Aizarna-Tamu

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

SantaEngraziZazpigarren eta azken grabaketa egunean lehenengora itzuli ginen, borobila eginez. Felipe Uriarterekin hasi eta amaitu ditugu grabazioak, atzo hurbildu baitzen Aizarnara, Izan ere, berriro lanean ipini genuen, Suku Mayarekin nepaleraz berbetan jardun baitzuten biek. Felipe orain dela 40 urte baino gehiago hasi zen Nepalera bidaiatzen, eta hango hizkuntzekin izan duen zaletasunak fruitu eder hauek ekarri dituzte, dokumental honetan islatu nahi izan duguna.

Bestela, Sukuren istorioa zen atzoko elkarrizketa xede nagusietakoa, eta harekin batera Beñat Arrue  mendigoizale aizarnar gaztearena. “Pumori. Mendiaren alaba” (Iban Gonzalez, 2019) dokumentalean jasota daude bi istorioak, baina geurean beste ikuspuntu bat eman nahi izan diegu, puzzle zabalago batean txertatuta.

Atzoko igoera laburra izan zen, azpiko benta zaharraren ondoko aparkalekutik abiatu ginenez. Hala ere, material guztia igotzean konturatu ginen zein urrun gauden xerpa herriak Himalaietan egindako esfortzu itzel haietatik, tona horiek guztiak altuera haietan garraiatzen dituztenean. Suku bera lan hauetan ibili izan da nerabetan.

Orain dela 3 urte Euskal Herrira ekarri zuten Nepalgo Tamu herri txikitik Beñaten gurasoek, Pello Arrue eta Arantxa Gurrutxagak. Sukuk giltzurrun-gutxiegitasun aurreratua zuen, eta dialisia behar zuen bizirik jarraitzeko. Aizarnatik Donostiara joan-etorriak egiten egon da denbora honetan, harik eta pasa den otsailean giltzurrun-trasplantea Gurutzetan egin dioten arte. Tragediek batzuetan bigarren aukerak ekartzen dituzte, eta Beñaten heriotzak Pumorin nolabait ekarri dio bizitza Sukuri, bigarren aukera bat. Oparia izan da berarentzat, baita Arantxa eta Pellorentzat ere.

Bizitza krudela bezain eskuzabala izan daiteke. Aulki hutsek hutsik jarraitzen dute, inor ez da eseriko bertan, baina gertatu daiteke norbaitek gehitzea beste aulki bat mahaira eta bertan eseri. Norbait hori Suku izanez gero, alaitasuna, gaztetasuna eta  bizipoza ekarriko ditu mahai horretara. Bai, esker ona zirkularra izaten da sarritan.

Eguraldia lagun, euria eta lainoa alegia, atzo elkarrizketekin amaitu genuen. Orain muntaketa dator, pelikula baten beste lan handia bezain gozagarria.

1 response to Aizarna-Tamu

  1. Hausnarketa ederra benetan!!
    Aulki hutsek hutsik jarraitzen dute, inor ez da eseriko bertan baina gertatu daiteke norbaitek gehitzea beste aulki bat…………

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar