Heriotzaren kostaldean

%A %B %e%q, %Y in MikroIpuinak

costadamorteAnxo Antelo landa-medikua zen bokazioz. Médico rural, haren etxeko atean agertzen zen moduan. Galiziatik kanpo jaiotako galiziar horietako bat zen, eta Costa da Morte eskualde atlantiarrean bizi eta lan egin zuen. Izan zitekeen Polperro, Cudillero edo Elantxobe, baina Muxía, Fisterra eta Camariñas izan ziren bere lan eremuko herriak, bereziki hirugarrena.

Naufragioak, tuberkulosia eta azkenik birus misteriotsuak ezagutu zituen. O cancro eta bronkitis kronikoak ere, jakina. Orduko antibiotikoak eta botikak ez ezik, eukalipto eta sendabelarrak ere erabiltzen zituen. Alvaro Cunqueiroren ipuin horretan bezala, “Brandy Tres Cepas” errezetatzen zuen, eta herren zebiltzanei korrika egiten zutela amets egiteko aholkatu.

Umeak munduratzen lagundu zituen, “o máis fermoso que me tocou na miña vida profesional”. Eta hiltzear zeudenen alboan egoten ere ondo zekien. Jaiotzaren eta heriotzaren emaginengandik ikasi zuen, liburuetan eta Interneten ez dagoena ere. Baina barruan zeukan zera hori txikitatik, gaixoek hainbeste preziatzen zutena.

Zaldiz parrokiarik parrokia, bide zahar berdeetatik, modurik seguru eta hoberena zen toki batzuetatik ibiltzeko. Zirimiria, ipar-ekialdeko haizea, lanbroa, elurra edo eguzki kiskalgarria lagun. Orballo, nordés, brétema, neve ou sol abrasador. Baita kaioen txilioak ere, gaztainondo, lizar eta haritzak jaun eta jabe zirenean eukaliptoen ordez. Petroliontziaren hondamendia baino askoz lehenago.

Anxo hil zenean, Camariñasen ez zioten izena ipini kale bati, aho batez egingo zuten moduan, berak horrelakorik ez zuelako nahi behin baino gehiagotan esanda laga zuenez. Bizi izandako etxea, hala ere, landetxe bihurtu zuten, “A casa do médico”, ideia txarra izan ez zena. Museo txikia ere bazen. Atsedenlekua asteburuetan eta  oporraldietan.

Leku desberdina. Bizitzaren kostaldean.

José Ramón lagunari, esker onez.


 

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar