Zainduta eta eroso

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Osatzaile zauritua, Zarautz Errukitsua

mycaremyconfortBihar izango da Zainketa Aringarrien nazioarteko eguna, urriaren 10a. Aurtengo leloa “nire zainketa, nire konforta” da, erosotasunean fokua ipinita. Izan ere, erosotasunak puntu ugari hartzen ditu barne: Atsedena, isiltasuna sarritan, ahoa eta belarriak une garrantzitsu batzuetan, musika beharbada, argazki zaharrak berrikusi, kontu zaharrak berriz kontatu, orainaldia erdian jarri, agurra prestatu…

Aurten, hirugarren aldiz, Zarautz On elkartearekin batera hitzaldi interesgarri bat antolatu dugu gure komunitate errukitsuan. Herriko elkarte aktiboenetarikoa da, zientzia eta berrikuntza ardatz hartzen dituena, eta bidelagun ezin hobea Zarautz Herri Zaintzailea izeneko geure ekimenerako. 2018an, geure lehenengo urtean, Myriam Berruete ekarri genuen “Etxean ala ospitalean hil” izenburuko hitzaldiarekin. Etxeko Ospitalizazioan aitzindaria da Myriam, Zumarragako zerbitzua berak ipini zuen martxan, eta gaur egun Donostia Ospitalean dabil lanean. Horrez gain, oso azpimarratzekoa da goizeko lanalditik haratago Zarautzen urte hauetan guztietan arratsaldez eta gauaz egindakoa, etxez etxe, hainbat pertsonaren alboan bizitzaren amaieran egondakoa. Berak umorez “la privada” deitzen duena.

2019an, Patxi del Campo gure artean eduki genuen, musikoterapiaz, isiltasunaz eta beste hainbat punturi buruz hitz egin zigun. Patxi Gasteizko komunitate errukitsuaren sortzaileetarikoa da, “Vivir con voz propia” ekimen interesgarriaren bultzatzaile nagusietakoa, etengabean berritzen eta euren burua berrasmatzen. Denbora honetan elkarlanean egon gara gasteiztarrekin, baita getxoztarrekin, santurtziarrekin, oriotarrekin, donostiarrekin eta iruindarrekin ere. Sareak ehuntzen eta mundura begira.

2020 arraro honetan, Jesus Sánchez Etxaniz etorriko da, urriaren 13an (asteartean). Jesus pediatra paliatibista da, martxan ipini zuen Etxeko Ospitalizazioaren zerbitzua Gurutzetako Ospitalean eta Arinduz Euskadiko zainketa aringarrien elkartean zuzendaritza batzordean dago. Umeekin egindako lanari buruz hitz egingo digu, bereziki hunkigarria den arloa. Pandemiaren aurrean bestelako ikuspuntuak kontuan hartzen ari da Jesus, eta akaso honi buruz ere solasean ibiliko gara.

Urte arraroa benetan, baina zirrikituetatik ibilita datorren asteko hitzaldi hau ez ezik, “Erruki istorioak” liburua argitaratzea ere lortu dugu, Zarauzko Udalari esker, 14 zarauztarren (jaiotzez ala ez) istorioek osatutakoa eta Ruben Plaza lagunaren argazkiek edertutakoa. Halaber, atzo aurkeztutako “Comunidades compasivas al final de la vida” monografian parte hartu dugu Zarauztik (deskargatu hemen), SECPALek argitaratutakoa.

Bizi gara!

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar