Hitz egin dezagun eutanasiaz

%A %B %e%q, %Y in Osatzetik Arintzera, Zarautz Errukitsua

LaPromesaHeriotza duinaren kontzeptua hainbat pertsonak lotzen dute modu automatikoan bide bakar batekin, orain arte legezkoa izan ez dena espainiar estatuan. Duintasuna zer den definitzea ez da erraza izaten, eta batzuetan lausotasun horretatik epaitzen dugu zer den duina eta zer ez. Subjektibotasun batetik, eta egia esan ezin da beste modu batean izan. Objektiboki definitu daiteke zer den heriotza duina / ona eta zer ez? Bai, badaude kriterio batzuk, nahiko orokorrak direnak eta jende gehien-gehienak ontzat hartzen dituena. Hau guztia gero eta ikertuago dago, Medikuntzaren, Erizaintzaren eta Psikologiaren beste hainbat kontu bezala. Milaka pertsonen kasuak aztertu eta ikertu ostean ondorio batzuetara ailegatzen ari gara azken urteotan: Bakarrik ez hiltzea, sufrimendu gabe bizitza amaitzea, zeure bizitzaren zentzua topatu izana, egindakoarekin pozik egotea bestela baino, ingurukoen gainean zama askorik ez ipintzea zainketetan, agur esan ahal izatea, gehiegi ez luzatzea azken egunak, egiteke dauden kontu garrantzitsuak itxitzat lagatzea eta beste puntu batzuk daude.

Hau guztia da, hain zuzen ere, zainketa aringarriekin egiten saiatzen garena. Heriotza eta bizitzaren amaiera duinaren alde egiten dugu lan. Azken momentuetako sedazioak ipintzeaz aparte lana badugu, batez ere, komunikazioarekin. Gaixoarekin, familiarekin, beste lankideekin. Eta komunikazioa beti ez da erraza. Familiako kide guztiek ez dituzte berdin ikusi behar gauzak, nahiz eta objektibotasun batzuk egon. Lan handia, hitz batean, gauzak ondo egin nahi badituzu. Subjektibotasunak eta ikuspuntu desberdinak hor daude, eta batzuetan korapilotsua da kontua honengatik, ez hainbeste zer medikazioa ipini eta zein ez.

Zainketa aringarriak ez da espezialitate bat berez, oraindik. Medikuntza, Erizaintza eta Psikologiaren atal erlatiboki berria da, 30-40 urte dituena modu formalean eta ofizialean. Ziur nago aurretik pertsona zehatz batzuk gai zirela modu instintiboan gaur egiten duguna egiteko, seguru aski gaur ditugunak baino botika gutxiagorekin. Baina enpatia eta errukia, adibidez, ez ditugu gaur egun asmatu.

Halaber, eutanasia egon bazegoen legala izan baino lehen. Ezkutuka bideratu izan da eta izaten ari da hainbat tokitan munduan zehar. Hau da, errealitate bat da, begiak itxi eta belarriak estali arren. Gizartearen zati esanguratsu bat ozen eskatzen ari zen aspalditik, eta kasu zehatz batzuk ezagutu ditugu Euskal Herrian azken urte hauetan. Zarautzen eta Portugaleten, adibidez. Aurten espainiar legebiltzarrak eman duen urratsa zerbaiten ondorioa izan da, apeta politiko huts bat baino. Ongi etorria beraz. Martxan ipintzeko bidea, bestela, kritikagarria da eta hobetzeko modukoa, noski. Puntu honetan, merezi du Koldo Martinezen hitzak irakurtzeak. Zentzuduna da haren kritika, eutanasiaren aldeko jarrera batetik.

Luze eta zabal entzungo dugu gaiari buruz, geure artean dagoena jada. Goazen beraz hitz egitera, argudioak entzutera, teoriak baino praktikak ekarriko diguna ikustera. Lan egiten dudan ospitalean, Debagoieneko zonaldean, martxan ipini gara formatuta eta prest egoteko erronkari aurre egiteko. Osakidetzako beste osasun eskualdetan ere berdin, herren baina aurrera. Badakigu espaniar estatuko beste lurralde batzuetan askoz atzeraturik daudela gauzak, inoiz abiatuko badira zenbait lekutan….

Hitz egin dezagun ba eutanasiari buruz. Geurean adibidez, “La Promesa” dokumentala Zarautzera ekarri nahi dugu aspalditik, komunitate errukitsuaren ekimenaren barruan. Berez, antolatze lanetan hasiak ginen, koronabirusak dena gelditu zuenean. Ea oraingoan lortuko dugun, lehen erdi aipatutako Portugaleteko kasu ezaguna gure herrian lasai jorratzeko.

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar