You are browsing the archive for 2020 September.

Kultura segurua eta osasuntsua da

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil, S(u/a)minetik bakera

MendiFilm2020

Joan da uda, oporraldi bitxiak izan dira aurtengoak, bitxia da bizitza hau bera. Jairik ez hiriburuetan, ezta herrietan ere. “Bertan behera” eta “datorren urtean” mezuak behin eta berriz entzun behar izan ditugu.

Birus honen bigarren olatua uztailaren erdialdean hasi zen altxatzen, ekainean askok beste panorama bat edukiko genuela pentsatzen (desiratzen) baldin bagenuen ere. Momentuz ez gaude martxoan edo apirilean bezala, zorionez, olatua apur bat moteltzen ari dela dirudi. Ikusiko dugu…

Bitartean, geldirik egon ez den jendea martxan ibili da. Eta hori bihotz altxagarria eta arima betegarria da. Donostian aurrera atera dituzte Jazzaldia, Musika Hamabostaldia eta Zinemaldia, ezohikoak, baina ez dira burumakur etxean geratu. Gasteizen ere Jazzaldi modukoa. Iruñean “Flamenco on Fire” . Baionan “Rencontres sur les docks”. Bilbon Alondegiaren 10. urteurrena orain ospatu dute, eta udaberrian izan behar zen Loraldia udazkenean berreskuratuko dute. Zarautzen Literaturia antolatu ahal izan dute. Arrasaten martxan daude berriro Kooltur Ostegunak… Kulturaz ari garenez, pandemiaren alde ona izan da udaran zezenketarik ez dela egon gure herrialdean. Betiko izango balitz, askoz ere pozgarriagoa izango litzateke.

Bestela, azpimarratu behar da beldurren artean bizitzea ez dela batere osasuntsua, arlo psikologikoa bigarren planoan ezkutatzen batzuk saiatzen badira ere, arlo fisikoarekin orekan mantentzea ez da luxuzko kontu bat, zerbait behar-beharrezkoa baizik. Eta kultura da beharrezko txerto emozional horietako bat, benetako txertoen zain gauden bitarte honetan.

Donostiako Zinemaldian, ‘best seller’ liburu ezagun batean oinarrituta, aurrekontu handiko ekoizpen handi bat aurkeztu dute, hamarkadetako indarkeria politikoaren ondorioak aztertzen dituena. Promoziorako erabilitako kartel erraldoiek sumindu dituzte aberriaren ikuspuntu bat daukatenak. Orain dela ia 20 urte aurkeztu zuen Julio Medem zinemagileak mugarria izan zen dokumentala, “Euskal Pilota, larrua harriaren kontra”. Ariketa ausarta, ederra eta zintzoa. Orduan uko egin ziotenak bertan agertzeari, suminduta filmaren kontra egin zutenak, orain suminduta daudenengandik oso urruti ez dira egongo.

Ia 20 urte igaro dira, eta tamalez mugimendu gutxi egon dira aberriaren ikuspuntu hori duten horien artean. Medemen pelikulan bezala, hala ere, antzerkian, literaturan eta zineman bertan ez dira gutxi izan proposamen itxaropentsuak denbora tarte honetan. Eta hoberena dena, bizitza errealean ere. Julen Mendozak eta José Miguel Cedillok eduki zuten topaketa gogoangarri hura duela pare bat urte, eta Cedillok orain animatu da orduko bideoa publiko egiteko Twitterren: Gogoratuko zarete, polizia zen haren aita ETAk erail zuen Perurena baserriaren inguruan, gaur egun oso jatetxe ezaguna dagoen aldean, Errenteriako baserri gune batean. Merezi du bideoa entzuteak, Gipuzkoan jaiotako sevillar bat euskaraz egiten saiatzen entzuteak. Dolua aurrera zelan eraman duten berak eta amak entzuteak. Adiskidetze eta elkarbizitzaren aldeko ariketa ausarta, ederra eta zintzoa.

Geure txikian, “S(u/a)minetik bakera” ere geldialditik ateratzeko prestatzen ari gara. Soraluzen martxoan egin behar genuen emanaldia berreskuratu nahi dute “Baketik” elkarteak eta Udalak, eta saiatuko gara Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco gurekin egoten solasaldirako. Bestela, Mikel Zabalzaren erailketaren 35. urteurrena da, eta Orbaitzetan emanaldi bat egitea proposatu digute. Hain zuzen ere, aurtengo Zinemaldian “Non dago Mikel?” dokumentala aurkeztu dute. “Patria”-ren oihartzun mediatikoa sekula edukiko ez duena, baina berdin-berdin lan interesgarria, eta are ezinbestekoa, izango dena.

Amaitzeko, abendua aldean Bilbon urtero antolatzen duten Mendi Film Festival ere zutik dago, antolatzaileek aurrera ateratzeko enbidoa egin dute. Bertan, doluaren trilogia borobilduko duen “Mendian hil. Hirian hil” aurkezteko aukera edukiko dugu, birusaren baimenarekin. Geldirik ez egoteko erabakia hartu nuen apirileko etxealdian gidoiarekin, maiatzean eta ekainean jo eta ke filmatzen ibili ginen, eta azken hilabete hauetan muntaketa lanei modu dotorean ekin diegu Arteman Komunikazioaren etxean. Sufrimendurik gabe, ondo lagunduta eta leku egokian, mendian ala hirian heriotza, Himalaian ala Debagoienean. Bihotzez egindako lan hau bihotz askotara iristea da geure helburua, aurreko bi lanekin egin dugun moduan.

Kultura segurua ez ezik, bihotz eta arimaren pozgarria ere badelako.

 

Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak

%A %B %e%q, %Y in Antropologia apunteak, Literaturan, Mendian Hil Hirian Hil

mendiakdantzaMendian bizi, naturan txertaturik, animalia, landare eta elementu bizigabeekin harreman zuzenagoan. Batzuetan bukolikotzat jotzen duguna, “infernu handi”-tik gertuago dago. Mendian bizitzea, hautu kontzientea baino, inertzia historiko familiarra da. Noski, oso harmonikoa ere izan daitekeena: Herri txiki, paradisu handi.

Hirian bizitzea bezala, kasu gehienetan beste aukerarik ez dago. Badaude hiri eta herri bizigarriagoak beste batzuk baino, gure esku dago batzuetan modu batean edo bestean egon. Bereziki garrantzitsua da zentzu horretan Juanjo San Sebastián-en aipamenak geure dokumentalean: Batzuetan basatiago sentitu nahi dugu, beste batzuetan eroso gaude kaletar moduan. Aukera bat edukitzea hanka bat mendian edukitzeko eta bestea hirian. Eta dudarik ez dago Bilbo hiri bizigarri horietako bat dela, aje guztiak gora-behera.

“Canto jo…” liburuaren euskarazko itzulpena irakurtzen ari naiz (Alberdania, 2020). Irene Solà egileak eramaten gaitu Camprodongo haran piriniotarrera, Ripollès eskualdeko iparraldera, Ipar eta Hego Kataluniako muga menditsutara. Mugako liburua da, bizitza eta heriotzaren artekoa. Natural-naturala, non animaliek eurek eta hodeiek ere hitz egiten duten. Bidaia ederra.

Beste behin, burura etorri naiz blog honetan hainbestetan aipatutako “Euri horia”, Julio Llamazaresena. Landa inguruneen odolustea, itzulerarik gabeko exodoa, mendeetako mundu baten desagerpena. Denok gertuagotik edo urrunagotik bizitzen ari garena, gurasoena ez bada mundu hori, amon-aitonena izan dena.

Zirraragarria da korrontearen aurka igotzen diren izokinen ahalegina. Lanuza eta Lakabe guztiak. Eta liburu honetako haizea, euria, usainak, soinuak eta irudiak.

 

Esker mila, Nagore.

 

Postigoren kronikak: Urte haiek

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Oroimenean, S(u/a)minetik bakera

postigoFernando Postigo Silva argazkilari donostiarrak urteetan lan egin zuen “Diario Vasco” egunkarian. Haren biografia interesgarritik haratago, 1977-2001eko tartean egindako argazkien bilduma erakusgarri dute San Telmo museoan azaroa arte.

20 eta piko urte haietako gehien-gehienak Euskal Herritik kanpo eman nituen. 1971an jaio nintzen ni, eta 77-79ko lehenengo argazki horiek Diasporakoa garai hartara eramaten naute. Badago bat Star Wars-eko lehenengo pelikula Zinemaldian Carrie Fisher eta Harrison Fordek aurkeztu zutenekoa. Bestela, Arconada, López Ufarte eta Satrustegi gazteen erretratua aldagelan, irribarretsu, natural, gaurko aditibo horiek guztiak barik. Eta Atotxa! Tenplua ezagutzeko zortea eduki nuen, eta giro hura. Madrilen eta Valladoliden bizitzen harrapatu ninduen txapeldunak izan ginenekoak.

Donostiako portua, ordukoa, itsasontzi horiekin guztiekin bete-beteta. Lekeitiokoa ezagutu nuen nik urte haietan, uda zoragarri haietan. Kaleko manifestazioak, gizon bizardunak, ukabilak, ezinbestean Edurne Portela idazle santurtziarraz eta “Mejor la ausencia” haren liburuaz gogoratu naiz. Hor ere heroina agertzen zen, Postigoren argazkietan bezala, “27 horas” pelikulan bezala, bere gordintasunean.

“Argala”. Aita Barandiaran. Carlos Garaikoetxea. Adolfo Suárez. Felipe González. Joseba Arregi. Mikel Zabalza. Joan Paulo II.a. Albako Dukesa. ETA p.m. (VII. Biltzarra). Joan Manuel Serrat. Lou Reed. Alfredo Landa. Victoria Abril. Enrique Rodríguez Galindo. Pakito Arriaran. Leonard Cohen. Txomin Iturbe Abasolo. Luis Roldán. Jorge Oteiza. Eduardo Chillida. Joaquín Sabina. José María Ruiz Mateos.

Eta Morlans auzoko tiroketa 1991an. Zarautzen nengoen, eta “Hertzainak” ikus-entzutera joan behar ginen Donostiara. Manifestazioa eta kale borroka egon ziren kontzertuaren ordez. 1996an Fernando Múgica eta Gregorio Ordóñezen erailketak. Negu hartan sekulako elurtea kostalderaino iritsi zen, eta udaberrian Euskal Herrira lan egin eta bizitzera etorri nintzen, bertan gelditzeko asmoarekin. Euria dago presente ordurarteko argazki haietan, ordutik badakigu zer gertatzen ari den klimarekin.

José Ortega Lara, 1997 (4 urte geroago Arrasateko ospitalean hasi nintzen lanean, udalerri horretan bahituta eduki zuten). Miguel Ángel Blanco, urte hartan bertan, lurrikara 24ko magnitudekoa Richter eskalan. Lekeition nengoen erail zutenean, eta Bilbon bertatik bertara bizi nuen ondorengo egunetan kaleko giro tentsio handikoa. José Luis López de Lacalle. Odón Elorza. María San Gil.

Iñurrategi anaiak. Kursaal Jauregia (eta Guggenheim). Harkaitz Cano. Rigoberta Menchú. Mikel Laboa. Lilatoia. Pedro Subijana, Juan Mari Arzak, Karlos Argiñano. Anjel Lertxundi. Irungo San Martzial…

Eta agertzen ez direnak baina gogoratzen ditugunak.

Enigma eta estigma artean

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Humanizazioa

UIK 2020Udako ikastaro bat antolatzea eta aurrera atera ahal izatea, beldur kolektibo honen erdian, jada arrakasta da. Aurrez aurrekoa eta ‘on-line’ bidez aldi berean izatea, txalotzekoa, eta edukiera beteta egotea lortzea, poz-pozik egoteko modukoa. Hau gertatu da bi egun hauetan, Donostiako campusean, suizidioari buruzko ikastaroan (EHUk + Biziraunek antolatuta).

Hemen laburpen bat, apunteen bidez:

Agustin Erkiziak, ikastaroko zuzendaria, beste pandemia honen zenbakiak gogoratu zituen, 800.000 pertsona  urtero hiltzen dira munduan euren buruaz beste eginda. (Birusaz gain, ematen du badagoela zertaz kezkatzeko). 

Joxe Arregi teologoak, Noa Pothoven neska herbeheretarraren zoritxarreko kasua ekarri zigun, eta honen haritik,  Francisco Aita Santuak erakutsitako talante desberdina, epaiketarik gabekoa. Dotrina katolikoan aldaketarik ez dela egon aitortu zuen Joxek, hala ere. Bestela, suizidio batean humanitatea eta onginahia egon daitezkeela esan zuen. Eta suizidak martiriak direla, etimologikoki “lekukoak”.

Andrea Gabilondo psikiatrak Euskadiko estrategiaz jardun zuen, 2019an abiatuta. Arazo hauei alde askotatik aurre egin behar diegula azpimarratu zuen, osasungintzatik ez ezik, hezkuntzatik, zerbitzu sozialetatik, instituzioetatik… Eta datu batekin gelditu naiz: Suizidioen %25-30a prebenitu daiteke. Kokatzen hasteko.

Ernesto Gutiérrez-Crespo psikopedagogoak nerabeei buruz hitz egin zigun. Bullying aipatu zuen faktoreen artean, gizonezkoengan suizidioaren prebalentzia askoz handiagoa, eta adin hauetako pertsonekin bizitzaren zentzua topatzearen garrantziaz.

Pedro Martín-Barrajón psikologo madrildarrak zelan izaten den emergentzietako arreta suizidioan azaldu digu. Bai, pelikulan agertzen dena bizitza errealean ere gertatzen da. Esaldi bat, Edwin S. Shneidman suizidiologia modernoaren aitarena: “Suizidioa behin betiko irtenbidea da sarritan iragankorra den arazo baterako”. Halaber, koronabirusa eta suizidioaren arteko lotura iradoki zuen…

Jon Garcia Hormaza psikiatrak suizidio arrazionalaren kontzeptua ekarri digu, ondo hausnartutakoa dena eta bulkadekin lotuta ez dagoena. Hor, hain zuzen ere, prebentzioak badauka zeregina. Halaber, autopsia psikologikoak ere existitzen zirela berria izan da niretzat.

Mahai inguru berean heriotza duinari buruz tokatu zait jardutea, nahi baino luzeago joan zait, gustura. Eutanasia, ortotanasia, zainketa aringarriak, heriotza ona definitzeko hamaika gakoak. Eta distanasia beste aldean, basakeria terapeutikoaz, utzikeria terapeutikoaz.

Eva Bilbao erizaina, gure mahaian moderatzaile, hurrengo mahaian hizlari ibili da. Bihotza ipini dio bere tarte horretan, eta bere ohiko grina transmititu du, erabat ongi etorria dena. Biziraunen izenean aritu da, gaur egun estatu mailan elkarterik aktiboenetakoa dena (Aurtengoa, laugarren uda ikastaroa!). Pozik eurekin bidelagun izateaz!

Andoni Ansean Espainiako Suizidiologiaren presidentea da eta ikastaro hauen ko-antolatzailea, erreferentziazko aditua esparru honetan eta egun hauetan aurrez aurre ezagutu ahal izan dudana. Gasteiztar bat Madrilen.

Enrique Sainz de Murieta foruzaina da, eta oso pozgarria da ikustea polizien artean ere (suhiltzaile eta abarrekin bezala) humanizazio prozesuetan interesatzen direla, entzutearen garrantziaz, aldamenean egotekoaz, disponibilitatea erakustekoaz.

Amaitzeko, Edurne Pasaban alpinistak lehenengo pertsonan kontatu digu zer den suizidiotik bizirik ateratzea, inolako zentzurik ez topatzea bizitzari, kaleko jendeak pertsona arrakastatsua zarela uste arren. Familiaren eta lagun onen garrantziaz. Zortzimilakoak izan ziren bizitzari lotuta jarraitzeko heldulekua. Eta orain esparru honetan buru-belarri laguntzen dabilela.

Ederrak irakaspenak. Oso eskertuta.

Hitzez ezin

%A %B %e%q, %Y in Literaturan

Amazonas

Mistikoa eremutik itzuli egin zen. ‘Konta eiguzu’, esan zioten, ‘Jainkoa nolakoa den’.

Baina, nola esan ziezaiekeen hitzez bere bihotzean sentitu zuena? Jainkoa hitzak mugatu ote dezake?

Azkenean formula eman zien -ez zehatza, ez egokia-, baina zera itxaron zuen, beraiek ere saiatuko zirela esperientzia hori euren barnean sentitzen.

Haiek formula ikasi egin zuten eta testu sakratu bihurtu. Besteei sinesmen santu bezala inposatu zien. Neke haundiak hartu zituzten atzerrietan zabaltzeko. Batzuek bizia ere eman zuten formulagatik.

Eta mistikoa triste zegoen. Agian hobe egingo zuen ezertxo ere esan izan ez balie.

(“Formula”, Tony de Mello).

 

 

Esploradorea bere jende artera itzuli zen, eta bere etxekoek Amazoniaz jakiteko gogo bizia zeukaten. Baina, nola adieraz zezakeen hark hitzetan, hango lore ezezagunak ikustean eta basoko gau-hotsak entzutean bere bihotzean sentitu zuena? Nola aditzera eman basa piztien arriskuan eta bere kanoa ibai azkarretan zihoanean, bere barnean nabaritu zuen ikara?

Hala esan zien: ‘Joan eta ikusi zeurok’. Gidatzeko mapa bat egin zien. Haiek mapa hartu eta koadro batean Udal Etxean jarri zuten. Eta bakoitzarentzat kopia bat atera zuten. Eta kopia zeukan guztiak bere burua Amazona ibaiaz aditutzat zeukan. Ez al zituen, abad, oso ondo ezagutzen ibai-kako eta -kolko denak, haren zabala eta sakona, non zihoan akar, non zeuden ur-jausiak?

Hala esan ohi da, Budhak, Jainkoaz hitz egiteko eskatzen ziotenean, oso gogor ezezkoa ematen zuela.

Oso ondo ezagutzen baitzuen, ze arrisku handia den siloiko esploradoreentzat mapak egitea.

(“Esploradorea”, Tony de Mello).

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar