M.A.M.

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak ez direnak

OlibondoakJaen.jpgAndaluziatik etorri zen Arrasatera, Jaengo probintziatik. Neba-ahizpa ugari zituen amarekin eta eurekin batera etorri zirenean. Aita fusilatu zuten gerraosteko garai ilun hartan. Lan egitea tokatu zitzaion gaztetatik, gaur egun ohituta ez gauden modu hartan. Sufritzea, borrokatzea eta izerditzea beraz ederki bazekien. Horregatik eutsi dio hain luze eta hain dotore.

Horregatik amaiera izan da izan den modukoa. Txundigarria izan da aluzinazio bisual horien artean irudi idiliko horiek ikusi izana. Kontatzen zuenak ez zion urduri ipintzen edo mehatxagarritzat jotzen. Urdin kolorea irudietan hain presente egoteak zerbait esan nahiko du, interpretatzen ez dakidana. Ziur aski zuriz jantzitako emakume hori, bere gainean etzaten zena, heriotzarekin lotutako sinboloren bat izan daiteke. Mendiko egurrezko etxola hori bezala, eta uraren soinu atsegina. Bakea ematen zion horrek guztiak, eta eutsi egiten zion oroitzapen eder horri.

Ez zeukan beldurrik heriotzarekin, baina oraindik bizi nahi zuen, aurre egin zion hiltzeari hilabeteetan zehar. Lortu ahal izan zuen iaz azken uda hura pasatzea Jaen aldean seme batekin, eta bere herrian ez ezik Granadan eta beste leku batzuetan ibili izan zen. Zarautzera ekarri zuen familiak duela aste gutxi batzuk, tarteka disfrutatzea lortu ahal izan zuen borroka haren erdian.

Azken egunak ere horrelakoak izan ziren, bere bizitza osoa bezala. Asko gogorarazi dit “botak jantzita” eta “inguruan zituen indiarrak tiroka” hil zen I.-taz. I-k ere itxaron ninduen asteburu oso bat, eta astelehenean bere etxera iritsi ginenean sedazioa eskatu zidan, eta horregatik eskerrak eman zizkidan. Horrela hil zen I. Eta M.A.M.-ek ere asteburua igaro, jada sedatuta, eta itxaron ninduen. Familia osoa inguruan, sedazio sakonean, itxaron ninduen.

Esaten dute entzuten dutela nolabait, kontuan hartzeko. Horixe gertatu zela iruditu zitzaigun guztioi. Bisitan nengoela, bat-batean, begiak ireki zituen, ezer ikusten ez zuen arren, eta azken hatsa bota zuen gu guztion aurrean, familia eta ni. Oilo ipurdiarekin igaro nuen goiz osoa. Zirraragarria izan zen momentua, hiltzeko aukeratu zuen modua.

Olibondo horiek ikusi eta bertan imajinatzen dut orain, arnasestutik libre, haizearekin batera eta maite zuen eguzkiak epelduta.

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar