Monjea eta atxa

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

AtxorrotxHerritik gora atxa, laino artean, eta tontor ganean baselexa. Horren zaindaria, monje anakoreta, mutua, meditatzailea, musikagilea. Izan be, haren abotik berbarik urten ez arren, musika doinuak trukatzen ditu sarritan bertaratzen diran txoriekin edo, beste barik, bere buruagaz. Konposaketak sortzen ditu halaber etxetzat dauan baselexa barruan, gela txikian, gregoriar kantuek inspiratutako doinu elektronikoak.

Herriko jenteak erotzat hartu eban aspaldian, tarteka baserritar batzuk berataz errukitu eta janari apur bat eta kalean erositako material informatikoa igotzen badeutsiez be. Inork ez dau lortu berbaz komunikatzea, keinuka eta idatziz baizik. Herrikoak abisatzen ditu kanpai kolpeen bidez datorrenari buruz. Ekaitza iragartzeko, esate baterako, kolpe zehatz batzuk joko ditu kanpandorre txikitik.

Bakardade gorri hartan, atx haien artean, abadeak bizipoza lortzen dau musika eta meditazinoaren bidez. Denporaren igarotzeak kolpatu arren, heriotzaren aurrean bildurrik ez dau sentitzen. Atxaren moduan, bera be sortu zan noizbait denporan. Atxa eguzkiak, euriek, edurrek, tximistek eta haxeek higatzen dabe. Zuloetan kabiak ipintzen dabez hegaztiek, eta trokak baliatzen dabez axeriek eta basurdeek aterpetzeko. Baina bizirik al dago atxa? Barruan sortzen diran iturburuak ez al da bizitza? Iturburuetatik errekastoetara, eta hortik mendiko aintziretara. Edo ibaietara, herriak zeharkatzen eta azkenik itsasoratzen.

Monjeak misterioa deskodetzen saiatzen bizitza igarotzen dau. Horra erokeria.  Idazle dohainak ez ditu monjeak alabaina, eta misterioa musika klabean interpretatzen dau. Ordenagailu hartan dagoz urteetako gogoeta eta meditazino guztiak. Kodifikatutako entziklopedia oso bat. Monjearen ondare baliotsua, edo eremutar zahar baten eldarnioak. Hainbat kaletar jo dau jakinminak, urruntasunak piztutako mitoak. Agurea hil ostean baloratzen hasiko dira asko, kanpai soinurik handik goitik iritsiko ez jakiezanean. Atxa be mutu geldituko danean.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar