Hilezkortasunaren fantasia (eta errealitatea)

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

hilezkortasunaGizakiaren antzinako ametsa da, Antzinako Egiptoko momietatik gutxienez datorrena. Ezaguna da Walt Disney ekoizle estatubatuarraren inguruko mitoa, haren gorputzaren kriogenizazioari buruzkoa. Ezaguna da Jose Saramagoren “As Intermitências da Morte” liburua, hilezkortasunak gizartean zer eragingo zuen maisuki fikzionatzen duena. Eta ezaguna da Bernardo Atxagaren ipuina, Bagdadeko morroia eta heriotzaren arteko ezkutaketa jolasa islatzen duena.

Gaur egungo gizarte postmodernoaren eldarnioen artean dugu, ‘betigazte’ mantentzearena. Jaungoikoa hil eta gero, Chronos eta Thanatos-en aurka ere ahal izango dugula irrikaz amesten dute hainbatek. Gizakia bera jainko lanetan.

San Telmo Museoaren erakusketa arrakastatsuaren barruan (“Heriotza. Ante la muerte”), zientzia eta filosofiaren arteko hitzaldia eskaini zuten maiatzean María Blasco eta Antonio Diéguez-ek Donostian:  ¿Futuro sin envejecimiento ni muerte? Conversación entre ciencia y filosofía”.  Heriotzarik gabeko promesak. “Immortals?” erreportajea ikus-entzun ahal izan nuen “30 minuts”  TV3eko saioan. Silicon Valley-ko proiektu teknologiko berritzaileak. “California Dreamin’”.

Hala ere, errealitatea tematia da, zoritxarrez edo zorionez. Eta hauskortasunak, zahartzeak, gaixotasun larriek eta heriotzaren kontzientziak bultzatzen gaituzte orainaldian zentratzera. Nahiz eta iraganaldiak sarriegitan gehiago axola orainaldiak baino. Nahiz eta nondik gatozen baino non gauden eta norantz goazen askoz garrantzitsua izan. Denborak aurrera etengabean, abestiak zioen bezala.

Eta naturalak ez diren heriotzen doluak? Indarkeriek eragindako heriotzen doluak, bistan da, oso desberdinak dira. Minbiziak edo bestelako gaixotasun larriek ekarritakoetatik oso diferenteak, jakina. Ezin dugu esan, ordea, dolu horiek guztiek ez daukatela zerikusirik. Izan ere, esango nuke errazago ulertzen duela dolutik pasatako pertsona batek bestelako dolu batetik pasatzen ari den beste pertsona bat bestela baino. Jatorrian hilketa bat egon ala tumore zital bat, suizidioa ala errepideko istripua. Hurbiltasun ideologikotik baino dolutik pasatako jendeak enpatia sentitzeko aukera gehiago daukala esango nuke.

Hitz higatuetatik haratago, elkarren ondoan bizitzea ikasi beharreko zerbait da. Izan ere, denborarekin eta (txarto) erabiltzearren higatutako berben artean elkarbizitza eta memoria daude. Elkarrekin bizitzea batzuentzat da “denok ulertzen dugun hizkuntzaz hitz egitea” da, gizalegea eta errespetuaren izenean. Kontuan hartu barik gizalegea eta errespetuaren barruan sartzen dela hizkuntza gutxitua ikastea eta erabiltzea, elkarrekin hobeto bizi ahal izateko.

Memoriarekin ere berdin. Oroimen selektiboa da, gertaera batzuk gogoan tinko eta betiko, beste batzuk ekidin eta azaletik pasa, deseroso. Alzheimer kolektiboa bultzatzen dute esparru zehatz batzuetan, eta beste batzuetan itsu eta gor jokatu. Puzzleko pieza guztiak balioztatu ezean, bizikidetza luze eta eraginkorra nekez lortuko dugun arren.

Ekimen interesgarriak daude martxan, hala ere. “Afaloste” da horietako bat, Gernika Gogoratuz, Gernikako Bakearen Museoa eta Bakeola erakundeek martxan ipini dutena, eta Bilbon zertan datzan jakiteko aukera izan dut: Elkarte edo txoko gastronomiko batean giro lasaian, afari baten inguruan, pertsona talde txiki bat biltzea (20-30 pertsona) eta euskal gatazka politikoari dagokionez iraganaldia, orainaldia eta etorkizuna modu pertsonalean aztertzea. Norberaren biografian arakatzea bizipen horien bila, non zeunden hura eta beste hura gertatu zenean. Non zauden orain. Norantz zoazen.

Amaitzeko, beste ekimen interesgarri bat da “Gesto por la Paz” erakundeari buruz prestatzen ari diren dokumentala. Lubakien garai haietan, ezinezkoak ematen zuten bi munduen arteko zubiek. Xingola urdinek gurean pizten zuten gorrotoa gaur egun xingola horiek eragiten dute beste batzuengan. Dokumental hark zubia zeharkatzeko aukera emango digu.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar