Enigma eta estigma artean

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Humanizazioa

UIK 2020Udako ikastaro bat antolatzea eta aurrera atera ahal izatea, beldur kolektibo honen erdian, jada arrakasta da. Aurrez aurrekoa eta ‘on-line’ bidez aldi berean izatea, txalotzekoa, eta edukiera beteta egotea lortzea, poz-pozik egoteko modukoa. Hau gertatu da bi egun hauetan, Donostiako campusean, suizidioari buruzko ikastaroan (EHUk + Biziraunek antolatuta).

Hemen laburpen bat, apunteen bidez:

Agustin Erkiziak, ikastaroko zuzendaria, beste pandemia honen zenbakiak gogoratu zituen, 800.000 pertsona  urtero hiltzen dira munduan euren buruaz beste eginda. (Birusaz gain, ematen du badagoela zertaz kezkatzeko). 

Joxe Arregi teologoak, Noa Pothoven neska herbeheretarraren zoritxarreko kasua ekarri zigun, eta honen haritik,  Francisco Aita Santuak erakutsitako talante desberdina, epaiketarik gabekoa. Dotrina katolikoan aldaketarik ez dela egon aitortu zuen Joxek, hala ere. Bestela, suizidio batean humanitatea eta onginahia egon daitezkeela esan zuen. Eta suizidak martiriak direla, etimologikoki “lekukoak”.

Andrea Gabilondo psikiatrak Euskadiko estrategiaz jardun zuen, 2019an abiatuta. Arazo hauei alde askotatik aurre egin behar diegula azpimarratu zuen, osasungintzatik ez ezik, hezkuntzatik, zerbitzu sozialetatik, instituzioetatik… Eta datu batekin gelditu naiz: Suizidioen %25-30a prebenitu daiteke. Kokatzen hasteko.

Ernesto Gutiérrez-Crespo psikopedagogoak nerabeei buruz hitz egin zigun. Bullying aipatu zuen faktoreen artean, gizonezkoengan suizidioaren prebalentzia askoz handiagoa, eta adin hauetako pertsonekin bizitzaren zentzua topatzearen garrantziaz.

Pedro Martín-Barrajón psikologo madrildarrak zelan izaten den emergentzietako arreta suizidioan azaldu digu. Bai, pelikulan agertzen dena bizitza errealean ere gertatzen da. Esaldi bat, Edwin S. Shneidman suizidiologia modernoaren aitarena: “Suizidioa behin betiko irtenbidea da sarritan iragankorra den arazo baterako”. Halaber, koronabirusa eta suizidioaren arteko lotura iradoki zuen…

Jon Garcia Hormaza psikiatrak suizidio arrazionalaren kontzeptua ekarri digu, ondo hausnartutakoa dena eta bulkadekin lotuta ez dagoena. Hor, hain zuzen ere, prebentzioak badauka zeregina. Halaber, autopsia psikologikoak ere existitzen zirela berria izan da niretzat.

Mahai inguru berean heriotza duinari buruz tokatu zait jardutea, nahi baino luzeago joan zait, gustura. Eutanasia, ortotanasia, zainketa aringarriak, heriotza ona definitzeko hamaika gakoak. Eta distanasia beste aldean, basakeria terapeutikoaz, utzikeria terapeutikoaz.

Eva Bilbao erizaina, gure mahaian moderatzaile, hurrengo mahaian hizlari ibili da. Bihotza ipini dio bere tarte horretan, eta bere ohiko grina transmititu du, erabat ongi etorria dena. Biziraunen izenean aritu da, gaur egun estatu mailan elkarterik aktiboenetakoa dena (Aurtengoa, laugarren uda ikastaroa!). Pozik eurekin bidelagun izateaz!

Andoni Ansean Espainiako Suizidiologiaren presidentea da eta ikastaro hauen ko-antolatzailea, erreferentziazko aditua esparru honetan eta egun hauetan aurrez aurre ezagutu ahal izan dudana. Gasteiztar bat Madrilen.

Enrique Sainz de Murieta foruzaina da, eta oso pozgarria da ikustea polizien artean ere (suhiltzaile eta abarrekin bezala) humanizazio prozesuetan interesatzen direla, entzutearen garrantziaz, aldamenean egotekoaz, disponibilitatea erakustekoaz.

Amaitzeko, Edurne Pasaban alpinistak lehenengo pertsonan kontatu digu zer den suizidiotik bizirik ateratzea, inolako zentzurik ez topatzea bizitzari, kaleko jendeak pertsona arrakastatsua zarela uste arren. Familiaren eta lagun onen garrantziaz. Zortzimilakoak izan ziren bizitzari lotuta jarraitzeko heldulekua. Eta orain esparru honetan buru-belarri laguntzen dabilela.

Ederrak irakaspenak. Oso eskertuta.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar