Intxaurrondoaren itzala
%A %B %e%q, %Y in Literaturan, S(u/a)minetik bakera
Tortura gaitzat hartzen duen liburu bat zelan da posible, momentu askotan, barregarria izan? Hogeita hamar urte kostatu zitzaion “Intxaurrondo, la sombra del nogal” azkenean idazteko animatzea. Idazleak 20 eta piko urte zeukan Intxaurrondoko basakeriak jasan zituenean, eta nolabait zurrunbilo hori guztia barnetik botaka egitea erabaki zuen.
Ezikusiarena eta ezentzunarena (suediarrarena) egitea da jarrerarik ohikoena, ofizialki eta estraofizialki. Existituko ez balitz bezala. Nire lankide batek ederki laburbildu du zein den planteamendu belikoa:
“Hay que ser consecuente con lo que le pides a tu gobierno: la paz o la victoria. Si le pides la paz, quizás tenga que ceder en algo que es tuyo. Si le pides la victoria, quizás tengas que mirar para otro lado mientras lo consigue”.
Bestela, galdera zaharra da: Ez zaizu ondo iruditzen pertsona bat torturatzea, horren bidez atentatu bat ebitatzen baldin badute, adibidez? Galdera hau berriagoa da: Zer sentitu zenuen, esate baterako, iazko abuztuan Bartzelonako atentatua eta gero, Mossoek egileetako bat harrapatu eta tiroz hil zutenean?
Modu batean, torturatua edo hildakoa erruduna baldin bada (erruduna hizki guztiekin, esan nahi dut), zalantza gutxi edo bat ere ez dauka jende gehien-gehienak, publikoki edo pribatuan aitortu ala ez. Korapilotsuagoa da asuntoa jipoitutakoa errugabea denean. Intxaurrondoaren itzala deskribatu digun idazleak esan bezala, “marra gorria zeharkatu ez dutenak” zanpatu dituztenean, pertsona moduan deuseztatu, infernua erakutsi hitz batean. Idazlea bera bezala, errugabea, eta bere hitzetan kasuen %80a bezala, gutxi gora-behera. Euskal Herrian egindako kalkuluen arabera, azken hamarkada hauetan 1.000 pertsona inguru atxilotu dituzte, eta 10etik 2 ‘bakarrik’ amaitu dira kartzelan, epaituta, kondena irmo batekin.
Bistan da ETA garaitzeak prezio bat zeukala Estaturako, ordaintzeko prest zegoena (bera eta gizarteko zati handi-handi bat), albo ondorioekin beste leku batera begiratuta. Nahiz eta orain albo ondorio horiek guztiak (eta bilatutakoak) aurre-aurrean eduki. Pako Etxeberriaren txosten mardula izan ala Amnesty Internationaleko urteroko jakinarazpenak. Garaipena garaipena da.
Iaz hil zen Ion Arretxe idazle eta egile polifazetikoa, birikako minbiziak jota, 52 urte zituelarik. Haren liburuagatik berari eskertzeko gehien daukadana, gordinkerien artean umorea modu eder horretan landu izana da, deitu umore beltza, deitu tonu tragikomikoa, nahi duzun moduan, baina erresilientzia itzela erakusten duena eta ziur aski bizirik mantendu izan zuena urte hauetan guztietan.
Leave a reply