You are browsing the archive for 2019 June.

Arrano buruzuria

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Onkologikoak, Zaintzaileak, Zarautz Errukitsua

BaldEagleIngelesezko izena gora-behera, ez da arrano burusoila, buruzuria baino. Ipar Amerikako hegazti harrapari hau arrantzalea da nagusiki eta, desagertzeko arriskuan egon bada ere, haren presentzia egonkortu egin da Alaskan, Kanadan, Quebecen eta AEBetan.

Biziminaz zoritxarraren aurrean idatzi nuen duela 4 hilabete, abenduaren hondarretan ezagutu nuen bizilagunaren istorioak txundituta. Hitz jokoa eginez gero, “bald eagle”-tik “bold eagle”-ra pasa gaitezke. Burusoila. Ausarta. Kementsua. Natura sendagaia izan daitekeela gogorarazten digun artikuluan, Felix Zubiak aipatzen zuen oinarrizko puntua: Gizakiok ondo sentitzen gara naturan animaliak garelako finean.

Animaliak. Arranoak. Arrainak. Basoan, itsasoan edo lurraren barrunbeetan. Bizilagun buruzuriak. Herri zaintzailea, errukitsua, gupidakorra. Zarauzko geure ekimenak urtebetea egin du, urtebete bizitzaren amaieraren gaia gizarteratzen.

Zeuri dedikatuta, J.

 

Info+: Diario Vascon.

 

Afaloste

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

AfalosteGernika Gogoratuz, Bakeola eta Gernikako Bakearen Museoaren eskutik afari (eta afaloste) oso berezia eduki genuen lehengo egunean Bilbon. Bestelako klabean bazkariak eginda genituen “Umore Ona” txokoan Jokin Alberdirekin, umeak eta gu gazteagoak ginenean, baina aurrekoan otordua nahiko desberdina izan zen. Mamitsua erabat.

Kausalitate hutsa da Gernikatik ekimena abiatu izana. Txarto gogoratzen ez banaiz, orain arte Amurrion, Irunen, Etxebarrin, Donostian eta Gernikan bertan antolatu dute bizipen hau azken hilabete hauetan. Eta bizipena diot lehenik eta behin hori izan zelako, niretzat behintzat, ekintza hau. 20 pertsonok elkarren artean trukatu genituen barrukoak, giro lasaian eta askean. Non nengoen ni hori eta hura gertatu zenean? Hiru zatitan banandu zen ekimena: Afaria baino lehenagokoa, afaria bera eta ostekoa. Lehenengoa izan zen luzeena, aurkezpenak egin genituena eta istorio pertsonalak mugitzen hasi ginena. Koldo R Bengoa lagunarekin joateko plazerra eduki nuen (milesker beste behin ere abegi onagatik). Eta eskatu ziguten sukaldeko osagai batekin  euskal gatazka lotzea. Biok ozpina aukeratu genuen.

Afarian bertan (milesker sukaldariei!), iraganaldia, orainaldia eta etorkizunari buruz hausnartu genuen. Lehendabiziko platerrean, nola bizi izan genituen “The Troubles” orduan, non eta nola harrapatu gintuzten. Bigarrenarekin, orain eta hemen zelan ikusten dugu kontua, “Gauza,” Iban Zalduaren hitzetan. Eta postrearekin ortzemuga nola ikusten eta usaintzen dugun. Oso aberasgarria izan zen Rifetik Euskal Herrira etorritako bi gizon talde honetan egon izana. Plano pertsonalean ere bai.

Elkarbizitza pil-pilean. Zoritxarrez, ez dut uste gizarte honetan modu nabarmenean nola elkar bizi kezka handiegia denik. Aktualitate soziopolitikoak tamalez horixe erakusten digu. Zorionez, pil-pilean jende eta elkarte asko lanean ari da, poliki, emeki. Isilean. Zarata mediatikoetatik at. Bakoitzak ahal duen moduan. (Hedabide ofizialen bidez azken mugimendu baten berri jaso dugu egunotan).

Milesker bihotzez antolatzaileei. Espero daigun Gernikan zeozer polita egitea holako batean…

Europako atlas aringarria

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Onkologikoak ez direnak, Sarean

EAPCAtlasPasa den astean, Iruñean egon nintzen Berlinen izandako EAPCren kongresuaren laburpenean. Carlos Centenok eta lantaldeak bertan aurkeztu zuten Europako atlasa zainketa aringarrien (ZA) inguruan, 3. edizioa hain zuzen ere. Azken urte hauetan Afrika, Latinoamerika eta Mediterraneoko Ekialdeko herrialdeen egoerara hurbiltzeko ahalegina egin dute egileek, eta oraingo honetan geure kontinentearen datuak aztertu dituzte.

Izan ere, urtero 4 milioi pertsona inguru hiltzen dira Europan gaixotasun larriekin lotuta, horietatik 140.000 inguru haurrak direlarik (gehienak gaixo kronikoak, neurologikoak eta kongenitoak). 2014an, %38a minbiziak jota hil zen, %25a zirkulazio gaixotasunengatik, %11a istripu zerebrobaskularrengatik, eta beste hainbeste birikako eritasunengatik.

Atlas honetan 51 herrialderen informazioa jaso dute, eta 4 multzotan sailkatu dituzte: Lehenengoan, arreta hoberena eskaintzen dutenak daudelarik, Irlanda eta Erresuma Batua topatu ditzakegu, besteak beste, eta buruan Austria. Bigarrenean, Frantzia eta Portugal. Hirugarrenean, Espainia eta Errusia. Azkenekoan Turkia eta Grezia.

Zortzi herrialdek, bestela, lege nazionalak dituzte ZA inguruan: Frantzia, Belgika, Luxenburgo, Italia, Portugal, Albania, Alemania eta Armeniak. Beste 8k derrigorrezko unibertsitate ikasketak jasotzen dituzte Medikuntza fakultateetan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Suitza, Estonia, Luxenburgo eta Moldavia), eta 4k Erizaintza eskoletan (Frantzia, Polonia, Austria eta Kirgizistanek).

Mina arintzea da ZAetako zutabea (Lancet, 2018), eta morfina botikarik egokiena. Opioideen kontsumo tasaren arabera, beste 4 multzotan sailkatu dituzte herrialdeak: Lehehengoan Espainia eta Irlanda (eta buruan Austria), bigarrenean Erresuma Batua, Frantzia eta Portugal, hirugarrenean Estonia eta Polonia eta laugarrenean Errusia eta Turkia.

Amaitzeko, 51 herrialdeetatik 44k elkarte nazionalak dituzte: Lehendabizikoa Erresuma Batukoa (APM)  izan zen 1985ean, 1988an EAPC sortu zuten,   1990ean Danimarkakoa (Palliativ), Frantziakoa (SFAP), Espainiakoa (SECPAL) eta Luxenburgokoa (Omega 90), 1994an Alemaniakoa (DGP), 1995ean Portugalgoa (APCP), 1999an Austriakoa (OPG) eta 2002an Poloniakoa (PTMP), besteak beste.

Info+: https://eapcnet.wordpress.com/2019/05/24/new-edition-of-eapc-atlas-of-palliative-care-in-europe-launches-at-16th-eapc-world-congress-in-berlin/

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar