Gleann Crí

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

GlencreeIzen hau duela oso gutxi entzun nuen lehenengo aldiz. SB Bartzelonara eraman genuenean izan zen, otsailean, eta izena berriro aipatu dute Legazpin aste honetan, SB bertan aurkeztu dugunean. Jakinminak jota ikertzeari ekin diot egun hauetan, Inesa Ariztimuñok (“Baketik”) bidalitako dokumentaletik tiraka, eta Glencree ekimena zer izan zen jakin ahal izan dut patxadaz.

Maixabel Lasa eta Txema Urkijo eragile bakezaleen ibilbidea nahikoa ezaguna da, baina Carlos Martin Beristain zein den nik behintzat orain jakin dut, medikua eta psikologoa, batik bat Latinoamerikako gatazka biolentoetan lan egindakoa, Kolonbian eta beste hainbeste herrialdetan. Glencreeko bizipenetan bera ibili zen arduradunen artean, Galo Bilbao Deustuko teologo eta filosofoa eta Julián Ibáñez de Opacua psikoterapeutarekin batera. Azken honek, besteak beste, parte hartu zuen “Adiorik gabe” proiektu kulturalean, Donostia 2016 zela eta, hain zuzen ere Inesa Ariztimuñorekin elkarlanean.

Gustatu zait Edurne Brouard lekeitiarra ikus-entzun izana Glencreeko dokumentalean, eta beste istorio batzuk ere ezagutu izana. Gehienak eraildako pertsonen senideak zirelarik (Fernando Garrido, Lourdes Zabalza, Amaia Guridi edo Edurne bera). Baina bizirik ateratako Patxi Elola zinegotzi zarauztarra ere bertan agertzen da, zehazki azalduta ateratzen ez diren beste 20 pertsona ez bezala, ekimenean parte hartu zutenak. Pertsona horien guztien artean istorio interesgarriak egongo dira, entzutea merezi izango dutenak.

Inpresio horrekin behintzat gelditzen ari gara emanaldiz emanaldi SB obrarekin. Etorritako publikoaren artean, zenbat kontu egongo diren entzuteko eta ezagutzeko. Zenbat isiltasun apurtu gabekoak geratuko diren oraindik. Eta, oso argi edukita, zauriak sendatzea helburua bada ere, justizia eta egia gailentzen ez badira, suminak eta saminak piztuta segituko dutela (mila esker Oihana!).

 

PD.- Beste baterako utziko ditut topaketa lehengoratzaileak.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar