Apirilean Paris elurpean

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, MikroIpuinak

ParisNeigeApirilean, Zaraitzu aldean hartzak esnatzen hasten ziren garaian, ezkondu ginen Maddi Otsagabia eta biok. Elurpean, Orhipean, Muskildako baselizan, orain dela hamabortz urte. Hamalau urte egingo ditu aurten Unai semeak, eta aurtengo Pazko Asterako pentsatu genuen bidaia bat egitea elkarrekin amona, aitona, izeba, osaba, lehengusua, lehengusina eta geu laurok. Errenteria, Oiartzun eta Zarauztik.

Paris berriro bisitatu dugu beraz, aspaldiko partez, ezkontzako urte hartako abendutik itzuli ez garen hiriburua. Orduan zoritxarra gurekin ibili zen jolasean bueltako bidaian, eta hegazkinez baino trenez etxeratzen moldatu ginen azkenean. Hain zuen ere, aurten trenez joatea erabaki genuen. Ez dok amairu, ez dok malefiziorik. Aurten elurra eduki dugu.

Hamabi pertsona erail zituzten “Charlie Hebdo” aldikzariaren egileen aurkako atentatuan. Philippe Lançon bizirik atera zen hartatik, eta orduko bizipenak kontatuz berak idatzitako “Le Lambeau” liburua eraman nuen bidaiara. Sarraski hauek kutsu apokaliptikoa daukate, dosi txikiagoetan agian. Bestela, aurten neguan mundu osoak pairatutako pandemiak maila gorenera eraman du apokalipsi sentsazio hori, modu kolektiboan. Berdin izan da martxoan konfinamendua altxatu eta herrialde artean jendearen mugimenduak baimendu izana. Topatu dugun Paris oso desberdina izan da, bertakoak kalean bai baina kanpoko turista edo bisitari oso gutxi ikusi ditugu. Bazterrak nahikoa hutsak eta ilararik gabe bisitatu ahal izan ditugu. Sekulako esperientzia.

Zaloa alabak hilabetearen amaieran hamaika urte egingo ditu, eta zoraturik gelditu da hiriarekin. Batez ere Eiffel dorrearekin, hiriko ikono tipiko nagusiarekin. Ederto pasatu dute lehengusu-lehengusinek elkarrekin gora eta behera, argazkiak ateratzen. Unaik beherako bidea eskilaretatik egin du, oinez, saskibaloirako entrenamendu moduan: 1.710 eskailera-maila, 108 solairu. Hor marka!

Hamar pertsona elkarbizitzea ez da erraza, nahiz eta oporretan egon, nahiz eta hiru apartamendu zoragarritan banatuta egon, nahiz eta “La Ville Lumière” liluragarria izan. Are gehiago apirilean elurrarekin, magiak horixe oparitu baitigu. Izan ere aspalditik ez zen horrelakorik gertatzen Frantziako hiriburuan. Ederki edo oso ederki moldatu gara. Posiblea da.

Pazko larunbatean futbol Kopako finala jokatu zuten Sevillan, eta gu Parisen. Partida Eskual Etxean ikusi ahal izan genuen, hori bai. Saint-Ouen udalerrian. Avenue Gabriel Péri, 59. Primeran pasatu genuen, haraino metroz joan ginen apartamentuetatik, bederatzigarren linean. Eta gainera gure aldeko taldeak irabazi zuen.

Hiri honetan badago atrakzio-parke handi eta oso ezagun bat. Geuk beste bat aukeratu genuen, “Parc Astérix”, lasaiagoa (eta merkeagoa). Parisko kanpoaldean dago iparralderantz, Plailly udalerrian, Lille-rako norabidean. Aitona eta amona ez ziren animatu etortzen. Zortzi ume izan ginen egun batez.

Zazpigarren arrondissement. Orsay-ko museo inpresionista: Delicatessen hutsa. Erakusketa berezia zegoen gainera egun haietan, inuiten arteari buruzkoa, Alaskatik Groenlandiara. Izotzak margotuta museo barruan eta benetako elurra kalean. Udaberri zuria.

Sei egun izan dira guztira. Eta horietako batean, falta barik, Notre-Damera hurbildu gara. Katedral suntsitua. Ez zen atentatu islamistarik izan. Hunkigarria da berdin-berdin. Suntsiketaren aurrean hartzen duzun sentipena bitxi-bitxia da.

Esan bezala, bizipen mundiala da hiriburu erraldoi bat lasai bisitatzea, hain jende gutxirekin. Place des Vosgues ederra, adibidez. Etortzen animatzen lehenengo turisten artean egon gara. Beldurrak agintzen du munduan. Baina guri bost.

Sena ibaian ere, berdin. Lau katu montatu ginen ontzi horietako batean, urrun gelditzen ziren jendetzak eta zaratak. Paris uretatik ikustea esperientzia oso gomendagarria da.

Hiru gradu zero azpitik. Hotz handia kanpoan eta hala ere bakea sentitzea, batez ere apartamentura itzultzean. Eta sua piztean.

Berrehun eta hogeita bi harmailako eskailerak daude Sacré-Cœur basilikaraino. 222. Montmartre-ko inguruak ezinbestekoak dira.

Opera bat entzutea Parisen itzela izan behar da, eraikin dotore horietako batean. Beste baterako lagako dugu hori.

3 responses to Apirilean Paris elurpean

  1. Zoragarria, nola gozatu duzuen, Parisen, gainera elurrarekin.Oso deskribatzailea da, irakurtzen, hiritik paseatzera eramaten zaitu, oso azkar. Liburu bat irakurtzen ari naiz, bide batez, momentuz, bikaina. Errealitatea eta fikzioa ere nahasten dira. Eduardo Galeno-aren ” El libro de los abrazos”. 191 mikrokontakizun eta gogoetekin!!, Ez da ezer! Philippe Lanconentzat, ” Charlie Hebdo” atentatutik bizirik atera zen azken pertsonarentzat, patua edo erabaki desegokia izan ziren bere bizitza erabat aldatu zutenak, baina bitxikeria gisa, ondo gogoratzen du izuaren aurretik, jazz musikarien argazki liburu bat erakusten ari zitzaiola lankide bati; liburu horretan Tierney Sutton, jazz kantaria ere egon zitekeen. Bideoarekin eta abestiaren bertsioarekin. “APRIL in PARIS” ederrak!! P.D: Pozik!!! Errealak kopa irabazi zuen!!!!!!

  2. Aupa Real! Milesker Ana loturengatik.

    https://www.youtube.com/watch?v=fCsNg6XB3dg

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar