You are browsing the archive for 2020 October.

Duintasun terapia

%A %B %e%q, %Y in Beste terapia batzuk, Onkologikoak ez direnak

DuintasunTerapiaHarvey M. Chochinov psikiatra paliatibista kanadarra da, Manitoba probintziakoa, herrialdeko erdialdean. Duintasun terapia delakoaren sortzaile nagusia da, eta mundu anglosaxoian hedatuta dago bereizki, Australia, Erresuma Batua eta AEBetan. Euskal Herrian ere, Iruñeko CUNen lantzen ari diren teknika bat da, hain zuzen ere bertan lan egiten duen Marina Martínez lankidearen bidez eduki dut honen berri urte hauetan, Zainketa Aringarrietako jardunaldi eta biltzarretan. Eta beti jakinmina piztu dit.

Aste hauetan, azkenik, aukera eduki dut nik neuk praktikan ipintzeko paziente batekin (P). Gaixotasun neuroendekatzailea pairatzen du P-k, ez dago fase aurreratuan berez, baina hilabete batzuk badira paliatiboetako kontsultan ikusten dudala. Lehenengo bisitan bertan, hiltzeko bere desioa azaldu zidan itzulinguruka ibili barik. Serenitatez esan zigun, ondo hausnartuta bezala, erabaki tinko moduan. Bizitzari zentzurik topatu ezinda, gaixotasuna baino lehen emakume bereziki aktiboa izanda, sufrimendu existentzialaren zantzuak nabarmenak ziren.

Testuinguru horretan heriotza aurreratzea legala ez izateaz gain, medikoki ere ez dauka justifikaziorik kasu honetan. Sedazio paliatiboa adibidez. Ez daude irizpide klinikorik horrelakorik planteatzeko ere. Opioiderik ere ez du behar, larriminaren aurkako botikak apenas hartzen ditu. Ataka honetan, bururatu zitzaidan farmakologikoak ez diren estrategiaren bat bilatzea, geure arteko solasaldietatik haratago. Eta duintasun terapiara iritsi nintzen.

Bi saiotan, P-ren biografiaren pasarte batzuk errepasatu ditugu, berarentzat nabarmenak izan direnak. Modu argian erantzun du. Pozik egon da gogoratzean. Ezpainak pintatuta etorri da, maskara jaisten ondo ikusteko. Senarra ere orain arte ez dut barrez ikusi. Gustura egon dira eta ni ere bai. Bigarren egunean, argazki album bi ekarri ditu, aipatu dituen pertsonei nik aurpegia ipintzeko. Lurralde sakratuetan sartzea baimenduz bezala. Geure lana gogorra da tarteka, bai, baina unetzar hauek ere bizitzen ditugu.

Baina zer da duintasuna? P-ren erantzuna oso ona da: Zintzotasuna.

Ematen didazun hori

%A %B %e%q, %Y in Onkologikoak, Zineman

paudonesBeldurrarekin ez bizi, beldurrak askatasuna mugatzen digu. Ederki ikasi dugu hori martxotik, gizarte moduan. Aspalditik dakigun kontua da, hala ere. Eta Pau Donések, dokumental honetan, ematen digun mezu argi eta zuzenetako bat da. Ez dauka artifiziorik dokumentalak, estetikoki xumea da, zirrara nagusia sentitu nuen nik behintzat hasieran, abeslaria lehenengo aldiz agertzen denean, itxura inpaktante horrekin (hiltzen ari den pertsona batena, ez gehiago, ez gutxiago). Eta amaiera aldera, Pau kantuka agertzen denean. Jarraian, filma amaitu egiten da eta jatorrizko abestia entzuten dugu, kredituekin batera.

Egin kontu Jordi Evolek elkarrizketa egin eta 2 asteetara Pau hil zela. Orduan berak ez zekien zenbat denbora zeukan aurrean, baina asmo argia bai: Orainaldia bizitzea. Damuren bat ere erakusten du, aitatasunaren inguruan adibidez. Kontatzen duenez, hilabete batzuk eman zituen alabarekin bizitzen AEBetan. Asko disfrutatu zutela. Maitasuna adierazteko modu ederra, agurraren zati bat. Barkamena eskatzea eta ematea bezala, beste zati bat. Eta eskerrak ematea bezala. Hauek guztiak aipatzen ditu abeslariak dokumentalean. Bai eta umorearen garrantzia ere.

Val d’Aran aukeratu zuen Pauk bertan haren bizitzaren azken asteak bakean emateko. Tiziano Terzani kazetariak beste paradisu bat aukeratu zuen azken hilabeteak pasatzeko, Toscanako Apenino mendietan. Ez baduzue irakurri bere liburua (“El fin es mi principio”, gazteleraz), edo hartan oinarritutako pelikula ikusi, erabat gomendagarriak dira. Dokumental hau ikusita, beste pelikula horretaz gogoratu naiz, aberatsa benetan.

 

 

(Eskerrik asko, Ana).

Zainduta eta eroso

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua, Zarautz Errukitsua

mycaremyconfortBihar izango da Zainketa Aringarrien nazioarteko eguna, urriaren 10a. Aurtengo leloa “nire zainketa, nire konforta” da, erosotasunean fokua ipinita. Izan ere, erosotasunak puntu ugari hartzen ditu barne: Atsedena, isiltasuna sarritan, ahoa eta belarriak une garrantzitsu batzuetan, musika beharbada, argazki zaharrak berrikusi, kontu zaharrak berriz kontatu, orainaldia erdian jarri, agurra prestatu…

Aurten, hirugarren aldiz, Zarautz On elkartearekin batera hitzaldi interesgarri bat antolatu dugu gure komunitate errukitsuan. Herriko elkarte aktiboenetarikoa da, zientzia eta berrikuntza ardatz hartzen dituena, eta bidelagun ezin hobea Zarautz Herri Zaintzailea izeneko geure ekimenerako. 2018an, geure lehenengo urtean, Myriam Berruete ekarri genuen “Etxean ala ospitalean hil” izenburuko hitzaldiarekin. Etxeko Ospitalizazioan aitzindaria da Myriam, Zumarragako zerbitzua berak ipini zuen martxan, eta gaur egun Donostia Ospitalean dabil lanean. Horrez gain, oso azpimarratzekoa da goizeko lanalditik haratago Zarautzen urte hauetan guztietan arratsaldez eta gauaz egindakoa, etxez etxe, hainbat pertsonaren alboan bizitzaren amaieran egondakoa. Berak umorez “la privada” deitzen duena.

2019an, Patxi del Campo gure artean eduki genuen, musikoterapiaz, isiltasunaz eta beste hainbat punturi buruz hitz egin zigun. Patxi Gasteizko komunitate errukitsuaren sortzaileetarikoa da, “Vivir con voz propia” ekimen interesgarriaren bultzatzaile nagusietakoa, etengabean berritzen eta euren burua berrasmatzen. Denbora honetan elkarlanean egon gara gasteiztarrekin, baita getxoztarrekin, santurtziarrekin, oriotarrekin, donostiarrekin eta iruindarrekin ere. Sareak ehuntzen eta mundura begira.

2020 arraro honetan, Jesus Sánchez Etxaniz etorriko da, urriaren 13an (asteartean). Jesus pediatra paliatibista da, martxan ipini zuen Etxeko Ospitalizazioaren zerbitzua Gurutzetako Ospitalean eta Arinduz Euskadiko zainketa aringarrien elkartean zuzendaritza batzordean dago. Umeekin egindako lanari buruz hitz egingo digu, bereziki hunkigarria den arloa. Pandemiaren aurrean bestelako ikuspuntuak kontuan hartzen ari da Jesus, eta akaso honi buruz ere solasean ibiliko gara.

Urte arraroa benetan, baina zirrikituetatik ibilita datorren asteko hitzaldi hau ez ezik, “Erruki istorioak” liburua argitaratzea ere lortu dugu, Zarauzko Udalari esker, 14 zarauztarren (jaiotzez ala ez) istorioek osatutakoa eta Ruben Plaza lagunaren argazkiek edertutakoa. Halaber, atzo aurkeztutako “Comunidades compasivas al final de la vida” monografian parte hartu dugu Zarauztik (deskargatu hemen), SECPALek argitaratutakoa.

Bizi gara!

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar