You are browsing the archive for 2019 April.

Elefanteak etorbidean

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

elephantsonparadeHamarkadak ziren klima aldatu zenetik eta gertaera harrigarriak bata bestearen atzetik bizitzeko ohituta zeuden dagoeneko hiriko biztanleak, urtez urte. Hala eta guztiz ere, elurpean tamaina hartako hamarnaka animaliak Bilteiz hiriko etorbide nagusian behera desfilatzen ikustea, entzutea eta usaintzea ikuskizun erabat txundigarria suertatu zen.

Urteak ziren, halaber, eskala handiko indarkeria herrialdera itzuli zenetik. Eta populazioa beldurtuta zegoen kalera irteteko, bizitza normala egiteko, baita auzokideekin gutxieneko harremana edukitzeko ere. Mesfidantza zen nagusi, inork gutxik ulertzen zituen biolentziaren zergatiak bestalde. Udaletxetik antolatu zuten pakidermoen ekitaldia pizgarri moduan, kirol izarren azken balentria ospatzeko aitzakiarekin.Eta hizkuntza ofizial berrian bataiatu zuten ikuskizuna: “Elephants on Parade“.

Bilteiztarrak, ordea, ez ziren fio. Aspaldian ez zuten antolatzen kongresurik edo ekitaldi handirik etorbideko biltzar jauregian. Europatik ez ziren ia sekula hurbiltzen hiriburu honetara, garai onetan bezala. Hiriko saltoki handi klasikoa ere, “grands magasins”,  ixtear zegoen, alboan banku nagusiaren dorrea ere desmantelatzen ari ziren bezala. Etxeko begiratokietatik hiritarrak asomatu bai, baina balkoietan eta leihoetan, eta are gutxiago espaloietan, inor gutxi baino ez zen ausartzen. Frankotiratzaileen beldur.

Bitartean, trafiko guztia etenda, tranbia, autobus eta ibilgailuen ordez hirurogei eta hamar edo laurogei asiar elefante martxan zeuden elkarri jarraituz, astiro, hegoaldetik iparralderantz. Kirol taldearen ereserkia ozen aditzen zen bozgorailuetatik, hiriko martxa ofizial berriarekin tartekatuz, zirrara eta irrika kolektiboak piztu nahian.

Seinalerik txarrena horixe zen, hain zuzen, kirol erlijioak ere ezin mobilizatzea ia inor.

Desagertutakoak (3)

%A %B %e%q, %Y in Dolua, S(u/a)minetik bakera, Sarean, Zineman

desagertuakHodei Egiluzen kasuarekin abiatuta, desagertutakoen hari honi ekin nion blogean. 2017an topatu zuten galdakoztarraren gorpua, eta honek bidea eman zion behintzat familiari dolua itxi ahal izateko. Bestelako kasua da Borja Lazaro gasteiztarrarena, garai berean desagertu zena baina oraindik argitu gabekoa. Haren familiarekin eta Fernando Irigoien baztandarrarenarekin eta Miguel Angel Elorriaga iurretarrarenarekin osatu dute saio mamitsua “Ur Handitan”-en. Gomendagarria zinez.

Indarkeria politikoan murgiltzen bagara, indarrezko desagertuen arloan sartuko ginateke. Lur azpiko mundu erraldoia da, nazioartean historia garaikidean behin eta berriz tratatu izan dena 1970eko hamarkadatik hona. Argentinako guda zikina ziur aski adibiderik ezagunena eta latzena da, hango diktadurak ’70 eta ’80 urteetan eragindakoa, zineman luze eta zabal jorratutakoa (” La noche de los lápices” 1986an, “Ni vivo, ni muerto” 2001ean, “Kamchatka” 2002an, “Historias de aparecidos” 2005ean edo “El secreto de sus ojos” 2009an). Eta herrialde hartan bezala, Txilen, Kolonbian, El Salvadorren, Guatemalan, Mexikon, Espainian, Marokon, Aljerian, Palestinan, Iraken, Bosnian, Errusian, …

Euskal Herrian bueltan, oso aipatzekoa da Aranzadi Elkartean egindako lana memoria historikoaren inguruan, Italia, Polonia, Errumania eta Esloveniako erakundeekin batera. Ezaguna da Saharako desagertuen inguruan egindako lana. Eta tortura geurean xehe aztertzen egindakoa, hain lotuta desagerpenekin.

“Dancing with their fathers, dancing with their sons, dancing with their husbands, they dance alone” (Sting).

 

Adiorik Gabe (2)

%A %B %e%q, %Y in Antzerkian, Literaturan, S(u/a)minetik bakera, Zineman

Adiorik GabePasa den larunbatean, apirilaren 6an, Principal Antzokian aurkeztu zuten “Adiorik Gabe” ekimenaren laugarren ekitaldia. Inesa Ariztimuñok koordinatuta. Hain zuzen ere, DSS 2016ko hiriburutza kulturalaren haritik beste 3 ekitaldien jarraipena emanda. Gaur zortzi egindakoan, hiru izan ziren gogoratutako pertsonak: Jose Maria Elizegi “Mayi”, 1976an Donostian ETAk eraildakoa. Aiert Beobidek zuzendutako dantza saioa eskaini zioten. Gladys del Estal, bestela, Guardia Zibilak erail zuen 1979an Tuteran. Haren omenez, Koldo Almandozek zuzenduriko film laburra ikus-entzun genuen. Francisco Arratibel, azkenik, ETAk hil zuen Tolosako inauterietan 1997an. Juantxo Zeberiok zuzendu zuen haren omenezko pieza musikala. Mireia Galarza eta Isidoro Fernandez izan ziren haria josten batetik bestera ibili ziren aktoreak. Ekitaldi ederra, seme-alabekin konpartitzeko une hunkigarria.

Honekin oso lotuta, bereziki merezi duen testua publikatu zuen Pili Zabalak pasa den astean ere egunkarietan: “Sendabideak gure zauri kolektiboentzat”. Amu moduan lagatzen dizuet esaldi hau: “Indarkeriak kalte gehien egindako bost udalerrietan (Errenteria-Orereta, Arrasate-Mondragón, Elgoibar, Andoain eta Lasarte-Oria) akordioetara iritsi badira, Eusko Legebiltzarrean zergatik ez?”. Mikroan ahal da, baina makroan ezin.

Makroan, bitartean, posiblea izan da poliziaren abusuen biktimak aitortzeko legea aurrera ateratzea, hala Nafarroan nola Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Istilu artean atera ere, epaibideetara eramateko mehatxuekin lubaki batetik. Azken finean, besteen existentzia ukatuta, besteen humanitatea eta zauriei bizkarra emanda. Diagnostikoa bera ere (poliziek eragindako torturak eta erailketak) ukatzen baduzu, hurrengo urratsa blokeatzen duzu, sendabidea alegia. Zarataren erdian, zorionez, Maria Jauregi eta Iñaki Garcia Arrizabalaga desmarkatu dira Twitterren. Eider Hurtado telebistan “360 Grados” saioan. Edo Edurne Portela “El País”-en (“La caricia y la bofetada”).

Twitterren ere, Aitor Merinok ahotsa altxatu du TVEri ausardia gehiago eskatuz. “El silencio de otros” dokumental saritua (Almudena Carracedo eta Robert Bahar) eskaini dute telebistan egun hauetan, baina “Asier eta biok” ezinbestekoak blokeatuta jarraitzen du. Besteen existentzia ukatuta.

Ukazio eta blokeo horiei buruz zerbait badaki Harkaitz Canok ere, “Fakirraren ahotsa” (Susa, 2018) eleberrian jasotakoa, Imanol Larzabalen bizitza errealaren minetatik abiatuta. Bernardo Atxagak ere blokeoa pairatu behar izan zuen bere garaian “Soinujolarearen semea” (Pamiela, 2003) liburu bikainarengatik, orain zinemara eramandakoa. 

Adiorik gabe, gero eta gutxiago geratzen da “Suminetik eta saminetik bakera”  Zarautzen aurkezteko.

“Errealitatea ezagutzeko, errealitatea kargutzeaz eta errealitatea kargatzeaz gain, errealitatearen kargu ere egin behar da”. Ignacio Ellacuria.

Sareen sarea

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera, Zarautz Errukitsua

IMG_20190405_210113Donostian antolatutako ICIC 19 (International Conferenece on Integrated Care) nazioarteko biltzarraren jarraipena izan zen apirilaren 4ko topaketa. Deusto Health-etik koordinatuta, mahai inguru batean gure ibilbideak konpartitu genituen sei komunitate errukitsutatik: Patxi del Campok Gasteiztik, Julio Gomezek Santurtzitik, Naomi Hassonek Getxotik, Marcos Lamak Iruñeatik, Cristina Castillok Sevillatik eta neuk Zarauztik. Goizeko jardunaldian, Inverclydetik (Eskozia) eta Isle of Manetik (Ingalaterra) ere parte hartu zuten eta bideak zabaldu genituen nolabait eta noizbait harremanetan jarraitzeko.

Aspaldiko lankide eta lagunekin biltzea kontu ederra da, nola batek bestearengan eragiteko gaitasuna daukan, eta zeure maisuak eta erreferenteak direnekin mahai ingurua konpartitzea gauza handia da. Geure kasuan, hiru aurrekari eduki ditu ‘Zarautz Herri Zaintzaileak’ ekimenak urte hauetan:

  1. 2016ko abenduan “Los hospices en la sociedad actual” nazioarteko jardunaldia Gasteizen, Amaia Arce eta biok elkar ezagutu genuenean eta gure herrian zerbait egiteko beharra sentitu genuenean.
  2. Bigarrena, 2017ko martxoan, zerbait hori gauzatu genuenean gure lehendabiziko Death Kafea antolatuz. 21 udalerritan batera hartu genuen parte orduan DC masibo batean, HUCI mugimenduak zirikatuta.
  3. Eta hirugarrena, 2018ko urtarrilean, Getxotik bueltan liluratuta itzuli nintzenean.

2018ko maiatzean abian ipini ginen Anjel, Jabi, Amaia eta laurok, Zarauzko Udalean eta herriko hainbat eragilerekin batera. Julio Gómez izan zen gure aditu gonbidatua, hain zuzen ere, eta Naomi Hasson ere Bizkaitik etorri zen aurkezpenera. Hurrengo hilabetean, SECPAL 2018 biltzarra baino lehen beste DC masibo batean parte hartu genuen, Donostia, Orio, Gasteiz, Getxo eta Arrasaterekin batera.

Uda pasatu ostean, Myriam Berruete-rekin batera errukia martxan ipini genuen 2018ko urrian, “Etxean ala ospitalean hil” hitzaldi arrakastatsuarekin, ‘Zarautz On’ elkartearekin batera. Eta urtea amaitzeko, abendu bereziki gupidatsua eduki genuen: Alde batetik, Hirune Pellejerorekin (“Proyecto Sé+”) Iruñetik etorria Ikastolan saio bat egin zuena ikasleekin. Eta bestetik, Patxi Izagirre “Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu” hitzaldiarekin Antonianon.

Amaitzeko, pasa den astean Eva Bilbao eta Agustin Erkiziak (“Biziraun” elkartetik) herrian emandako hitzaldi mamitsua suizidioari buruzkoa aipatu genuen. Baita datorren hilabetean Zarautzen aurkeztuko dugun obra eszenikoa ere, dolua eta indarkeriari buruzkoa, “S(u/a)minetik bakera” geurea.

Donostiako jardunaldia borobiltzeko, San Telmo museoan “Heriotza, ante la muerte” erakusketa interesgarrian bisita gidatua egin ziguten. Eta, amaitzeko,  “Comunidadades compasivas: creando entornos y personas compasivas con las personas al final de la vida” hitzaldia eman genuen Maider Grajales, Naomi Hasson eta hirurok.

Nolabait, apirilaren 4ko jardunaldi honek jarraipena eman dio lehengo matxoaren 21ean Donostian ere izandako  jardunaldiari, “Humanización y digitalización: nuevas perspectivas para la calidad asistencializenburukoa eta AKEB/AVCA erakundeak antolatutakoa. Bertan, Amaia Arce geureak eta Naomi Hassonek parte hartu zuten.

Sareen sarea ehunduz.

Dolua eta adikzioa

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Dolua

ollarganBizitza den trenbide honetan, geltoki pare bat bisitatu nituen objetorea izan nintzenean. Soldaduzkaren ordez prestazio soziala egin nuenean; Lehenengoa Collado Mediano izan zen, Madrilgo Guadarramako mendilerroan. Bertan zegoen “Proyecto Hombre”-k kudeatzen zuen pisu bat, dozena bat gizonezkorekin, heroinaren menpekotasuna gainditzeko hor bizi zirenak. Bigarrena, Ollargan auzoa (argazkian) zen, Arrigorriaga eta Bilbo artean. “Etorkintza” programa jarraitzen zuten bertakoek, arautegi hain zurrunari jarraitu behar ez ziotenak, PHrekin konparatuta.1995eta ’96 urteak ziren. Pasa den mendean.

Pasa den astean, trenak Amara auzora eraman ninduen, Agipad elkarteak gonbidatuta, Donostira. 20 urte atzera egitea bezalakoa izan zen, atzean utzitako tren geltoki horietara itzultzea legez. Dolu eta adikzioaz hitz egin genuen, dolua nolakoa izaten den gizonezkoengan (drogazale gehienak gizonak direnez). Nola erantzuten dugun sarriagotan isolamendutik, inkomunikaziotik, drogen abusuetatik, portaera arriskutsuetatik. Drogek doluak ekartzen dituzte, heriotzarekin lotutakoak ala ez. Eta doluek drogen kontsumoa areagotu.

Hitz egin genuen halaber heldulekuei buruz, mendiaz, lagun onez, entzutearen garrantziaz, isiltasun tarteen garrantziaz. Eta hitz egin nien muturreko alpinismoaren ajeei buruz, behin eta berriz arriskuaren aurrean egoteko adikzio moduko horretaz, sarritan heriotzan amaitzen dena. Beste muturreko kirol batzuetan ere gertatzen dena.

Artikulu interesgarri hau topatu nuen Interneten eta eurekin konpartitu: “Tres duelos en la adicción”. Bibliografia apur bat ere eman nien (E. Kübler-Ross, A. Payàs). Filmografia ere bai  (“27 horas”, “Leaving Las Vegas”, “In a better world”, “Remontando el vuelo”, “Aulki hutsak”).

Ez du axola hainbeste nondik etortzen zaren, baizik eta zein norabiderantz zoazen. (JL Carod-Rovira).

 

PD.- “Heroinaren hondotik” (Ur Handitan): https://www.eitb.tv/eu/bideoa/ur-handitan-4-denboraldia/6266/151369/heroinaren-hondotik/

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar