Kultura segurua eta osasuntsua da

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil, S(u/a)minetik bakera

MendiFilm2020

Joan da uda, oporraldi bitxiak izan dira aurtengoak, bitxia da bizitza hau bera. Jairik ez hiriburuetan, ezta herrietan ere. “Bertan behera” eta “datorren urtean” mezuak behin eta berriz entzun behar izan ditugu.

Birus honen bigarren olatua uztailaren erdialdean hasi zen altxatzen, ekainean askok beste panorama bat edukiko genuela pentsatzen (desiratzen) baldin bagenuen ere. Momentuz ez gaude martxoan edo apirilean bezala, zorionez, olatua apur bat moteltzen ari dela dirudi. Ikusiko dugu…

Bitartean, geldirik egon ez den jendea martxan ibili da. Eta hori bihotz altxagarria eta arima betegarria da. Donostian aurrera atera dituzte Jazzaldia, Musika Hamabostaldia eta Zinemaldia, ezohikoak, baina ez dira burumakur etxean geratu. Gasteizen ere Jazzaldi modukoa. Iruñean “Flamenco on Fire” . Baionan “Rencontres sur les docks”. Bilbon Alondegiaren 10. urteurrena orain ospatu dute, eta udaberrian izan behar zen Loraldia udazkenean berreskuratuko dute. Zarautzen Literaturia antolatu ahal izan dute. Arrasaten martxan daude berriro Kooltur Ostegunak… Kulturaz ari garenez, pandemiaren alde ona izan da udaran zezenketarik ez dela egon gure herrialdean. Betiko izango balitz, askoz ere pozgarriagoa izango litzateke.

Bestela, azpimarratu behar da beldurren artean bizitzea ez dela batere osasuntsua, arlo psikologikoa bigarren planoan ezkutatzen batzuk saiatzen badira ere, arlo fisikoarekin orekan mantentzea ez da luxuzko kontu bat, zerbait behar-beharrezkoa baizik. Eta kultura da beharrezko txerto emozional horietako bat, benetako txertoen zain gauden bitarte honetan.

Donostiako Zinemaldian, ‘best seller’ liburu ezagun batean oinarrituta, aurrekontu handiko ekoizpen handi bat aurkeztu dute, hamarkadetako indarkeria politikoaren ondorioak aztertzen dituena. Promoziorako erabilitako kartel erraldoiek sumindu dituzte aberriaren ikuspuntu bat daukatenak. Orain dela ia 20 urte aurkeztu zuen Julio Medem zinemagileak mugarria izan zen dokumentala, “Euskal Pilota, larrua harriaren kontra”. Ariketa ausarta, ederra eta zintzoa. Orduan uko egin ziotenak bertan agertzeari, suminduta filmaren kontra egin zutenak, orain suminduta daudenengandik oso urruti ez dira egongo.

Ia 20 urte igaro dira, eta tamalez mugimendu gutxi egon dira aberriaren ikuspuntu hori duten horien artean. Medemen pelikulan bezala, hala ere, antzerkian, literaturan eta zineman bertan ez dira gutxi izan proposamen itxaropentsuak denbora tarte honetan. Eta hoberena dena, bizitza errealean ere. Julen Mendozak eta José Miguel Cedillok eduki zuten topaketa gogoangarri hura duela pare bat urte, eta Cedillok orain animatu da orduko bideoa publiko egiteko Twitterren: Gogoratuko zarete, polizia zen haren aita ETAk erail zuen Perurena baserriaren inguruan, gaur egun oso jatetxe ezaguna dagoen aldean, Errenteriako baserri gune batean. Merezi du bideoa entzuteak, Gipuzkoan jaiotako sevillar bat euskaraz egiten saiatzen entzuteak. Dolua aurrera zelan eraman duten berak eta amak entzuteak. Adiskidetze eta elkarbizitzaren aldeko ariketa ausarta, ederra eta zintzoa.

Geure txikian, “S(u/a)minetik bakera” ere geldialditik ateratzeko prestatzen ari gara. Soraluzen martxoan egin behar genuen emanaldia berreskuratu nahi dute “Baketik” elkarteak eta Udalak, eta saiatuko gara Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco gurekin egoten solasaldirako. Bestela, Mikel Zabalzaren erailketaren 35. urteurrena da, eta Orbaitzetan emanaldi bat egitea proposatu digute. Hain zuzen ere, aurtengo Zinemaldian “Non dago Mikel?” dokumentala aurkeztu dute. “Patria”-ren oihartzun mediatikoa sekula edukiko ez duena, baina berdin-berdin lan interesgarria, eta are ezinbestekoa, izango dena.

Amaitzeko, abendua aldean Bilbon urtero antolatzen duten Mendi Film Festival ere zutik dago, antolatzaileek aurrera ateratzeko enbidoa egin dute. Bertan, doluaren trilogia borobilduko duen “Mendian hil. Hirian hil” aurkezteko aukera edukiko dugu, birusaren baimenarekin. Geldirik ez egoteko erabakia hartu nuen apirileko etxealdian gidoiarekin, maiatzean eta ekainean jo eta ke filmatzen ibili ginen, eta azken hilabete hauetan muntaketa lanei modu dotorean ekin diegu Arteman Komunikazioaren etxean. Sufrimendurik gabe, ondo lagunduta eta leku egokian, mendian ala hirian heriotza, Himalaian ala Debagoienean. Bihotzez egindako lan hau bihotz askotara iristea da geure helburua, aurreko bi lanekin egin dugun moduan.

Kultura segurua ez ezik, bihotz eta arimaren pozgarria ere badelako.

 

1 response to Kultura segurua eta osasuntsua da

  1. Kultura da beharrezko txerto emozional horietako bat…eta horrela uste dut sentitu dugula konfinamenduan. Orain kultura triste eta zertxobait desberdin dagoenez, hura kontsumitu eta zaintzeko unea da, baina beldurrak ez gaitzala geldiarazi!! hemen oso ondo azpimarratzen duzunez, Iñaki!
    Animo, proposamen horiek guztiak aurrera eramateko!! Eta zorterik onena!! batez ere Mendi Film Festival-en barruan, zuen hirugarren neskatilaren-MHHH- aurkezpenarekin; Ziur oso ederra atera zaizuela!!! Ikusteko desiratzen..!!!!

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar