Doluak eta gazteak (2)

%A %B %e%q, %Y in Dolua, Zarautz Errukitsua

doluakgazteakPaziente bat bizitzaren amaieran ospitalean artatzen dugunean, are gehiago azken egunetako egoera baldin bada, kontu garrantzitsua da senideei ondo azaltzea zer datorren, nola izan daitekeen eta orokorrean aurreikusi daitekeenaz informatu.

Badago kezka bat, beste hainbaten artean, errepikatzen dena, eta da ataka haietan ilobekin nola jokatzea. Normalean pazientearen seme-alabak izaten dira interlokutoreak, adinekoa baldin bada, eta seinale ona izaten da ilobei buruzko galderak egiten dizkigutenean. “Bisitan etorri ahal dira, komenigarria da?”, “badakite aitajauna oso gaixorik dagoela, baina esan beharko genieke heriotza badatorrela?”, “hiletara ez dakit haurrak eraman beharko genituzkeen ala ez”, …

Prozesu hauetan haurrak, nerabeak eta gazteak integratzeak garrantzi handia dauka. Helduen artean bezala, beste adin tarte horietan ere desberdinak dira heriotzari eta doluari aurre egiteko bakoitzak duen jarrera. Adituek esaten dutenaren arabera, 6 urtetik aurrera heriotzaren kontzeptua bereganatzeko gai dira umeak normalen, batzuk lehenago ere. Heriotza zerbait misteriotsua da, eurentzat bezala geuretzat ere. atzera bueltakori

Arizmendi ikastolan, azken urte hauetan, Maite Urzainek eta Eider Otxoak jardun dute doluaren ingurukoak azaltzen irakasleei eta gurasoei, eta material oso baliotsua kontsultagai dago euren webgunean. Zer egin behar den eta ez den egin egin behar momentu haietan, eta bibliografia eta filmografia erabilgarriak azaltzen dira esteka horretan.

Antzuolako eskola publikoaren ibilbidea ere ezaguna da, beste arlo batzuetan bezala honetan ere. Niretzat sorpresa izan zen zein ondo landuta daukaten dolua ikasleekin jakitea, sorpresa oso atsegina.

Gipuzkoa mailan, luzea da Bidegin elkartearen ibilbidea ere, doluan orokorrean eta eskola eta ikastetxeetan zehazki. Gida gomendagarria eskaintzen dute haien webgunean: Donostiako elkarte hau, Izaskun Andonegik sortutakoa, sarea eratzen ari da Euskadi mailan beste komunitate eta elkarte batzuekin, komunitate errukitsuak edo hiri/herri zaintzaileak deitutakoak. Helburu nagusietako bat mugimendu honetan, hain zuzen ere, hezkuntza munduan zaurgarritasuna, zahartzea, gaixotzea, zainketak, heriotza eta dolua bezalako gaiak jorratzea da. Gasteiz, Getxo, Santurtzi, Zarautz eta Orio dira beste adibide batzuk, baita Iruñea ere. Izan ere, Nafarroan abiatu zuten oso egitasmo interesgarria duela urte batzuk, beste batzuontzat oso inspiragarria izan zena, “Proyecto Sé+”.

Sarritan, hauxe komentatzen dute hainbatek, eta arrazoiarekin: Heriotza apur bat normalizatu ahal izateko, txikitatik irakatsi egin beharko zen. Hala da, baina ñabardura batekin: Hezkuntza zentroetan bezala etxean ere geurea egin behar dugu. Bakoitzak geure modura, baina honetaz ere hitz egin behar da, sexualitateaz, balio etikoetaz, ekologiaren garrantziaz eta buruan dituzuen beste gai horietaz guztietaz bezala. Formakuntza ongi etorria da beti: tailerrak, ikastaroak, liburuak, pelikulak, hitzaldiak… Eta hauekin batera, denok barruan dugun gaitasun bat indartzea, enpatia. Besteen lekuan ipintzeko gaitasuna, alegia. Hau, beste gauza batzuk bezala, entrenatu daiteke. Behin eta berriz aurre egiten egoera ez hain errazei. Norbait ondoan izanez gero heriotzaren bat eduki duena, saiatu bere larruan ipintzen eta pentsatzen zer gustatuko litzaizukeen zirkunstantzia horietan egonez gero. Ariketa hauek, azken finean, laguntzen gaituzte heriotzari beldurra apur bat kentzen. Besteen doluetan enpatia landu izanez gero, geure dolu propioei hobeto aurre egiten lortu dezakegu. Eta, zer esanik, geure seme-alabei edo lobei laguntzeko. Heriotzari eta doluei aurrez aurre begiratzeko gaitasuna indartuz gero, beste segurtasun bat transmititu dezakegu ama edo aita moduan, izeko edo osaba moduan, eta abar.

Badaude beste helduleku batzuk, noski, eta espiritualtasuna sendoenetarikoa da. Gaur egun, kristautasun tradizionala oso ahulduta dago adin tarte batzuetatik behera. Eta, aldi berean, beste erlijio batzuen osagaiak heltzen ari dira gurera, bereziki Asia aldetik datoztenak. Osagai budistak eta hinduistak harrera ona dituzte hainbatengan, eta besteak beste heriotzak dakarren angustia arintzen laguntzen dute. Erlijiorik gabe ere, espiritualtasun laikoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Eta hau, zalantzarik gabe, oso lagungarria izan daiteke.

Azken finean, gai hauekin sentitzen dugun larritasunak izaera existentziala dauka, neurri handi batean. Geure seme-alabek galdetzen dizkiguten galdera horiek zer dira ba? Galdera existentzialak, ezta? Jaio baino lehen eurak non zeuden galdetzen digutenean, edo amandrea edo aitajauna hil eta gero nora doazen.

Honaino zertzelada batzuk gaiari buruz. Interes handikoa da arlo hau jorratzea, badugu non sakondu hemendik aurrera.

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar