Errukia martxan

%A %B %e%q, %Y in Zarautz Errukitsua

ZHZ Myriam2Datorren zapatuan izango da Zainketa Aringarrien nazioarteko eguna, urriaren 13an. Horren haritik, Gasteizen urriaren 18an hitzaldi bat antolatu dute Fidel Delgadorekin (“Morir no es lo que parece“). Eta Getxon, urriaren 23an, Jesus Sanchez eta Leire Collazosekin (“Heriotz aume eta gazteen ikuspuntutik”).

Gure herrian, bestela, aurreratu egin gara aste honetan. “Etxean ala ospitalean hil” izeneko hitzaldi ederra eskaini zigun Myriam Berruete medikuak, Donostia Ospitalean lan egiten duena Etxeko Ospitalizazioan eta, besteak beste, zerbitzu horixe martxan ipini zuen aitzindari moduan Zumarragan, orain dela 10 urte. Iraileko uda ikastaroan eskainitako oso antzeko aurkezpena egin zuen Myriamek asteartean. Jende mordoa etorri zen Antonianoko aretora, 170 pertsona inguru bertan eta 40 bat streaming-en bidez jarraituz beste toki batzuetatik (!). Publikoaren artean, Gasteizko ekimen errukitsuaren partaide oso aktiboak eta “Arinduz” elkartearen zuzendaritza batzordekideak diren Alberto Melendez (presidentea) eta Miren Urkiza egon ziren. Gaiak, hizlariak berak eta Zarautz On elkartearen antolakuntzak eta eskarmentuak ahalbidetu dute arrakasta.

Orain dela 5 hilabete, Anjel Irastorza, Amaia Arce, Jabi Bereziartua eta laurok abian ipini genuen “Zarautz, Herri Zaintzailea”-ren ekimen errukitsua herri honetan. Udal areto batean egindako aurkezpena eta gero (Julio Gomez-ek ederki lagunduta), Death Cafe edizio bi aurrera atera dugu. Baina asteartekoa izan da herri mailan egin dugun ekitaldirik handiena orain arte, Zarautz On-ekin elkarlanean. Zoragarria. “Radio Euskadi”-tik interesa azaldu digute hitzaldiari buruz irratian jarduteko. Bejondeigula! 

Aurrerantzean, Salbatore Mitxelena Ikastolan pasa den ikasturtean hasitako bidetik, hurrengo hilabeteetan ere beste jarduera batzuk prestatzen gabiltza ZHZtik, Eneritz Garmendia eta Miren Ros ikastolako eragileekin batera. Kasu honetan, beste hiri errukitsu batekin sarea josten. Iruñearekin alegia. Laster zehaztasunak emateko gai izatea espero dugu.

Amaitzeko, Patxi Izagirre psikologoa eta doluan aditua ekarri nahi dugu abendu aldean. Gabonetan etxeko aulki hutsen pisuaz eta garrantziaz patxadaz ohartzeko.

Gupida martxan. Erruki ON.

‘Orduan, min horrek eraginda, boz bat askatzen du isiltasuna urratuz. Urratuz, bai, ezen boz horiek arrakalak dira, eten bat ohiko elekan. Eta boz horiek, ukabil itxi airera bihurtuaren eran harro, xuxurla isilean edo ahora jaio gabe bular barruan itoa izan, gauza bera bilatzen dute: jasoak izatea, entzunak izatea, justizia baten aitorpena, kontsolamena, errukia.’ (“Errukiaren saria”, Iñaki Irazu).

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar