso bereziaren bidez, Robert beraren eskutik. Borobila.

Eta azken zirkulua, dakigunez, Rosarekin itxiko dugu. Ernest bere aita “Elkarri”-ren inguruan zegoen, elkartearen kidea zen, nire aita eta biok bezala. Izan ere, “SB”-k ederki jasotzen du “Elkarri”-ren izpiritua. Eta, gauza jakina da, Ernest Lluch Donostia zale handia izan zen. Gaur egun Amarako kultur etxeak bere izena darama, Anoeta estadioan. Hortik gora, ospitaleen gunean, nire gurasoak bizi ziren, eta bertan etxean hil ziren. Ama duela 3 urte (osteguna izan da bere urteurrena), aita duela 10.

Katea ez da eten.

Gorri-berdea

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera, Zineman

gorriberdeaSangre y tierra dokumentala aurkeztu zuten atzo Donostian, Europan egindako biraren barruan.Odolaren gorria eta lurraren berdea uztartzen ditu Caucako departamenduan kokatutako lan honek, Nasa herriaren ibilbide historiko gatazkatsua islatzen duena, “Nasa significa humano” proiektuaren barruan. Kolonbiako bake prozesuan egindako aportazio honek beste lan erraldoi bat ekarri dit oroimenera, kolore jolas berekoa.

Izan ere, “Verdes valles, rojas colinas” beste gatazka politiko baten isla da, Getxoko herrian zentratutakoa baina gure Herri osoa sinbolizatzen duena. 2005ean Ramiro Pinilla idazle getxoztarrak argitaratutako trilogia mardul erreferentziazkoak barne hartzen ditu hiru liburu, La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro. Aspaldiko irakurtzeko gogoa berpiztu zait, eta akaso momentu egokia da horri ekiteko.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar