You are browsing the archive for 2021 April.

Antzuolan hutsik ez

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

irimoIrimo mendira igo nintzen lehenengo aldian, abiapuntua ez zen Urretxu izan. Paziente antzuolar bat neukan kontsultan, eta berak hitz egin zidan “7 puntetako” ibilaldiaz, haren herritik igota. Gogoratzen naiz gurutzearen balkoira iritsi nintzela eta azpian Urretxu eta Zumarragako bazterrak ikusi nituela behean, eta fondo-fondoan Aizkorri alde ederra. Urte batzuetara, Zumarragako ospitalean amaitu nintzen lanean, eta Legazpi aldetik Korosti, Arrola eta inguruko mendiak ezagutzen joan nintzen, baita Oñati aldetik ere Aurrekomendi, Lizargarate eta ingurukoak, Antzuolako mugetan daudenak.

Atzo aurkeztu genuen Torresoroa aretoan azken dokumentala, Arrola mendi elkarteak antolatuta, Mendi Tourra izan eta gero. aste berean. Lasaitasunez hurbildu nintzen hara Arrasatetik. “Aulki Hutsak”-en aurkezpenarekin sekulako oroitzapen onarekin gelditu nintzenez. Plaza polita benetan, oraingo honetan ere hutsik egin ez duena. Aurpegi ezagunak tarteka, lankideren bat, lankide ohiren bat, gaixoen senideak. Solasaldia hasieratik animatu zen, arimak pizten joan ziren, sakon iritsi ginen nahiko era naturalean.

Besteak beste, azpimarratu genuen bakarrik ez hiltzeak daukan garrantzia. Itsas mailan, ospitale batean edo 7.000 metrotik gorako altueran, Iñaki Ochoa de Olzaren kasuan bezala. Jorge Nagorek definitu duen moduan, Iñakik gizaki aparta izan zuen alboan hil zenean 2008an: Ueli Steck.

Cuidar de Iñaki hasta que este murió unas horas más tarde forma parte de la historia del alpinismo y es la esencia misma de la bondad. Ueli Steck no se ocultó, se jugó la vida, llegó hasta Iñaki, le dio medicinas, le alimentó, le cuidó, le trató de insuflar vida esperando que quienes venían por detrás con oxígeno llegaran a tiempo, le intentó reanimar cuando murió y, finalmente, le dio sepultura en una grieta. Iñaki Ochoa de Olza murió acompañado por un ser humano excepcional”. (Jorge Nagore).

9 urte geroago, gaurko egunez hil zen Steck suitzarra ere, 2017ko apirilaren azken egunean, Nepalgo Nuptse mendian. Ohorea eta oroimena merezi dituzte mendizale hauek, gure hildako guztiek bezala. Bizidunoi tokatzen zaigu eurei buruz hitz egitea, tarteka tristeziaz, tarteka umorez, lasaitasunez, harrotasunez, esker onez, bizipozaz.

Espainiako hiriburuan, egun hauetan agintari batek aldarrikatu ditu hain hiri erraldoian bizitzearen “marabillak”. Nik nahiago dut Euskal Telebistako bi ganberro horiek Antzuola bezalako herri txikiei buruz esaten dutena: “Hau baldin bada infernua, gora infernua, eta biba zuek!”.

 

PD.- Hurrengo geldialdia… Zarautz!

 

Euskal Herritik kanpora

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

BurgosNeure hirian abenduan estreinatzea, Mendi Film Festivalean, Bilbon. Urtarrilean bi saio jendetsu haiek egitea Arrasaten. Datorren hilabetean neure herrian azkenean aurkeztea, Mendi Tourrean, Zarautzen. Eta aste honetan, jaiolekuan.

Burgosen bizi zen amona, amaren aldetik, abuela Mary. Van Golem zinema aretoetatik oso gertu, Briviesca kalean. Burgos nire amonaren etxea zen niretzat. Hango nongotasuna ez daukadan arren, bertan bizi izan ez naizelako, sekulako lotura afektiboa daukat hiriarekin. Oroitzapen on mordoa ditut, horietako batzuk zinemarekin lotutakoak: Txikitan, Gamonal auzoan zinema bat bazegoen, eta anaia, arreba eta lehengusuarekin joaten nintzen arratsaldeko saio bikoitzetara Gabonetan edo. 16:00etan sartu eta 19:00etan edo 20:00etan irten. Gaztetan, Golem aretoak zabaldu zituzten, orain dela 20 urte edo gehiago. Karrera garaian, Burgosera joaten nintzen partzialak ikastera, Aste Santuan. Han egoten nintzen enklaustratuta: gosaldu-ikasi-bazkaldu-ikasi-afaldu-lo zen bizimodua. Amonak esan behar zidan etxetik zeozer ateratzeko. Eta tarte bat hartuz gero, filmen bat ikus-entzutera joateko izaten zen. “La lista de Schindler” bezalako pelikulatzarrak ikusi nituen garai hartan.

Ostegunean Virginia Ruiz erradionkologoak lagundu ninduen dokumentala eman osteko solasaldian. Granadan ezagutu ginen, mundu birtualetik kanpo, Virginia eta biok. 2017ko maiatzean izan zen, H-UCI mugimenduak antolatutako  jardunaldi zoragarri batzuetan. Urrun gelditzen dira garai berez hurbil horiek, kongresuak egiten genituenak. Eta urrun gelditzen da osasungintzaren humanizazioa pandemia garai honetan. Honi buruz ere solastatu ginen herenegun erdi betetako Van Golem aretoan: Jendea bakarrik ez hiltzearen garrantziaz, doluaren garrantziaz. Publiko parte hartzailea izan genuen, “Hirian hil” profilekoa. AECC elkarteko psikologoa, medikuak, erizainak, hiritarrak. Angélica González Diario de Burgoseko kazetaria ere hurbildu zen (“Decir adiós en paz”), asko nabaritzen da noiz idazten den bihotzetik eta sinestuta eta noiz den buruko ariketa huts bat. Juan Rodríguez ere besaulkien artean egon zen, Arrasaten izan genuen egoiliar moduan “atzo” arte, eta orain bere hirian dabil lanean. Juanek inork gutxik jorratzen duen gaiari ekin zion gurekin egon zenean, espiritualtasunaz eta zainketa aringarriez. Giro oso polita piztu zen zineman, pelikulan aipatzen dugun etxeko sua bezalakoa.

Bestela, batek baino gehiagok azpimarratu zuen Euskal Herrian dagoen mendizaletasuna, Burgos aldean hain errotuta ez dagoena. Egia da, eta neurri handi batean mendiek egiten gaituzte garen bezalakoak, nire kasua da behintzat. Duela urte batzuk, Burgosko probintzian pare bat Galeusca egin izan ditugu Luisek, Franxok eta hirurok. Lehenengoan San Millán (probintziako altuena) eta Pico Mencilla igo genituen, Demandako mendilerroan. Bigarrenean, Obarenes mendietan (Monte Umión) pozik ibili ginen, Frías eta Pancorbo herri ikusgarrien artean.

“Las montañas nos liberan, nos iluminan, nos redimen. Las montañas nos hacen ser como somos, nos dan y nos quitan la vida”. Iñaki Ochoa de Olza.

Pasa den astean Bizkaiko bigarren udalerrian, Zaldibarren, egon eta gero, eta datorren astean Antzuolara joan baino lehen, Burgosko emanaldia izan da EHtik kanpo egin dugun lehendabizikoa.

Ortzemugan beste batzuk ere antzematen dira.

Non dago enpatia?

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera, Zineman

mikelzabalzaGizaki guztiok enpatiarako gaitasuna dugu, garatuagoa edo ezkutuagoa. Nire ustez, beste pertsona baten oinetakoak jantzi eta eurekin ibiltzea da bizitzan izan dezakegun esperientziarik ahalik eta interesgarrienetakoa.

“A la sombra del nogal” liburua ez baduzu irakurri, egitera animatzen zaitut, konbentzimendu osoarekin. Ion Arretxeren zapatak ipintzeko kuriositatea baldin badaukazu, animatzen zaitut. Torturari buruzko Biblia txiki bat da, eta bertan umorea behin eta berriz topatuko duzu, gezurra badirudi ere.

Ion “Non dago Mikel?” dokumental bikainean agertzen da, Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek zuzendutakoa. Pelikularen pasarte batean, Ion Arretxek enpatia zantzuak bilatzen zituen Intxaurrondoko kuartelaren barruan, gizatasun zantzuak, infernuaren erdian. Gizakiak gizakiarekin bat egiteko ahalegina da, desesperatua agian, baina hor dagoena. Ziur aski bahitutako guztiak bahitzaileekin saiatutako ahalegin antzekoak dira, bidenabar.

Mikel Zabalza dokumentalaren protagonista nagusia da (argazkian), bestela, eta berak pairatutako torturak (eta Ion Arretxe eta beste pertsona batzuenak) 1985eko azaroan gertatu ziren. Desagertutzat jo zuten eta hainbat egun igaro behar izan ziren gorpua topatu arte. Nebulosa ilun batean egon da hamarkada hauetan guztietan orbaizetarraren bizitzaren amaiera, horrek familiarentzat dakarren sufrimenduarekin.

1985eko azaroaren 26a Mikelen erailketaren eguna da. 1970-80ko hamarkadetan akzio-erreakziozko dinamika basatiak errepikatzen ziren, mendekuaren ekintza gordin eta gupidagabeak. Egun hartan, ETAk José Herrero guardia zibil erretiratua erail zuen Lasarte-Orian, taberna batetik semearekin ateratzen zenean. Bezperan, Rafael Melchor eta José Manuel Ibarzábal militarrak erail zituzten ametrailatuta Donostian autobus batean beste lankide batzuekin batera  joaten zirenean. Azaroaren 25ean ere, Isidoro Díez guardia zibila akabatu zuten Pasaiako portuan.

Begia begi truk. 1975eko urriaren 5ean ETAk Jesús Martín, Juan Moreno eta Esteban Maldonado guardia zibilak erail zituen Arantzazuko santutegiaren inguruan. Hurrengo egunean, Kanpazarko mendatean BVE-k Iñaki Etxabe akabatu zuen, familiaren aurrean.

Hortza hortz truk. 1981eko otsailaren 6an ETAk José María Ryan ingeniaria erail zuen, egun batzuk bahituta eduki eta gero (Lemoizko zentral nuklearrean lan egiten zuen Jose Mariak; “El ruido de entonces” liburua kaleratu berri du honi buruz Anton Arriolak). Urte hartako otsailaren 13an, Joxe Arregi asteasuarra atxilotu eta  torturatu zuten poliziek Madrilen, eta egun batzuk geroago hil zen horren ondorioz. (Urte hartako otsailaren 23an guardia zibil eta militarren talde batek estatu kolpe bat eman zuten Madrilen).

Mikel Zabalzak eta Iñaki Etxabek loturarik ez zeukaten ETArekin, Joxe Arregik bai. Hainbeste aldatzen du edukitzeak ala ez edukitzeak? Guardia zibila edo militarra izateak ala ez izateak?

Ez begiratzea, bistan da zein den modurik hoberena enpatiarik ez sentitzeko. Eta begiratuta ere, ez ikustea. “Ojos que no ven...”. Irakurtzea arriskutsua da zentzu horretan, zeozer sentituz gero enpatia garatu dezakezula. Eta, are arriskutsuagoa, errukia adieraztea.

Hau guztia idatzi dut Mikelen dokumentala ikusi eta entzun eta gero. Halaber, zainketa aringarrietako kontsultan gizon bat, guardia zibila izandakoa, atenditzen hasi eta gero.

Doluak eta gazteak

%A %B %e%q, %Y in Aulki Hutsak, Dolua, Mendian Hil Hirian Hil, Zarautz Errukitsua, Zineman

GrievingTeensUnibertsitateko ikasleak prestatzen dabiltza karrera amaierako lanak aste hauetan. Horietako bi, Urola Kostako bi neska, harremanetan ipini dira nirekin egun hauetan hori dela-eta: Larraitz Blanco Kazetaritza ikasketak bukatzen ari da, eta gai moduan zainketa aringarrien eta eutanasiaren ingurukoa aukeratu du, heriotza duina alegia. Eduki genuen solasaldian, interes handia erakutsi zuen, pozgarria da 20 urteko jendea gai hauetaz arduratzea. Izaro Egaña, bestela, Ikus-entzunezkoen ikaslea da, eta dolua izan da berak hautatutako gaia. Dokumental laburra egingo du, eta horretarako testigantzak bilatzen ari da, bizipenak eta apunte teorikoak. “Aulki Hutsak” ikusi du, eta antzeko planteamendua egin nahi du, baina ikuspuntu desberdin batekin: Jende gazteak doluak nola bizi dituzten aztertzea. Horretarako, Lide Crespo “geureak” parte hartuko du lan honetan, behin “Mendian hil. Hirian hil”-en estreinatu eta gero animatu da beste urrats bat ematen. Izan ere, MHHH-ekin lortzen ari garena da 20-30 urtekoak pelikula ikus-entzutera etortzea eta hausnarketa hauek eurekin konpartitzea.

Bitartean, asteburuan “Dardara” dokumentala ikus-entzun dugu azkenean Maiderrek eta biok. Eta horixe sortu dit barruan ‘Berri Txarrak’ taldeari buruzko pelikula honek: Zirrara, dardara. Baita nostalgia ere, orain pandemiagatik disfrutatu ezin ditugun kontzertuengatik. Atzean lagatako  gaztaroko urte horiengatik ere bai, orain dela 25 urtekoak, BTX hasten ari zirenean musikaren munduan. Pelikularen pasarte batean, ama batek azaltzen dio alaba txikiari (bandaren zale amorratuak biak ala biak) zer den fisikoa ez den mina, ikus daitekeen zauririk lagatzen ez duena. “Min hau” abestiaren hitzen haritik: “Min hau neure neurea dudala badakit, baina zauria ez dut topatzen inundik…”. Akorde eta hitz hauekin hasten da “AH” dokumentala, hain zuzen ere, eta ederra da ama eta alabaren arteko solasaldia entzutea. Gainera, Izaro ikasleak galdera horixe egin zidan aurrekoan, beste batzuen artean: Zelan azaltzen zaion ume bati zer den dolua, ikusten ez diren zauri horiek zer diren.

Erronka bat daukat laster, ildo honetatik jarraituta. “Compassionate communities” mugimenduan, helburu nagusien artean heriotzaren kontzientzia hedatzea eta doluari daukan garrantzia ematea daude. Nerabe eta gazteen artean hau lantzea erronka bikoitza da, sarritan gurasoekin hasi behar garelako. Eta geure beldur eta ezin propioekin. Getxon, Gasteizen, Donostian (Bidegin) ondo dabiltza jarduera hauetan, baita geure Zarautzen ere. Hirugarren urtea beteko dugu aurten geure ekimen errukitsua martxan ipini genuenetik. Eta bereziki Salbatore Mitxelena ikastolan aritzen gara lan pedagogikoa egiten. Miren Ros eta biok bertako gurasoak gara, eta hilabete honetan saio bat egingo dugu DBH3ko ikasleekin, pelikula batetik abiatuta: “Monsieur Lazhar” bikaina. Dolua, heriotza eta suizidioa 14-15 urtekoekin lantzeko erronka dugu. Eta nire kasuan oso berezia izango da, ikasleen artean Pello semea izango dudalako.

Dolua inspirazio iturri izugarria dela kontu jakina da. Beste pelikula bat ikus-entzuteko aprobetxatu ditugu “egun santu” arraro hauek: “Nomadland”Frances McDormand aktoresak ez badu Oscar saria irabazten aurten lan honengatik, oso gertu geldituko da. Desolazioa, elurra eta hotza, paisaia lehorrak eta gainditu gabeko doluak dira filmaren osagai batzuk. Beste AEB bat erakusten dute, nomadena, etxe finkorik ez daukatenena, sistematik kanpo xamar bizi direnena. Autokarabanako asteburu baterako pelikularik egokiena. Erabat gomendagarria autokarabana barik ere.

“Eta min eman arte zure falta izan
Ez da musa hoberik”. Berri Txarrak.

 

PD.- “Quizá vivir sea ésto” (Jorge Egocheaga).

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar