Iñurrategi anaiak

%A %B %e%q, %Y in Literaturan, Mendian Hil Hirian Hil

IñurrategiAnaiakFelix Iñurrategi Iriarte 1967ko apirilean sortu zen, Aretxabaletan. Hilabete hartan ere, hil ziren, besteak beste, Konrad Adenauer Alemaniako Errepublika Federalaren kantzilerra (Alemania bitan zatituta zegoen hamarkada haietan) eta J. B. Lenoir abeslari eta gitarrista estatubatuarra. Boeing 737 batek lehenengo hegaldia egin zuen. Halaber, Ameriketako Estatu Batuetan manifestazio erraldoiak egin zituzten Vietnamgo Gerraren aurka ehundaka mila pertsonek, Martin Luther King barne. Muhammad Alik uko egin zion zerbitzu militarrari, bitartean, orduan ere. Joan Manuel Serratek lehenengo kantaldiak egin zituen Palau de la Musica Catalanan, Bartzelonan. The Turtles taldeak Happy Together LPa argitaratu zuten. Light my firesinglea kaleratu zuen The Doors taldeak, Respect Aretha Franklinek eta Ain’t No Mountain High Enough” Marvin Gayek. Apiril hartan ere jaio ziren Jon Sistiaga kazetari gipuzkoarra, Alfonso Alonso politikari arabarra, Herri Torrontegi motoziklista bizkaitarra eta Juan Carlos Unzue atezain nafarra, esate baterako.

Felix jaio zenean non zeundeten galdetuko banizueke, akaso zuetariko batzuk akaso oraindik ez zeundeten, ni behintzat ez. Aldiz, hil zenean gutariko bakoitza non geunden galdetuz gero, gehienok ondo gogoratzen gara non. Iñurrategi anaiak, nahi eta nahiez, ikono kolektibo bihurtu ziren 1990eko hamarkadan. Kirol esparrutik askoz haratago, Herriko (maiuskulaz) erreferenteak ziren. Ez dakit Albertok mito edo heroien kategoria onartuko duen, ez dut uste. Beste kontu bat da hainbatek pentsatzen dutena, duguna, miresmen eta begirune osoarekin.

Eurei esker, 1991etik aurrera ezagunak joan ziren izaten Himalaiako zortzimilakoak gutariko askorentzat, bata bestearen atzetik: Makalu, Cho Oyu, Lhotse, Kanchenjunga, Shisha Pangma, Broad Peak, Dhaulagiri, Nanga Parbat eta Manaslu, Everest eta K2 famatuekin batera. “Ain’t No Mountain High Enough” (“Ez dago nahikoa altua den mendirik”) abesti profetikoa badirudi, zirikatzailea, pizgarria anaientzat. “Happy Together” (“Pozik elkarrekin”), hori ere baziren guretzat, gazteak, ederrak, sasoian. Eta gainera, ibilbide horretan, tontorrari uko egiteko gai izan zirenak beste alpinista batzuen erreskate lanetan aritzeko.

Ez da harritzekoa, orduan, Felixen heriotzak Euskal Herrian inoiz izan den dolu kolektiborik handiena piztu izana. Beste arlo batzuetan egon dira azken hamarkada hauetan gizarte mailako dolu nabarmenak. Baina Gasherbrum II mendian 2000ko uztailean eragindakoa, nire ustez, sentituena izan da.

Beti gogoratuko naiz Bilboko Kafe Antzokian “Gure Hilamaya” dokumentalaren aurkezpenarekin, 2004. urtean uste dut. Beti gogoratuko naiz errespetuzko isiltasun harekin, proiekzioa amaitu eta gero, publikoa txaloka hasi baino lehen. 3-5 segundo izango ziren, baina guztiz esanguratsua: ”Respect”. Bertan egon zen Alberto Iñurrategi egun hartan. Zortzimilakoen erronkari jarraitzeko erabakia zein zaila izan zen, sokalagun berriekin aritzea, hori ondo gogoan daukat. Baina osatu zuen zerrenda Albertok, Gasherbrum I eta Annapurnarekin. Juan Vallejo eta Mikel Zabaltzarekin batera. Aulki hutsak hor gelditzen dira betiko, baina aulki berriak izan ditzakegu mahaiaren inguruan.

Ordutik aurrera, Alberto Iñurrategik bide interesgarri bati ekin zion, “Porrotaren alde” diaporama eta hitzaldi sortarekin. Zer den arrakasta eta zer porrota, bizitzaren arlo guztietan aplikatu dezakegu. Eta hauek nire hausnarketak dira: Iñaki Ochoa de Olzaren (1967an jaioa bera ere) erreskate saiakera porrota izan zen? Ez al zen arrakastatsua elkartasun uholdea, alpinismoaren historian neurri horiekin sekula ez dena errepikatu? Ez al zen arrakastatsua izan Iñaki bakarrik hil ez izana? Eta beste galdera bat: Heriotza mendian, edo hirian, porrota al da?

Iazko abenduan, Mendi Film Festival zinemaldian, “Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak” izenburuko komikia aurkeztu zuten Bilbon. Ramon Olasagastik idatzita eta César Llagunok marraztuta, Sua edizioek argitaratuta. Gaztelerazko bertsioa ere kaleratu dute, eta oihartzuna badoa jasotzen liburua batean eta bestean. Oso kontuan hartzeko bibliografia osatzen ari da Ramon Olasagasti, bera ere mendiari bihotz emana. Olentzerok ekarri zidan komikia aurreko Gabon pandemikoetan, eta biziki gomendatzen dizuet irakurtzea, mendia gogokoa izan ala ez.

Beste mugarri batzuen artean, 2001ean sortutako Baltistan Fundazioa dugu. Euskalduna Jauregian aurkeztu zuten, Bilbon, eta berri pozgarria (eta pizgarria) izan zen. Bertan egon nintzen, ondo gogoratzen diren une horietakoa izan zen. Ordutik ikasi genuen Baltistan izeneko herrialdea bazegoela Pakistango iparraldean, urduaz gain beste hizkuntza bat erabiltzen dutena, baltiera. Jakin genuen Himalaiako tontor mitiko batzuk, K2, Broad Peak, Gasherbrum I eta Gasherbrum II, ez daudela Nepal, Indian eta Tibet arteko zonaldean, baizik eta Pakistan eta Txina artean,  Karakorum mendikatean. Fundazioa 20 urte hauetan Hushe bailaran garatzen ari da proiektuak: Hezkuntza, osasuna, nekazaritza, emakumeen ahalduntzea eta “Green Mountain School” mendi eskola, horien artean.

Amaitzeko, komikiaren bukaera aldean Shazia eta Albertoren arteko solasaldien pasarte honekin lagatzen zaituztet: “Gu mendian bizi gara, mendiak moldatu du gure bizimodua. Zuek, berriz, mendirako bizi zarete, mendiak ematen dizkizue bihotz eta arnasa”.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar