Elefanteak etorbidean

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

elephantsonparadeHamarkadak ziren klima aldatu zenetik eta gertaera harrigarriak bata bestearen atzetik bizitzeko ohituta zeuden dagoeneko hiriko biztanleak, urtez urte. Hala eta guztiz ere, elurpean tamaina hartako hamarnaka animaliak Bilteiz hiriko etorbide nagusian behera desfilatzen ikustea, entzutea eta usaintzea ikuskizun erabat txundigarria suertatu zen.

Urteak ziren, halaber, eskala handiko indarkeria herrialdera itzuli zenetik. Eta populazioa beldurtuta zegoen kalera irteteko, bizitza normala egiteko, baita auzokideekin gutxieneko harremana edukitzeko ere. Mesfidantza zen nagusi, inork gutxik ulertzen zituen biolentziaren zergatiak bestalde. Udaletxetik antolatu zuten pakidermoen ekitaldia pizgarri moduan, kirol izarren azken balentria ospatzeko aitzakiarekin.Eta hizkuntza ofizial berrian bataiatu zuten ikuskizuna: “Elephants on Parade“.

Bilteiztarrak, ordea, ez ziren fio. Aspaldian ez zuten antolatzen kongresurik edo ekitaldi handirik etorbideko biltzar jauregian. Europatik ez ziren ia sekula hurbiltzen hiriburu honetara, garai onetan bezala. Hiriko saltoki handi klasikoa ere, “grands magasins”,  ixtear zegoen, alboan banku nagusiaren dorrea ere desmantelatzen ari ziren bezala. Etxeko begiratokietatik hiritarrak asomatu bai, baina balkoietan eta leihoetan, eta are gutxiago espaloietan, inor gutxi baino ez zen ausartzen. Frankotiratzaileen beldur.

Bitartean, trafiko guztia etenda, tranbia, autobus eta ibilgailuen ordez hirurogei eta hamar edo laurogei asiar elefante martxan zeuden elkarri jarraituz, astiro, hegoaldetik iparralderantz. Kirol taldearen ereserkia ozen aditzen zen bozgorailuetatik, hiriko martxa ofizial berriarekin tartekatuz, zirrara eta irrika kolektiboak piztu nahian.

Seinalerik txarrena horixe zen, hain zuzen, kirol erlijioak ere ezin mobilizatzea ia inor.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar