You are browsing the archive for 2021 May.

Mendi Festa 2021

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

MendiFesta2021(Andoni Ormazabalek gustura irakurtzen ditu blog honetako postak, beraz arreta handiz idatziko dut oraingo hau, ea lortuko dudan. Goazen!)

“Bertanbehera” urtea izan zen 2020a, “hurrengourterako” mezuak jaso genituen, jakin barik 2021ean berriro bidaliko zizkigutela mezu berdinak. Orain 2022an izango da 2021erako agindutakoa, segurtasun neurri guztiekin eta abar eta abar.

Zorionez, segurtasun guztien zain egon ordez, pertsona, talde eta elkarte batzuk pausu bat aurrera emateko gai izan dira hilabete hauetan guztietan. Mendi Film Festivalekoak, adibidez, edo Donostiako Zinemaldikoak, Musika Hamabostaldikoak, Zarauzko Literaturiakoak… Zinema aretoak eta kulturguneak zabaldu dituztenei, ekitaldi gutxienez mistoak antolatu dituzten guztiei, aurrez aurreko topaketetarako espazioa lagata. Hauei denei eskertu behar dizkiegu bizipoz dosi horiek eskaintzearren. “Arriskua” hartzearren bestelako “birusak” kutsatzeko, kulturaren birusa, musikarena, zinemarena, edertasunarena, adiskidetasunarena, “hemengaude”-rena, “oraindamomentua”-rena, “goazenaurrera”-rena, “kulturaseguruada”-rena.

Atzo Urretxun Andoni Ormazabalek eta haren familia zabalak, senideek eta lagunek, pausu bat edo bi eman zituzten aitzinera. “Hemen gaude!” ozen esatera, eskalatzaile gazteei “ez geratu etxean!” eta Xabi Ormazabali “gogoan zaitugu!”. Liluragarria benetan, bihotzez egindako guztia bezala. Momentu batean, photocall harekin, Iker Pou, Mikel Zabalza eta Alberto Iñurrategi publikoaren artean ikusita eta zegoen giroarekin Mendi Film jaialdiaz gogoratu nintzen. Gustura, oso gustura.

Mendi Bekaren azken nondik norakoak azaldu zizkiguten, musika lagun. Dokumentala ikus-entzun genuen, solasaldia sofa batean egin genuen (lehenengo aldia zen niretzat). Felipe Uriartek merezitako omenaldia eta laztanak jaso zituen. Jaten eta edaten eman ziguten. Gaintzako sutondoa ere piztuta igarri nuen, Labeaga izeneko aretoan.

Eta gauzak zer diren, atzo bertan, duela urtebete juxtu, Sandailiko grabaketa egin genuen Andonirekin, Araotzen. Zenbat bihotz ipini duen gizon honek proiektu honetan nabarmena da, pelikula ezagutu duzuenok badakizue. Irribarre eta jarrera horrekin normala da jendeak zu maitatzea.

Bizitzak zergatik ipintzen gaituen bidean pertsona zehatz batzuekin? Zergatik “kausalitate” hauek, Andoni?

Asiako zeruen azpian

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

AsiakoZeruakTxinan abiatu zen pandemia 2019ko abenduan eta Indian bereziki gogor jotzen ari da 2021eko maiatz honetan, baita Nepalen ere. Ez dugu koronabirusari hitz egingo testu honetan, ez, atsedena hartuko dugu. Iñaki Ochoa de Olza iruindarrak (1967ko maiatzaren 29a-2008ko maiatzaren 23a) idatzitako eta 2010ean argitaratutako “Bajo los cielos de Asia” liburu ezagunarekin abiatuko gara, hil eta 2 urtetara aurkeztutakoa.

Gutariko gehien-gehienok sekula ezagutuko ez ditugun mendietan izandako bizipenak irakurtzea bidaia egiteko beste modu bat da, eta fondoan mendi eta paraje haiek apur bat ezagutzeko ere bai. Hainbestetan entzundako izenak, tontor urrun haiek: Kangchenjunga, Everest, Cho Oyu, K2, Shisha Pangma, Gasherbrum I eta II, Broad Peak, Lhotse, Ama Dablam, Nanga Parbat, Makalu… Liburua lerro zuzena baino suge batek egindako bidea bezain bihurritua da, Iñakik berak munduko 14 gailurrik altuenak igotzea ez zuen jotzen helburu nagusitzat hastapenetan. Goi mendiko mundu hartan modu nahiko librean ibili zelako inpresioa gelditu zait haren testuak irakurrita.

Zerrenda osatzeko, bi izen falta izan zitzaion azkenean: Kangchenjunga (igotzen saiatu zen lehenengo zortzimilakoa) eta Annapurna, igotzeko saiakeran bertan hil zen. Ederto kontatzen du Jorge Nagore kazetariak zer gertatu zen han duela 13 urte, “Los 14 de Iñaki” liburu erabat gomendagarrian. Mundu tamalgarri honetan elkartasuna ere posiblea dela erakusten duelako, 14 pertsona mobilizatu egin ziren Annapurnako bazter haietan erreskate saiakera hartan. Pablo Iraburuk jaso zuen istorio triste baina eder hori “Pura vida” dokumental zoragarrian.

Erreskate talde inprobisatuak ez zuen lortu Iñaki bizirik ekartzea, baina beste kontu garrantzitsu batzuk lortu zituzten: Bakarrik ez hiltzea, zainketa haiek ematea, giza presentzia beroa. Jorge Nagorerenak dira hitzak, itzulita: “Iñaki zaintzea, ordu batzuk geroago hil zen arte, alpinismoaren historiaren zati bat bihurtu da, eta bihotz onekoa izatearen muina bera da. Ueli Steck ez zen ezkutatu, bizitza jokoan ipini zuen, Iñakirengana heldu zen, botikak eman zizkion, elikatu zuen, zaindu zuen, bizitza ematen saiatu zen, oxigenoarekin atzetik zetozenak garaiz iritsiko zirelakoan. Saiatu zen bizkortzen hil zenean eta, azkenik, arrakala batean ehortzi zuen. Iñaki Ochoa de Olzak gizaki aparta eduki zuen alboan hil zenean”.

Ueli Steck (1976ko urriaren 4a-2017ko apirilaren 30a) Himalaian ere hil zen, duela 4 urte. Baita erreskate taldearen Alexei Bolotov ere (1963ko urtarrilaren 20a-2013ko maiatzaren 15). Patu bera eurentzat ere.

Sarritan zaila da ulertzea kaletik nondik datorren mendiko pasioa, Ochoa de Olzaren liburura itzulita: “1990eko udaberrian amets hiritarretik esnatu nintzen. Ez dut ezer jakin nahi unibertsitate ikasketetatik edo irakasle aspergarri haietatik. Esnatu naiz nahi dudan bizitzara. Ez dakit nik aukeratu dudan edo gehiago izan den alderantziz. Baina gertatu da eta orain bide bat aurkitu dut, nirea izango dena. Berari jarraitu baino ez dut egin behar”.

Norberaren etxea zein da? “Iritsi gara, azkenean etxean gaude. Etxea zure bihotza dagoen lekua besterik ez da, eta altuera hauetan gureak jabea badauka: Mendi hauek”.

Baita heriotzaren inguruko hausnarketak ere: “Aurreko hilabeteetan, nire amaren gaixotasunarenak, senak esan zidan heriotza dela bizitzari zentzua ematen diona. Eta K2 basatian bisitan etorri zitzaigun dotore jantzita. Bizitza ez da existitzen heriotza gabe. Sinplea ematen du, baina ez da. Beharbada horregatik ez digute eskolan irakasten”(…) “Nire amak orduan ez zekien K2 ia minbizia bezain hilgarria dela”.

Puntu hauek eta beste batzuk jorratzen ditugu “Mendian hil. Hirian hil” dokumentalean, zuetariko batzuk dagoeneko ikus-entzun duzuena. Debagoienean, Arrasaten bi aurkezpen jendetsu gogoangarri haietako batean akaso egon zinen, Aretxabaletako sei ostiral haietako batean, Aramaion, Eskoriatzan, Antzuolan edo Elgetan. Oñati eta Bergarara oraindik ezin izan gara hurbildu. Abenduan Bilboko Mendi Film zinemaldian estreinatu ostean, Ordizian, Tolosan, Zarautzen eta Donostian ere aurkeztu izan ahal izan dugu Gipuzkoan.

Euskal Herriko zeruen azpian, ibilbide polita egiten ari gara Araban ere. Lehen aipatutako Aramaioz eta Gasteizez gain, Aiaraldean ere egon izan gara, Amurrion eta Laudion. Bizkaian, Bilbo eta gero Zaldibarretik deitu ziguten, eta laster itzuliko gara Durangaldera, Iurreta eta Mallabira. Nafarroan, Iruñea bisitatu ondoren laster joango gara Bortzirira, Lesakara.

Heriotzaz hitz egiten dugu, eta batez ere bizitzaz. Gertakari tragikoen ostean, aurrera jarraitzen duen bizitza honetan proiektu ederrak sortu daitezkeelako, SOS Himalaya edo Baltistan fundazioaren kasuetan bezala. Bizitza biderkatuz. Eta bizitza ospatuz, Urretxuko Mendi Festan edo Aretxabaletako Bizir Egunean bezala. Koronabirusak eragotzi zituen iaz, baina aurten zirrikituetatik formula berriak asmatu dituzte herri bietan besoak gurutzatuta ez gelditzeko. Aurrera Bizitza!

Geure lurraldeetatik kanpo, lehenengo irteera egin dugu Burgosera. Udazkenean espero ditugu gehiago, Torelló herriko “Festival de Cinema de Muntanya” ezagunean adibidez. Eta, harrigarria bada ere, Brasilgo mendi zinemaldi batetik ere proposatu digute parte hartzea udagoien aldean. Hego Amerikako zeruen azpian.

 

Arratsalde euritsu batean

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

ModeloPagoetara igo nintzan lehenengo aldia Javi Palomo-rekin egin nuen, Aiatik. Azken sei urte hauetan, Zarautzera bizitzera etorri ginenetik, hainbatetan igo naiz gurutzera, esango nuke Bilboko Pagasarrira baino gehiagotan igo naizela jada Pagoetara. Javirekin Zarautz deskubritu nuen karrera gaian, Madrilen ezagutu ginen, diasporako urte haietan. Kotxeak pasatzen ziren orduan zinemaren aldamenetatik, bai eta Musika Plazatik ere. Hemen bizitzen amaituko nintzela zeinek esango zidan? Arratsalde euritsu dexente konpartitu ditugu ordutik. Hirian (batez ere) eta mendian.

Menditik kalera egin nuen herenegun, goizean Araotz aldean, arratsaldean Modelo aretoan. Tenplua esaten diogu Kafe Antzokiari, baina Zarauzko zinemak ere badauka tenplutik, Garoa liburudendaren moduan bestalde. Are gehiago, atzo bezala, arrats euritsu batean. Arrazoi gehiagorekin, omenaldia egiten diozunean mendizale, munduzale eta bizizale zen bizilagun bati: Jexux Zufiria 2019ko uztailean etxean hil zena, haren bizitzaren amaieran ezagutu nuena. MHHH berari dedikatu diot, eta pasa den ostegunean modu publikoan egin nuen, bere herrian eta bere familiaren eta ezagunen aurrean. Ehundaka paziente eta familien ondoan egon naiz mediku moduan urte hauetan guztietan, heriotzaren inguruan. Istorio zirraragarriak bizi izan ditut, ahazten ez direnak. Baina Jexuxena desberdina izan zen, hasteko beragatik, eta bestela mediku moduan ez nintzelako egon zazpi hilabete haietan haren alboan.

Maiatzaren 13ko proiekzioa Mendi Tourraren barruan izan zen, Aitor Elduaien frontman lanak egiten ibili zen, beti bezain bizkor. Zinema bete-beteta zegoen. Arantxa Gurrutxaga, Suku Maya eta Pello Arrue Aizarnatik hurbildu ziren, eta laster hor goian dokumentala pasatzeko gelditu gara. Beste bi protagonista ere oholtzan egon ziren, Susana Llavina eta Felix Zubia. Eurentzat lehenengo aldia izan zen pelikula ikusten zutela, eta pozik nabaritu nituen. Susanak eta biok etxeko lanak ditugu hurrengo hilabeteetarako. Vic-ekoa da Susana, eta hortik gertu dago Torelló, urtero mendi zinemaldia antolatzen duen herria. Izena eman dugu geure dokumentalarekin bertan parte hartzeko, azaroan izango da, eta katalanezko azpitituluak ilusioz prestatuko ditugu horretarako.

Bidea hor dago, eta tontorrak ere hor zain. Zarauzko gailurrera, euria lagun, igo eta jaitsi ginen herenegun. Sei urte hauetan herrian ezagututako pertsona asko hor egon ziren, batzuk mendilagunak, beste batzuekin beste saltsa batzuk konpartitzen ditut. Hasieran aipatutako Javi ere etorri zen emanaldira, hilabeteak ziren ikusten ez ginela. Esan dizuedan bezala, berarekin etorri nintzen lehendabiziko aldiz herri eder honetara.

 

Bonus Track 1: Lurdes Iriondo eta Xabier Leteren heriotzen lekuko izan zen Felix Zubia. Pasarte eder honetan kontatzen digu zerk lotu zituen bien bizitzaren amaierak: “Xabier Leteren heriotza / Bianditz elurtua”.

Bonus Track 2: Susana Llavinak, bizitzaren amaieran azken desioek duten garrantziaz, eta horiek errealitate bihurtzeak duen edertasunaz: “Mallabiko gizona eta itsasoa”.

Irratian ere

%A %B %e%q, %Y in Zarautz Errukitsua

Irratian ereHasi berri dugun maiatz hilabete honetan, Zarautz Herri Zaintzailea (ZHZ) ekimenaren hirugarren urteurrena beteko dugu. 3 urte hauetan gero eta aberatsagoa bihurtzen ari da gure ibilbidea. Death Café izeneko topaketak antolatzen hasi ginen, eta une batean Amaia Arce, Jabi Bereziartua, Anjel Irastorza eta laurok adorea hartu eta ur are handiagoetan dzanga egiteko erabakia hartu genuen, eta komunitate errukitsu edo zaintzaileen sarean sartzeko urratsa eman genuen. Ordutik, Euskadiko beste komunitate batzuekin batera hainbat dinamika eta ekimen partekatzen ari gara, Getxo, Gasteiz, Santurtzi, Donostia, Oriorekin… Gaur egun, Amaia eta Jabi jada ez daude taldean, eta Miren Ros da abentura honetan sartu dena Anjel eta biokin.

Denontzat hilabete oso zailak suertatzen ari dira pandemiako hauek, bakoitza gure esparruan. Ia 5.500 pertsona hil dira lau Araban, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian urte luze honetan. Heriotza, zaurgarritasun eta doluaren inguruko kontzientzia piztu da modu kolektiboan, halabeharrez. Hain zuzen ere, koronabirusak ia dena menderatu baino lehen ere herri eta hiri errukitsuetan lantzen ditugun gaiak. Pedagogia beharrezkoa dela beti sinestu dugu, baina are gehiago orain eta hemendik aurrera.

Aurreko hilabetean, Nere Erkiaga lekeitiarra izan genuen Modelo zinema aretoan hizlari. “Hil Argi” elkartetik etorri zitzaigun. Nerek 2020ko irailetik hona, 8 hilabetez,  Manu Etxezortu zarauztarrak Euskadi Irratian aurkeztutako “Faktoria” irratsaioan tarte bat hartu du. Astelehenero, goizez, heriotzari buruzko tarteak aurkezten dituzte  Nerek eta Manuk. 34 irratsaio egin dituzte orain arte denbora horretan. Bertan, heriotzaren ertzak aztertzen dituzte, ikuspuntu sozialetik, medikotik, legaletik, kulturaletik. Aditu euskaradunak pasatzen dira astez aste mikrofonotik, irratian ere hau guztia jorratzeko. Horietako batzuk, aspaldiko bidelagunak, Izaskun Andonegi, Amaia Gozategi, Koldo Martinez, Marta BarandiaranIñigo Suberbiola, Felix Zubia, Ziortza Karrantza, Iñaki Olaizola, Arantza Iraola

Testigantzentzat ere lekua topatu dute, bihotzera zuzenean iristen diren bizipenak izanik. Zinez eskertzeko ahalegina izaten ari da, beste inongo irratitan ezagutu ez dudana, nik behintzat. Lan handia, antolatzaile eta parte hartzaileei eskertzeko modukoa. Nahi izanez gero, orain arteko tarte guztiak entzungai ditugu goiko paragrafoan dagoen linkean.

Bejondeigula.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar