You are browsing the archive for 2019 January.

Dolulagun perinatalak eta bestelakoak

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Osatzaile zauritua

GureTxikixakEider Otxoa eta Kristina Pavon eduki genituen aurreko ostiralean Arrasateko ospitalean. Asteroko saio klinikoen barruan, urteko lehenengoa izan zen pasa den astekoa. Dolu perinatalaz hitz egin ziguten biek, alde batetik, eta “Dolulaguna” zerbitzuaren aurkezpena egin zigun Eiderrek bestetik, Debagoienean dolurako modu espezializatuan dagoen bakarra.

Erditzearen inguruan edo haurdunaldiaren azken zatiaren barruan gertatutako umeen heriotzak. Hauek eragindako doluak dira gure gizartean baimenduta ez dauden horietakoak. Tabuen artean taburik handienen artean daude. Izan ere, amazurtzek eta aitazurtzek ez daukate izen baimendurik.

Saio orekatua izan zen ostiralekoa, hasteko hizkuntzaren aldetik, naturaltasunetik eginda izan zenez. Orekatua baita ere asertibitatea eta serenitatearekin planteatuta zegoelako, alde batetik salaketa eta bestetik esker ona balantzan ondo ipinita. Saioa oso sinbolikoa izan zen baita ere, ospitalean hil zirelako duela 8 urte Ekaitz eta Xabi, Eider eta Kristinaren semeak hurrenez hurren. Are sinbolikoagoa Jose Ramon Navarro Ginekologiako zerbitzuburua eta Rebeca García emagina bertan egon zirelako publikoan. Zirkuluak ixten. Publiko asko etorri zen gainera, eta euren artean egoiliar ia guztiak etorri ziren, besteak beste, formakuntzan dauden biharko familia medikuak.

Blog honetan aurretik ikasi genuen operazio aritmetiko harrigarria (3-1=0), “Return to zero” pelikularekin. Baita seme baten galeragatik eta bikote harremana apurtzearren dolu bikoitza zer den, atzo ez dela sekula amaitzen. Kristina eta Eiderren eskutik ikasi genuen zein mugimendu handia dagoen dolu perinatalaren inguruan, Umamanita elkartea esate baterako. Edo misterio honen barruan dagoen sekretua, Ana Pía López García de Madinabeitiaren lana.

Eskerrik asko.

 

 

SB Lasarten

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Oroimenean, S(u/a)minetik bakera

VillaMirentxuEspainiako Futbol Mundu Txapelketaren urtea zen, Valladolidera bizitzera joan ginenekoa. Etxe dotore horietan ez ginen euskaldun bakarrak, familia bat baino gehiago hara mugitzen joan ziren Lasarte aldetik, “Michelin” fabrikako kargudunak buru. Gogoratzen naiz iritsi berriko neskato batzuetaz, txikiak, gazteleraz oraindik ez zekitenak. Hiru urte lehenago ETAk atentatu zuen lantegiko enpresari baten aurka eta baita eraikina beraren kontra ere. Valladoliden ere “Michelin” planta bat zegoen, beraz babesleku bihurtu zen pertsona horientzat. Hiria nolabaiteko babeslekua zen bezala gure familiarentzat ere.

Datorren asteazkenean SB eskainiko dugu Lasarten, Villa Mirentxun (argazkian). Urte mordoa pasatu dira 1982tik, 37 izango dira laster, gurasoen bi aulki hutsak ditut orain, besteak beste. Nire seme-alabek ez dute Valladolid ezagutzen. Gazteleraz ez zekien neskato horietako batekin, bizitzaren karanbola eder horietako batengatik, hitz egin nuen telefonoz duela urte bi. Hogeita hamapiko urte ditu orain. Ez dakit seme-alabarik duen, edo esan bazidan ez naiz gogoratzen. Eta baldin baditu, ez dakit Lasarte ezagutuko duten. 

Lasartearra zen terrorismoaren lehenengo biktimatzat hartzen den pertsona, Begoña Urroz, adinez ia 2 urte zeukana. erakunde ezezagun batek Donostian ipinitako bonba zela-eta. Lasarten erail zuten Miguel Angel Blanco. Lasartekoak ziren edo bertan bizi ziren edo bertan hil zituzten Antonio Huegun, Marcelo Garciandía, Jose Javier Urritegi, Alfonso Morcillo, Froilán Elexpe, … 

Bertakoak dira Julio Olaizola Errealaren urrezko garaiko futbolaria, Rafa Diez LABeko sindikalista, Joseba Tapia trikitilaria, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”Harkaitz Cano idazlea, Aiora Zulaika “Pirritx”, Maialen Chourraut piraguista…

Info+: “Memoria partekatu baterantz: 1956-2018 Lasarte-Oria”.

 

Beheko Larrainetik manifestu bat

%A %B %e%q, %Y in Antzerkian, Bizi gara!

mirentirapuMaite Tirapu Goikoetxea aktoresa eta iruin-alaba da, eta “Beheko Larraine” izeneko antzerki konpainia abian ipini du Lekunberrin. (Bai, Gorka Urbizuren herrian).  “Atte hil aurretik” izenburu iradokitzailea duen antzezlana izan zen lehena: familiako sekretuak, hutsuneak, baserriko giroa, belaunaldiz belaunaldi transmititutako baloreak, ondare ideologikoa, … Duela pare bat urte biran ibili zirela irakurri dut, berandu.

Baina garaiz egon gaitezke bigarren proposamena ikus-entzuteko, “Manifestu bat”. Abenduan ekin dio ibilbideari Nafarroako Erresuman, “Keinu leihoak” zikloan, Irurtzunen eta Lesakan (bai, nire arbasoen herrian). Iaz. Pertsonaia bat, hiru ahots, herri ttipi batean. Bizitzaz eta heriotzaz. Obsesio batez. Kontraerranetaz. Gaizka Sarasolak idatziriko testu batean oinarrituta, Maite Tirapuk antzezturik. 

Aurten etorriko direnen zain geldituko gara ba. 

“Mila esker nire hiletarako gonbidapena onartzeagatik. Festa eder bat prestatu nahi nuen nire azkenerako, baina azkenean …”

Info+

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar