Arratsalde euritsu batean

%A %B %e%q, %Y in Bizi gara!, Mendian Hil Hirian Hil

ModeloPagoetara igo nintzan lehenengo aldia Javi Palomo-rekin egin nuen, Aiatik. Azken sei urte hauetan, Zarautzera bizitzera etorri ginenetik, hainbatetan igo naiz gurutzera, esango nuke Bilboko Pagasarrira baino gehiagotan igo naizela jada Pagoetara. Javirekin Zarautz deskubritu nuen karrera gaian, Madrilen ezagutu ginen, diasporako urte haietan. Kotxeak pasatzen ziren orduan zinemaren aldamenetatik, bai eta Musika Plazatik ere. Hemen bizitzen amaituko nintzela zeinek esango zidan? Arratsalde euritsu dexente konpartitu ditugu ordutik. Hirian (batez ere) eta mendian.

Menditik kalera egin nuen herenegun, goizean Araotz aldean, arratsaldean Modelo aretoan. Tenplua esaten diogu Kafe Antzokiari, baina Zarauzko zinemak ere badauka tenplutik, Garoa liburudendaren moduan bestalde. Are gehiago, atzo bezala, arrats euritsu batean. Arrazoi gehiagorekin, omenaldia egiten diozunean mendizale, munduzale eta bizizale zen bizilagun bati: Jexux Zufiria 2019ko uztailean etxean hil zena, haren bizitzaren amaieran ezagutu nuena. MHHH berari dedikatu diot, eta pasa den ostegunean modu publikoan egin nuen, bere herrian eta bere familiaren eta ezagunen aurrean. Ehundaka paziente eta familien ondoan egon naiz mediku moduan urte hauetan guztietan, heriotzaren inguruan. Istorio zirraragarriak bizi izan ditut, ahazten ez direnak. Baina Jexuxena desberdina izan zen, hasteko beragatik, eta bestela mediku moduan ez nintzelako egon zazpi hilabete haietan haren alboan.

Maiatzaren 13ko proiekzioa Mendi Tourraren barruan izan zen, Aitor Elduaien frontman lanak egiten ibili zen, beti bezain bizkor. Zinema bete-beteta zegoen. Arantxa Gurrutxaga, Suku Maya eta Pello Arrue Aizarnatik hurbildu ziren, eta laster hor goian dokumentala pasatzeko gelditu gara. Beste bi protagonista ere oholtzan egon ziren, Susana Llavina eta Felix Zubia. Eurentzat lehenengo aldia izan zen pelikula ikusten zutela, eta pozik nabaritu nituen. Susanak eta biok etxeko lanak ditugu hurrengo hilabeteetarako. Vic-ekoa da Susana, eta hortik gertu dago Torelló, urtero mendi zinemaldia antolatzen duen herria. Izena eman dugu geure dokumentalarekin bertan parte hartzeko, azaroan izango da, eta katalanezko azpitituluak ilusioz prestatuko ditugu horretarako.

Bidea hor dago, eta tontorrak ere hor zain. Zarauzko gailurrera, euria lagun, igo eta jaitsi ginen herenegun. Sei urte hauetan herrian ezagututako pertsona asko hor egon ziren, batzuk mendilagunak, beste batzuekin beste saltsa batzuk konpartitzen ditut. Hasieran aipatutako Javi ere etorri zen emanaldira, hilabeteak ziren ikusten ez ginela. Esan dizuedan bezala, berarekin etorri nintzen lehendabiziko aldiz herri eder honetara.

 

Bonus Track 1: Lurdes Iriondo eta Xabier Leteren heriotzen lekuko izan zen Felix Zubia. Pasarte eder honetan kontatzen digu zerk lotu zituen bien bizitzaren amaierak: “Xabier Leteren heriotza / Bianditz elurtua”.

Bonus Track 2: Susana Llavinak, bizitzaren amaieran azken desioek duten garrantziaz, eta horiek errealitate bihurtzeak duen edertasunaz: “Mallabiko gizona eta itsasoa”.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar