Zirkuluak mendian eta herrian

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

KurtzebarriHerniora igo nintzen lehenengo aldia duela 18 bat urte izan zen, Alkiza izan zen abiapuntua. Gurutze pilo bat zeuden tontorrean, benetan ematen zuen hilerri bat, behe-laino horrekin. Ez dut sekula horrelakorik ikusi beste inon. Orain dela urte gutxi batzuk Aldundiak erabakia hartu zuen gurutze horietako gehienak kentzeko, espazio publikoa denez, jende askok ez duenez begi onez ikusten heriotza hain lizunki plazaratzea. Atzo berriro igo nintzen Alkizatik hara gora.

Mendiek, gutxiago edo gehiago, deitzen naute. Kurtzebarrik (argazkian) pilo bat adibidez. Batzuk, erakargarriak bezain beldurgarriak dira. Eta Balaitus da horietako bat niretzat. Mikel Cresporentzat, erakargarritasuna zen nagusi. Eta zoriontsua izan zen hara gora iristea lortu zuenean. Ibilaldiaren bigarren erdia, hala ere, ez zuen amaitu. Gutariko inork ez du benetan imajinatu ere egiten zer den guraso batzuentzat horrelakorik gertatzea. Atzo hurbildu nintzen Juxe Zuazua eta Txema Cresporen minera, grabazio erabat emotiboa izan zen, eta esango nuke bakerako bidean ondo doazela. Anai-arreben mina, bestela, sarritan ahaztutakoa da. Ez atzo.

Egileor baserriko ganbaran egin genuen grabaketa, itzela lekua. Antonio Zuazuaren jaiotetxean, Mikel eta Lideren aititea. Eta Izaskun Andonegiren ahotik entzun genuen zein onuragarriak izan daitezkeen dolu kolektiboak dolu prozesu pertsonaletan. Horren testigantza jaso genuen atzo Aretxabaletan, eta datorren astean Iruñean eta Urretxun ere beste hainbeste gertatuko da. Richter eskalako dolu kolektibo erraldoia egon bada Herri honetan, bertako Felix Iñurrategirena izan da. Iñaki Otxoa de Olzarena beste adibide on bat da. Baita Xabier Ormazabalena ere, bakoitza bere tamainan.

Zirkulua apur bat borobiltzeko, soinu-bandan lanean dagoen pertsona, Eñaut Zubizarreta txelo-jolea, Mikelen herrikidea ez ezik haren monitorea eta soka-laguna izan zen. Eta ez hori bakarrik, Eñautek jo zuenez Mikelen aldeko hiletan.

Bistan da, esker ona zerbait zirkularra da.

1 response to Zirkuluak mendian eta herrian

  1. Oso bitxia da! Batzuetan sinestezina, ere bai, nola lortzen eta konektatzen diren istorioak, pertsonak eta lekuak, bizitza honetan!!! Ados nago, esker ona, ikusi daiteke horrela, gauza batzuek ez dira inoiz amaitzen, zure inguruko pertsonengan ereiten duzun gauza on guztia, argi dago geroago , jaso egiten dela. Lionel Hampton ederki deskribatu zuen: “Ezker ona, Memoria BIHOTZEAN gordetzen denean ematen da; eta ez adimenean”.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar