You are browsing the archive for 2020 April.

Bosniako zubiak

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Oroimenean, S(u/a)minetik bakera

Vieux_Pont_de_Mostar_(4)Gerra zehatz batez kontzientzia baldin badaukat bereziki, hori Bosniakoa da. 1992 eta 1995 urte haietan Medikuntzako ikasketak amaitzen ari nintzen Madrilen, eta garai hartan ere beste gatazka beliko handi bat gertatu zen munduan, are oihartzun handiagokoa: Ondo gogoratuko duzue Golkoko Gerra, George Bush aita eta Saddam Hussein aurrez aurre. Hain zuzen ere, gure fakultatean ikasleen erdia kontzientzia eragozle edo objetore bilakatu ginen, haietako asko gerra horrek eraginda.

Bosniako gudara itzulita, 20-24 urte nituen nik, odola bor-bor, eta argi eta garbi lerrokatu nintzen bi bando horietako baten alde. Gainera, urte haietan juxtu Meho Kodro izeneko futbolari bat Errealean ibili zen, 1991tik 1995era, arrakasta handiz. Tipo maitatua, zalantzarik gabe, eta bere bitartez iritsi zitzaigun alde bateko lekukotza. Bizitza oso bitxia da, Kodrok Erreala utzi eta hurrengo urtean beste futbolari bat iritsi zelako, horrek ere arrakasta eta geure maitasuna poltsikoratu zituelako. Beste bandokoa, bestela, hain zuzen ere: Darko Kovacevic.

Urte gutxi batzuk geroago, pelikula xume baina mamitsua ikus-entzun nuen: “No Man’s Land” (2001), bakearen aldeko mezuarekin eta gerraren absurdokeriak erakusten dituena. Gaurko egunkarian, azkenik, “Bosnia zatitu bat” izenburuko artikulua irakurri dut. Gerraren osteko 25 urteko tartea ez hain baketsua plazaratzen dute, baina hortik aterata, pasarte baikor hau:

«Nire familiak Banja Lukara itzultzea erabaki zuen. Duela urte asko, meskita ireki zutenean, tentsio handia izan zen, eta Poliziak babestu egin behar izan gintuen. Baina orain bizimodu normala egiten dugu. Eskoletako nire lagunetako asko serbiarrak dira», azaldu du Tarekek, bizar luzeko bosniak batek, salafista bainoago hipsterra dirudienak.

Bitxia da bizitza, eta bitxia da konfinamendua. Etxetik apenas ez gara irteten, eta aldi berean sekulako bidaiak egitea ahalbidetu dit munduan zehar.

Bidaiatu zeu ere bai. Argazkian, Mostarreko zubi zaharra agertzen da, Kodroren hiriko ikur nagusia. Eta hemen behean “Sevdah” musikaren bideo bat.

Dobro putovanja!

 

Kantu bat bizipozaren alde

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzetik Arintzera

bizipozarenaldeDatuak eta kurbak argiak dira, Osakidetzan, Osasunbidean eta Europako beste leku batzuetan ere. Joera orokorra ona da, beherantz dator. Konfinamendua apurka altxatzen goaz, ate eta leiho batzuk irekitzen. Haizea sumatzen hasiak gara. Eta (oso) atsegina da. Gutxirekin konformatu, bai, baina horrela beti. Pandemia baino lehen eta honen ostean ere, iritsiko denean. Kontu txikiekin disfrutatu. Eta kantuekin.

Lehengo egunean Goienan galdetu zidaten ea orain arte bizi duguna izan den inoiz profesionalki pairatutako okerrena: Bizipen berria izaten ari da, inoiz ez edukitakoa, gutariko gehien-gehienok eta hemen behintzat ez. Ziurgabetasuneko asteak, sasoi txarrak, eta txarragoak inork lehenagotik ziurtasunak baldin bazituen. Maila pertsonalean, momentu puntual dexente okerragoak pairatu behar izan ditut 1996an hasi nintzenetik mediku moduan lanean, erresidente garai hartatik 24 urte hauetan. Momentu gutxi, zorionez, baina ondo gogoratzeko modukoak.

Arrasaten, bestela, Gipuzkoa barruan kasu gehien egon diren lekuen artean egon gara, ez okerrenak baina “top five“-n bai. Kontuan hartuta lau probintzien artean Gipuzkoa kasu gutxien eduki duena izan dela orain arte. Ez gara itota ibili, urtero urtarril-otsailean normalean ibiltzen garen moduan. Batzuentzat asunto berriak izan dira gaixoak hiltzen direla konturatzea, bakarrik ez hiltzearen garrantziaz jabetzea, dolua izeneko prozesu bat existitzen dela… Normala da harridura, honen guztiaren bizkarrez bizi izan bagara orain arte. Eta, noski, “begirada paliatiboak” asko lagundu du. Orain arte egindako ibilbideak, zentzu honetan, ni behintzat sendo sostengatu nau.

Pozean euforiaraino ez iristea, ezta tristuran depresioraino ere. Gorak eta beherak kudeatzea lan konplikatua da, hori ere bai.

Pozik egoteko motiboak ditut.

“Defender la alegría como un destino

Defenderla del fuego y de los bomberos

De las endemias y las academias

De las vacaciones y del agobio

De la obligación de estar alegres”

Mario Benedetti.

 

Apirilean Paris elurpean

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, MikroIpuinak

ParisNeigeApirilean, Zaraitzu aldean hartzak esnatzen hasten ziren garaian, ezkondu ginen Maddi Otsagabia eta biok. Elurpean, Orhipean, Muskildako baselizan, orain dela hamabortz urte. Hamalau urte egingo ditu aurten Unai semeak, eta aurtengo Pazko Asterako pentsatu genuen bidaia bat egitea elkarrekin amona, aitona, izeba, osaba, lehengusua, lehengusina eta geu laurok. Errenteria, Oiartzun eta Zarauztik.

Paris berriro bisitatu dugu beraz, aspaldiko partez, ezkontzako urte hartako abendutik itzuli ez garen hiriburua. Orduan zoritxarra gurekin ibili zen jolasean bueltako bidaian, eta hegazkinez baino trenez etxeratzen moldatu ginen azkenean. Hain zuen ere, aurten trenez joatea erabaki genuen. Ez dok amairu, ez dok malefiziorik. Aurten elurra eduki dugu.

Hamabi pertsona erail zituzten “Charlie Hebdo” aldikzariaren egileen aurkako atentatuan. Philippe Lançon bizirik atera zen hartatik, eta orduko bizipenak kontatuz berak idatzitako “Le Lambeau” liburua eraman nuen bidaiara. Sarraski hauek kutsu apokaliptikoa daukate, dosi txikiagoetan agian. Bestela, aurten neguan mundu osoak pairatutako pandemiak maila gorenera eraman du apokalipsi sentsazio hori, modu kolektiboan. Berdin izan da martxoan konfinamendua altxatu eta herrialde artean jendearen mugimenduak baimendu izana. Topatu dugun Paris oso desberdina izan da, bertakoak kalean bai baina kanpoko turista edo bisitari oso gutxi ikusi ditugu. Bazterrak nahikoa hutsak eta ilararik gabe bisitatu ahal izan ditugu. Sekulako esperientzia.

Zaloa alabak hilabetearen amaieran hamaika urte egingo ditu, eta zoraturik gelditu da hiriarekin. Batez ere Eiffel dorrearekin, hiriko ikono tipiko nagusiarekin. Ederto pasatu dute lehengusu-lehengusinek elkarrekin gora eta behera, argazkiak ateratzen. Unaik beherako bidea eskilaretatik egin du, oinez, saskibaloirako entrenamendu moduan: 1.710 eskailera-maila, 108 solairu. Hor marka!

Hamar pertsona elkarbizitzea ez da erraza, nahiz eta oporretan egon, nahiz eta hiru apartamendu zoragarritan banatuta egon, nahiz eta “La Ville Lumière” liluragarria izan. Are gehiago apirilean elurrarekin, magiak horixe oparitu baitigu. Izan ere aspalditik ez zen horrelakorik gertatzen Frantziako hiriburuan. Ederki edo oso ederki moldatu gara. Posiblea da.

Pazko larunbatean futbol Kopako finala jokatu zuten Sevillan, eta gu Parisen. Partida Eskual Etxean ikusi ahal izan genuen, hori bai. Saint-Ouen udalerrian. Avenue Gabriel Péri, 59. Primeran pasatu genuen, haraino metroz joan ginen apartamentuetatik, bederatzigarren linean. Eta gainera gure aldeko taldeak irabazi zuen.

Hiri honetan badago atrakzio-parke handi eta oso ezagun bat. Geuk beste bat aukeratu genuen, “Parc Astérix”, lasaiagoa (eta merkeagoa). Parisko kanpoaldean dago iparralderantz, Plailly udalerrian, Lille-rako norabidean. Aitona eta amona ez ziren animatu etortzen. Zortzi ume izan ginen egun batez.

Zazpigarren arrondissement. Orsay-ko museo inpresionista: Delicatessen hutsa. Erakusketa berezia zegoen gainera egun haietan, inuiten arteari buruzkoa, Alaskatik Groenlandiara. Izotzak margotuta museo barruan eta benetako elurra kalean. Udaberri zuria.

Sei egun izan dira guztira. Eta horietako batean, falta barik, Notre-Damera hurbildu gara. Katedral suntsitua. Ez zen atentatu islamistarik izan. Hunkigarria da berdin-berdin. Suntsiketaren aurrean hartzen duzun sentipena bitxi-bitxia da.

Esan bezala, bizipen mundiala da hiriburu erraldoi bat lasai bisitatzea, hain jende gutxirekin. Place des Vosgues ederra, adibidez. Etortzen animatzen lehenengo turisten artean egon gara. Beldurrak agintzen du munduan. Baina guri bost.

Sena ibaian ere, berdin. Lau katu montatu ginen ontzi horietako batean, urrun gelditzen ziren jendetzak eta zaratak. Paris uretatik ikustea esperientzia oso gomendagarria da.

Hiru gradu zero azpitik. Hotz handia kanpoan eta hala ere bakea sentitzea, batez ere apartamentura itzultzean. Eta sua piztean.

Berrehun eta hogeita bi harmailako eskailerak daude Sacré-Cœur basilikaraino. 222. Montmartre-ko inguruak ezinbestekoak dira.

Opera bat entzutea Parisen itzela izan behar da, eraikin dotore horietako batean. Beste baterako lagako dugu hori.

Mila hildakotik gora

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Humanizazioa, Onkologikoak ez direnak, S(u/a)minetik bakera

Covid19MapaZenbakiekin neurtzen ditugu osasun datuak, hondamendien ondorioak, hauteskundeen emaitzak, indikatzaile ekonomikoak, greben jarraipen maila… Zenbat hildako, zauritu, sendatu. Zenbat ospitalean, etxean, ZIUetan. Kurbak, portzentajeak, mapak. Filosofia paliatibistaren arabera, badakigu zenbaki guztien atzean izen-abizenak daudela, biografia zehatzak. Humanizazioaren mugimenduan argi adierazten dugu pertsona bakoitzak axola duela.

Aldi berean, neurketak behar ditugu kokapena behar dugulako, non eta nola gauden jakiteko momentu bakoitzean. Mila hildakotik gora daramagu pandemia hasi zenetik Araba, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hau guztia hastear zegoela, ahots ugari altxatu ziren goseteak mundu mailan eragindako zenbaki lizunak gogorarazten: 8.500 ume hiltzen dira egunero desnutriziogatik munduan, adibidez. Azkar irakurtzen diren datuak eta zailak direnak benetan barneratzen.

Mila hildakotik gora, ETAk eta beste talde hiltzaile batzuk (GAL, BVE…) 50 urteetan zehar zenbaki hotz horiek laga zituzten, atzean izen-abizenak eta biografia zehatzak dituztenak. Zerrenda luzea da 5 hamarkadetan 4 probintzietan, 7 probintzietan, Katalunian, Espainian. Horien guztien artean, bi pertsonen istorio konkretuak ekarri genituen SB proiektuan gogora, bi aita, bi alaba.

Zenbakiak. Suizidioarenak ere hausnatzeko modukoak dira. Zenbat hildako eragiten dute egunero minbiziek 4 probintzietan? Zenbat Alzheimerrak hilabetero 7 probintzietan? Biriketako Gaixotasun Butzatzaile Kronikoak Espainian? Bihotz Gutxiegitasunak Frantzian?

Zorion Nazional Gordina ez da zenbakietan bakarrik neurtzen. Hor sartzen dira faktore kualitatiboak ere, kontzeptu abstraktuak, ikusezinak, ukiezinak: ongizate psikologikoa, osasuna, denboraren erabilera, hezkuntza, aniztasun kulturala, erresilientzia, gobernu ona, komunitatearen bizitasuna, aniztasun ekologikoa eta bizitza standardak.

Bhutan da azken kontzeptu global honen sustatzailea. Mapan begiratzen baduzue, Himalaiako ekialdean topatuko duzue.

 

 

Borondatezko bakardadeaz

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Bizi gara!, Zarautz Errukitsua

100egunbakardadeanBakardadea geure garaiko arazo nagusien artean dago. Komunitate errukitsuetan, edozein udalerritan egia esan, erronka handienetarikoa da. Batik bat bakarrik bizi diren adineko pertsonak. Bakarrik eta gaixotasun kronikoekin, hauskorrak. Aste berezi hauetan jende asko honetaz konturatu da.

Badago, bestela, bilatutako bakardadea. Txikitan txundituta gelditu nintzen lehen aldiz jakin nuenean bazeudela monja eta monje batzuk isiltasunean bizi zirenak (direnak). Burgos aldeko cartujoak, adibidez. Komunitatean gauza batzuk egiten zituztenak, eta bestela bakarrik eta isilik egoten zirenak. Misterio handia zen niretzat, ezagutzeko erakargarria alde batetik. Farozainen bakardadea bezala, edo antzera. Erromantikoa bezain gogorra.

Ez dira gutxi, bestela, bakarrik egotearen onurak: Bakea eta sosegua errazago topatzea. Sormena errazago piztea. Enpatia, errukia eta erresilientzia lantzea. Zoriontsuago sentitzea. Beti ere bilatutako egoerak baldin badira, borondatezkoak (“Alloneness” > “Loneliness”*).

Konfinamendu honetan, aurkikuntza ederra egin dut Netflixen. Argazkilari asturiar batek bere buruarekin egindako esperimentua: 100 egun mendi aldean bakarrik igarotzea. Gauza gutxirekin bizi, une kritikoak ondo kudeatu, naturarekin bete-betean konektatu, animalia basatiak grabatu, musika ipini eta dokumental ederra egin. Eta dena paradisu zoragarri batean, Redesko natura parkean.

Antza denez, José Díaz argazkilari honek berea egin zuen XIX. mendeko erdialdean Henry David Thoreauk edukitako bizipenek inspiratuta, “Waldenliburuan jasotakoa: 2 urte, 2 hilabete eta 2 egun bakarrik basoan, New England aldean.

Posiblea da.

 

Grabaketei ekiteko prest

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

DSC05578Askatasuna berreskuratuko dugunean, bistan da, mendira itzuliko naiz irrikaz. Bien bitartean, etxe barruko arrastatzeak bere fruituak eman ditu dokumentalerako, hala gidoia sendotzeko eta aberasteko, nola soinu-bandari ekiten hasteko.

Etxetik mugitu barik bidaiatzea, aditua naiz horretan, eta pandemia garai honetan are beharrezkoagoa daukat. Honi esker, Nepal aldean nabil txangoak egiten. Himalaiako ekialdean, Everest, Pumori eta Cho Oyu inguruetan, eta erdialdean, Annapurnan. Baita mendebaldean ere, Karakorumen, Baltistanen, K2 mendiaren parajeetan.

Noski, tamainak ez du axola, eta Tenako ibarrera itzuli naiz, Tramacastilla, Sandiniés, Sallent, Lanuza eta Pirineos Sur jaialdi haietara. Anayetera, Respomusoko aterpetxera, Gran Fachako tontorrera eta Balaituseko magalera. Eta paisaiekin batera, une haietan egon nintzen pertsona horiek guztiak. Pista asko ematen ari naiz.

Aste honetan, ekoiztetxearen eta partaideen eskuetan gelditu da gidoiaren zirriborroa. Grabaketei ekin baino lehen, pozgarria eta lasaigarria da egituratua edukitzea elkarrizketen nondik-norakoak. Pozik nago, halaber, protagonisten artean topatutako loturengatik, datu eta data batzuk bat egiten dutelako. Jakinda, gainera, grabaketek beti ekartzen dituztela ustekabe onak, are gehiago aberasten dutena proiektua. Mamia, alde batetik, eta bestetik azala: soinuak eta irudiak. Hor sartuko da ikus-entzunezkoen teknikarien magia, horren zain nago.

Hiru ataletan joango da banatuta hirugarren dokumental hau: “Mendian hil”, “Etxean ala ospitalean hil” eta “Mendian bizi. Hirian bizi”. Laugarren atala, berriz, epilogo mamitsua izango da, dedikatoria berezi batekin. Momentuz horrela.

Ortzemugan, Mendi Film 2020ko egunak zehaztuta ditugu, abenduaren 4tik 13ra. Bertigoa ematen dit, ezin uka, baina estimulua ezinhobea da aldi berean.

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar