Aiaraldean

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

GorobelOstiralean hirugarren udalerri arabarra bisitatu nuen pelikularekin: Gasteiz eta Aramaio ostean, Amurrio. Bertako antzoki txukunean izan zen proiekzioa, Mendiko Lagunak taldeak antolatuta, jardunaldi batzuen barruan. Laster Mendi Tourra bera handik ere igaroko da.

Bilbotik Aiaraldera sartzen ari nintzenean errepidez, Gorobel/Sálvada mendilerroa ikusi nuen berriro ere, aspaldiko partez. Paisaia haiek garai batean nahiko familiarrak ziren, baina urteak ziren ez nintzela bueltatzen, poztu nintzen. Duela hogei urte parajeak ezagutu nituen Maiderrekin, gazteak ginenean eta seme-alaba barik. Sekulako buelta ederra egin genuen, gogoangarria: Orduña-Txarlazo-Tologorri-Lendoñogoiti. Beste egun batean Eskutxi eta Ungino ere bisitatu genituen, haiek garaiak!  Pello txikia zenean, bestela, mendi buelta errazak elkarrekin egiten hasi ginenean, Lezama auzoaren bueltaren bat gogoratzen dut, Uzkianoraino. Bakarka ere Baranbiotik txango bat baino gehiago egin izan dut Gorbeialdean. Beste alde batetik, Delika eta Goiuriko urjauziak bisitatu izan ditugu. Sojoko landetxe dotore hartaz ere oroitzen naiz, gurasoak behin egon zirena. Laudion lagun minak zeuzkaten aspalditik.

Aiaraldeko mugetan, Gordexola herri bizkaitar ederra dago. Eta bertan bizi da lankide ohia eta laguna den Miren Antuñano. Ostiralean hurbildu zen Amurrioko zinemara, eta horregatik bakarrik merezi izan zuen bidaiak. Lagun zaharrak berriro topatzeak ematen duen poza, horixe sentitu nuen. Orain dela oso gutxitik ezagutzen dut, bestela, Irene Aspuru amurrioarra. Txiolari mendizale fina da, eta hilabete ilun hauetan bera da bakarrenetarikoa Twitterren bizipoza azpimarratzen duena. Eztabaida sutsu eta zarata horren guztiaren erdian, asko eskertzen dira mendiko argazki horiek. Lehengo egunean ezagutu nuen aurrez aurre, mundu birtualean bezain jatorra.

Solasaldi elebidun labur baina atsegina izan genuen. Gogoratu nintzen “Aulki Hutsak” aurkezten ibili ginen garaiaz, eta zelan 2014 hartan Fagor-ren krisialdia egon zen. Doluari buruz ari ginen berbetan, heriotzarekin lotuta,baina bestelako dolu kolektibo handia izan zen hura Arrasaten eta Debagoienean. Urteetan lantokia izandakoa bat-batean galduta, inork ere pentsatuko ez zuena kooperatiben mundu horretan. Ba 2021 honetan, lan lurrikara bat gertatzen ari da aste hauetan Amurrio aldean, Tubacex enpresarekin lotuta. Ea zelan amaituko den kontua, baina bitartean kezka handia dago bailara hartan. Araba zuri-gorrian.

Osasuna!

 

PD.- “MHHH. Garaiera handiko lana”. Ixone Santamaria (Zinea.eus).

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar