You are browsing the archive for 2020 June.

Hiltzeko beldur barik

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

SensePordeMorirHiltzaileen buruan eta biografian arakatzea lanak eskatzen dituen ariketa da. “Paradise Now” (Hany Abu-Assad, 2005) akaso izango da ikus-entzun dudan pelikularik inpaktanteena zentzu honetan. Zelan prestatzen diren mutil gazte palestinar bi atentatu suizida bat egiteko. Zeintzuk diren zergatiak, indarkeria praktikatzeko arrazoiak, paradisura lasterbidetik iristeko. Bizitzeko urte mordo bat aurretik edukita, bizitza galtzeko beldur barik jokatzea.

Antzeko helburuak ditu Anna Teixidor kazetariak “Sense por de morir” liburuarekin (Pòrtic, 2020). Zer ote zegoen Rambletako eta Cambrilseko atentatuak egin zituzten “Ripolleko mujahidin” haien buruen barruan, 2017ko abuztuaren 17an? Zelan bihurtzen den hiltzaile pertsona gazte bat erlijioaren (!) izenean? Interesgarria da horrelako barrunbeetara hurbiltzea, behin eta berriz errepikatu diren atentatu mota hauek ulertzen saiatzeko.

Liburuaren beste helburu bat izan da atentatu hauen atzean ea egon den beste ardurarik ikertzea. Esku zikinak ezkutatzen dituzten sekretu ofizialak. Aste hauetan, 1980ko hamarkadetan 27 erailketa egin zituen GAL erakundearen atzean ezkutatzen ziren esku zikinen “sekretu” ofizialak berriro azaleratu dira. (Ingelesezko Wikipedian sartuz gero, honi buruz zalantza gutxi dituztela irakur dezakezue).

Egia jakitea beti da garrantzitsua, eta horren bidez justizia lortzea. Emaitzak, halabaina, ez dira beti gogobetegarriak. Alderantziz, etsigarria da kasu askotan (edo gehienetan). Bihotzak altxatzen dituena (neurea bai behintzat), enpatia eta elkartasun adierazpenak nabaritzea da, bestela. Ustez “aurreko lubakian” egon beharko ziren pertsonek horrelako keinuak egiten dituztenean… Miresgarria da. Eta, hoberena, ausardia hori daukan jendea egon badagoela. ETAren biktimak GALen biktimei elkartasuna adierazten, eta alderantziz,

Ulertzen saiatzea, behintzat.

Itsasoari begira

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

santarbaSeigarren egunean, Pagoetan aterperik ez, eta ezin izan dugu azkenean bertan grabatu. Muino txiki batekin ordezkatu dugu, Santa Barbarakoa. Eta Telmo Esnalek aukeratu zuen Torreoiarekin, gogoratuko zarete ba “Dantza” pelikularen ezkontza sekuentziarekin… Hor aterpe dotorea topatu genuen.

Aurreko astean bezala euria eta lainoak lagun, Felix Zubiak itxaropenak bete zizkigun. Apostu segurua zen, eta jorratu genituen gaien artean Xabier Leteren heriotza, intentsiboen unitateen humanizazioa eta geure inguruko mendiak egon ziren. Felixek badaki zer den modu intentsiboan bizi, eta horixe da dokumental honen mezu nagusietakoa. Opari gisa, bertso ederra bota zigun, jasota gelditu dena. 

Atzoko grabaketarako hilerri batean gelditzea erabat koherentea zen, hor agertu zitzaigun Iñigo Suberbiola, aspaldiko saltsakide, lankide eta musikaria. Etxean hil, baserrian edo kalean. Horri buruz, eskuineko hemisferioaz eta mendebaldeko munduaz solasean ibili ginen. Abesten ere ipini genuen, Santarbako zelai batean, itsasora begira. Bizitzari zuku-zuku ateratzea, hor erronka, irrikaz eta errukiz.

Sortu zen giroa oso atsegina izan zen lauron artean, eta jario naturala. Hainbeste, non Susana Llavina euskarara igarotzen zen ohartu barik haren katalan gozotik. Bartzelonako hizkera eta Vicekoa nahikoa desberdinak dira, eta hala da leku batean bizitzea (eta hiltzea) ala bestean. Ospitalean ala etxean. Mendian ikasten den guztiaz ere jardun genuen, jakina, Torreoia ordubetez geure etxea bihurtuta.

Bilbotik Zarautzera. Etxetik etxera. Hilabete honetan 5 urte beteko dira hona etorri ginela bizitzera.

“Azken arnasa ematen dugu eguzkitik eguzkira. Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira”

 

Hitzordua tontorrarekin …Pagasarrin

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

pagasarrilainoaLaino, ipar haize eta euriarekin, hain zuzen ere behar genuena. Ura eguzkia bezain garrantzitsua da, landareentzat, animalientzat eta pertsonontzat, noski. Eta atzoko grabaketa ikusgarria izan zen horren aldetik. Ez dakit ez ote dugun ekarri kartelerako argazkia eta guzti.

Atzoko protagonista, Juanjo San Sebastian, Fika kaleko 4. portalean jaio zen, etxean. Pello eta Aiora, geure seme-alabak, Fika kaleko 12. atarian jaio ziren, ospitaletik igarota. Etxean jaio, ospitalean jaio, bi garai desberdinak. Ni neu Bilbon jaio ez nintzen arren, neure hirira itzuli nintzen atzo, ahal dudan bakoitzean egiten dudan moduan. Sarritan Pagasarrin egondakoa, atzokoa igoera berezi-berezia izan zen, Juanjorekin egindakoa.

Atxo Apellanizen heriotzarekin edukitako bizipenetatik abiatu ginen, K2ra bidaiatu ginen, hitzordua tontorrarekin geneukan. Karakorum eta Bilboaldea, tamainak axola du. Eta axola du bibak batean bizi dezakezun bakeak, mendian zeru azpian lo egiterakoan, hau izan da atzoko solasaldian gelditu zaidan mezu nagusietako bat. Axtxikin probatu dut nik bibakeatzea, Urkiola aldean, eta zoragarria da. Zer izan behar da 4.000 metrotan? 5.000tan? Axola du altuerak.

Axola du baita ere etxera itzultzeak, tontorrera igotzea bidearen erdia da. Felipek eta Juanjok argi laga digute. Eta egokitzea norberaren mugak erronketara, izan adinarengatik edo beste baldintza batzuengatik. Mendian eta hirian, herrian, kalean… Atzokoa Bilbao la Vieja-ko kaleetan amaitu genuen, San Antoneko zubiaren inguruan. Botxon euripean egon ez denak ez du Bilbo ezagutzen.

Hurrengo hitzordua, Pagoetako tontorrean.

 

 

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar