Begiratu zeure bidean

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Oroimenean

AitaOtsagabiaEz ginen gu etxean oso ‘Aitaren Eguna’ zaleak, edo Amarenak. ‘El Corte Ingles’-eko asmakizun kontsumista zelakoan, ez genituen ospatzen ez bata ez bestea. Ondo eginda, gainera. Asuntoa da semea izateari lagatzen diozunean, eta aita bilakatzen zarenean, beste modu batean ikusten duzula hau guztia zeure bidean.

Kontsumismoarena alde batera lagata, iaz Aitaren Egun ederra igaro genuen Lesakan, nire aitaren herrian. Goizean Kopako Harrira igo, mendian libre, eta eguerdian Kasinoan bazkaldu, askatasun osoz (gauza guztiak bezala, askatasuna apreziatzen dugu galtzen dugunean). Hilerrian bisita aita eta amari, eta buelta etxera etorritako bidetik.

Goiko argazkia 2005eko apirilaren 16koa da, Otsagabian hartutakoa, geure ezkontza egunekoa. Herria, Muskilda eta bideak elurtuta gelditu ziren. Hurrengo urteko maiatzean Pello jaio zen Bilbon, aita jaioberria neu. Eta horren hurrengo urteko uztailean, gure aita hil zen etxean, Donostian. Egun horietan, aita oso nahastuta zegoen jada, ezin zuen hitz egin edo ibili. Auskalo zer pasatuko zitzaion burutik egun horietan, heriotzaren zein kontzientzia eduki ote zuen.

Ondo gogoan dut, ordea, musikak piztu zuen magia. Norbaitek “Los niños del coro” pelikularen soinubanda ipini zuen egongelan, aitak bereziki maite zuen diskoa, eta zelan aldatu zitzaion aurpegia ez dut ahaztuko. Bidean begiratu dut, eta abesbatzako umeak ikusi ditut, ahaztutakoak ez direnak, baita rap bertsio bat ere, azpian daukazuena entzungai.

“Begiratu zeure bidean, ume eskaleak, ahaztu eta galdutakoak. Emaiezu eskua, etorkizun hobea erakusteko” (‘Les Choristes‘).
“Vois sur ton chemin
Gamins oubliés égarés
Donne-leur la main
Pour les mener
Vers d’autres lendemains”

3 responses to Begiratu zeure bidean

  1. Nire etxean ere ez gara ohitura horren zaleak izan, baina ondo diozun bezala ” Ez dakizu zer daukazun falta zaizun arte”.Beharbada orain bere ausentziengatik ez luke zalantzarik izango ospakizunak egiteko. Oso hunkigarria da musikaren indarrari esker (edo lurrinarena edo zaporearena ere bai) hainbeste emozio eta oroitzapen azaleratzen zaizkigula. ” Vois sur ton chemin” itxaropenari egindako kantua da, une zailak igarotzen ari direnentzat. Benetan garrantzitsua zer den erakusten digu.

  2. Milesker Ana, zure iruzkinekin bloga elikatzeagatik. Asko estimatzen dizut.

    • Asko eskertzen dizut, baina komentatzen jarraitzeko bultzada ere izango da , ehh!!! :)

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar