You are browsing the archive for 2018 November.

Zu berriro ez ikusteko ideia ganorabakoa

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Dolua, Literaturan, Zarautz Errukitsua

rosamonteroEz da doluari buruzko liburua, edo ez hori bakarrik. Plano paraleloetan Curie senar-emazteen bizitzak eta heriotzak ekartzen ditu Rosa Monterok alde batetik, eta bere arlo pertsonaleko gora-beherak bestetik, haren senarraren heriotza eta honek sortutako dolu prozesua barne. Irakurri beharreko liburuen zerrendan neukan hau sartuta, eta egun hauetan zorra atseginez kitatu dut. Idazleak ez ditu irakurlearekin aparteko hausnarketak konpartitzen, baina hain zuzen ere pertsona ezagun (ospetsu) batek gureak ere diren ezinegonak eta bestelako sentipenak plazaratzeak klandestinitate puntua gainetik kentzen laguntzen du asko. Are gehiago urteko sasoi urdin honetan.

Izan ere, hilabete erdi euritsu eta fresko hauek zeharo aproposak dira hausnarketarako. Domu Santuk, Arimen Egunak eta Eguberriak heriotzaz eta mundu honetan jada ez daudenetaz gogoratzeko aukera ematen digute. Urtero badaude garai honetan “Aulki Hutsak” dokumentalaz oroitzen direnak, eta aurten bereziki eskatua izan da: Leioan azaroaren 21ean (EHUren bidez), Hernanin abenduaren 13an (herriko Hezkuntza Plataformarekin) eta Eibarren abenduaren 18an (AECC). Bost  urte pasatu dira Elgetan lehenengo aldiz estreinatu genuenetik, aldaketak eduki ditugu gure esparru pertsonaletan edota profesionaletan lanaren egileek eta protagonistek, bizitzak aurrera egin du. Baina ausartuko nintzateke esatera denbora honetan aurrera egin dugula dolua eta heriotzaren arloan: Hezkuntza mailan txertatzeko urratsak ematen, gero eta pelikula eta liburu gehiagotan aipatzen dira gai hauek, Death Cafeak gurera ekarri ditugu, komunitate errukitsuak martxan ipini.

Hain zuzen ere, Zarautzen adibidez, abenduaren 14an Patxi Izagirre edukiko dugu gurekin, Gabonetan etxean ditugun aulki hutsei buruz aritzeko.

Gleann Crí

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

GlencreeIzen hau duela oso gutxi entzun nuen lehenengo aldiz. SB Bartzelonara eraman genuenean izan zen, otsailean, eta izena berriro aipatu dute Legazpin aste honetan, SB bertan aurkeztu dugunean. Jakinminak jota ikertzeari ekin diot egun hauetan, Inesa Ariztimuñok (“Baketik”) bidalitako dokumentaletik tiraka, eta Glencree ekimena zer izan zen jakin ahal izan dut patxadaz.

Maixabel Lasa eta Txema Urkijo eragile bakezaleen ibilbidea nahikoa ezaguna da, baina Carlos Martin Beristain zein den nik behintzat orain jakin dut, medikua eta psikologoa, batik bat Latinoamerikako gatazka biolentoetan lan egindakoa, Kolonbian eta beste hainbeste herrialdetan. Glencreeko bizipenetan bera ibili zen arduradunen artean, Galo Bilbao Deustuko teologo eta filosofoa eta Julián Ibáñez de Opacua psikoterapeutarekin batera. Azken honek, besteak beste, parte hartu zuen “Adiorik gabe” proiektu kulturalean, Donostia 2016 zela eta, hain zuzen ere Inesa Ariztimuñorekin elkarlanean.

Gustatu zait Edurne Brouard lekeitiarra ikus-entzun izana Glencreeko dokumentalean, eta beste istorio batzuk ere ezagutu izana. Gehienak eraildako pertsonen senideak zirelarik (Fernando Garrido, Lourdes Zabalza, Amaia Guridi edo Edurne bera). Baina bizirik ateratako Patxi Elola zinegotzi zarauztarra ere bertan agertzen da, zehazki azalduta ateratzen ez diren beste 20 pertsona ez bezala, ekimenean parte hartu zutenak. Pertsona horien guztien artean istorio interesgarriak egongo dira, entzutea merezi izango dutenak.

Inpresio horrekin behintzat gelditzen ari gara emanaldiz emanaldi SB obrarekin. Etorritako publikoaren artean, zenbat kontu egongo diren entzuteko eta ezagutzeko. Zenbat isiltasun apurtu gabekoak geratuko diren oraindik. Eta, oso argi edukita, zauriak sendatzea helburua bada ere, justizia eta egia gailentzen ez badira, suminak eta saminak piztuta segituko dutela (mila esker Oihana!).

 

PD.- Beste baterako utziko ditut topaketa lehengoratzaileak.

Hitz higatuen zentzuaren bila

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, S(u/a)minetik bakera

BizimiñakOroimena” da ahuldutako berba horietako bat, zentzu politikoan noski. “Memoria historikoa”, kontzeptu gisa, hamaika modutan interpretatzen da. Baina nik, gaur, “memoria historiaurreko” hartatik hasiko naiz. Historikoa baino prehistorikoa, bai. Mendietako goiko aldeetan dauden hilarri eta hilerri haien historiaurreko ondareaz. Pasa den astean, Urnietan, Onddi-Mandoegi estazio megalitikoa geneukan geure gainean. Datorren astean, Legazpin, Satui-Arrolamendi-koa. Eta hurrengo hilabetean, Beasainen, gertu edukiko dugu Aralar-eko historiaurreko santutegi erraldoi liluragarri hura. Hor goian lurperatzen zituzten gure arbasoak, alegia.

Bizikidetza“. Bertze ele higatu bat. Aste honetan beste ahalegin bat egin dute (dugu) Urnietan hau guztia zer den ulertzeko, nondik heltzeko hala memoriari nola elkarbizitzari. “Bizimiñak” antzezlana ekarri ziguten Maddi Iratzoki, Dani Iratzoki eta Itziar Elías-ek (argazkian). Daniren gitarrak eta ahotsak lagundurik, Maddik eta Itziarrek antzezten dute elkarrizketa bat, jolas eszeniko bat, irudiekin eta musikarekin txirikordaturik. Punturik sendoenak iruditu zitzaizkidan jasotako testigantzak, biktima batzuen audioak. Entzutearen garrantzia azpimarratzea, asmatu dute goitik behera honetan ere. Eta estetikaren aldetik, asko gustatu zitzaidan isiltasunaren eszena, hiruen arteko elkarrizketa behin eta berriz isilarazten diotenean elkarri. Errealitate gordinaren metafora bikaina. Elkarbizitzarako oztopo latza.

Eta amaitzeko, azken hitz higatua: “Biktimismoa“. SBn honi buruzko testu bat jaso dugu, Arantxa Urretabizkaiarena. Eta azken egun hauetan bururatzen zaidan ahalik eta adibiderik hoberena eszenaratu dute Altsasun. Biktimismoaren gainean biktimismo gehiago. Bizikidetzaren antipodetan galduta.

Astegoien eder!

 

PD.- Etorkizuneko oroitzapenak. Beste kontzeptu interesgarri bat, nahiko eraikitzailea topatu dut Fabian Laespadaren testu hau (“Memorias de futuro”).

PD’.- Eta albiste onak Arrasatetik.

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar