You are browsing the archive for 2021 July.

Fauda

%A %B %e%q, %Y in S(u/a)minetik bakera

FaudaXakearen taulako piezak hankaz gora. Traizioak. Nortzuk diren zuriak eta nortzuk beltzak. Gezurrak. Garaipena lortzeko edozer. Nahaste-borraste. Bakeari xake mate.

Olibondoen eta errautsaren erresuman kokatuta dago Netflix-ek aurkeztutako “Fauda” telesaila. Izenburuak horixe esan nahi du, anabasa, momentu askotan ikus-entzuleek sentitzea lortzen dutena. Arabieraz hitz egiten duten juduak eta hebraieraz mintzatzen diren palestinarrak. Zer den txar eta zer on. Ezin da esan ekoizpen israeldar hau neutrala denik, jakina, baina ahalegin ona da herrialde bien arteko gatazka islatzeko. Borreroaren larruan ere ipintzeko, antipatiatik enpatiarako urrats erraldoia emateko.

Beti da interesgarria armada barrutik ezagutu duen jendeak kontatzea zelan funtzionatzen duten gauzek. Telesaileko egileek, hain zuzen ere, horixe bera erakusten digute. Militarren logika, tarteka gordintasunez, indarkeriaren apologia. Baina tarteka ikusi ahal izaten dugu etsaiaren humanitatea ere, borreroaren ingurunea, senideak, amak, arrebak.

Israelgo armadaren barrutik ugariak dira testigantza kritikoak, “Breaking the Silence” ekimenean bildutakoak, blog honetan behin baino gehiagotan (gor)aipatu ditugunak. Urrutitik bada ere, Intsumisioarekin lotu dezakegun mugimendu bakezalea guztiz interesgarria da. Munduan hainbeste adibide ez daude, bestela, zoritxarrez. Ohikoagoa da indarkeria, eta post hau prestatzean ustekabe negatiboa izan da India eta Pakistan arteko gatazkari egokitutako “Fauda” modukoa ekoizten ari direla. Ez nuke inolaz ere esango Ekialde Hurbileko gatazka eternala parekatu zitekeenik Asiako hegoaldean zegoena  (edo dagoena).

Ondo amaitzeko, erabat harira datoz Ekaitz Goikoetxearen bertso ausart eta konpontzaileak ( ‘Mingarri den bitartean’), geure troubles-ei erreferentzia eginez:

Mahaira aulki berriak
nahi badira erakarri,
aho bakoitzeko behar
genituzke bi belarri,
elkarrengana hurbildu
erreparatu elkarri…
Mugitu gabe ezin da
besteen lekuan jarri.

 

Haitz beitia

%A %B %e%q, %Y in Mendian Hil Hirian Hil

azpeitia-xoxotetik (1)75 urte dira “Lagun Onak Mendi Bazkuna” martxan ipini zutenetik Azpeitian, 1940ko hamarkadan. 20 urte lehenago sortu zuten Euskal Mendizale Federazioa Elgetan, lau probintzietako mendi elkarteek sustatuta. Euskal Herriko alpinismo antolatuaren hastapenak ziren, aitzindarien garaia. Zalantzarik ez dago Izarraitz azpian mendizaletasuna bizi-bizia izan dela aspalditik, Haitz beitian eta Haitz goitian.

20 urte izango dira laster Urola alde honetako Beñat Arruek eta Iñaki Aiertzak, Sakanako Javi Arkauz, Cesar Nieto eta Aritz Artiedarekin batera, euren azken espedizioa egin zutela, bizitzaren azken ibilaldia. Iban Gonzalez arrasatearrak “Pumori, mendiaren alaba” (2019) dokumentalean ederki jaso zuen orduan gertatutakoa, 2001eko urrian. Hondamendiaren alde ilunaren bestaldean, hala ere, batzuetan loratzen dira bestelako harribitxiak. Beñat Arrueren familiaren kasua da, Nepalera egindako bidaia haietan horixe topatu baitzuten. Beñaten izpirituaren bila joan, eta lorebitxi bat ere topatu. Argazki batean, semea neskatila nepaldar batekin agertzen zelarik, zerbaitek bultzatu zituen gurasoak neskato haren atzetik joateko. Baita aurkitu ere, gaixotasun larri batekin, eta izen-abizenekin: Suku Maya.

Gaur egun Suku Aizarnan bizi da, goiko paradisu txiki hartan, Pello Arrue eta Arantxa Gurrutxagaren gurasoekin. Heriotzaren ostean, ustekabean, Bizitza maiuskulaz. Eskuzabalak izan dira istorio eder hau konpartitzen geure dokumentalean. Eta Tomas Agirrek hitzetan bildu zituen istorio honek eta pelikulan kontatzen ditugun besteek berari piztutakoa, Zestoako aldizkarian, “Heroi gazte eta suharrak”  izenburuko testuan. Gazte eta suharrak Xabi Ormazabal, Iñaki Ochoa de Olza, Mikel Crespo,… Euren heriotzek ere beste aurpegi argiago bana badaukate: Mendi Festa eta Beka bat, Fundazio oso bat Nepalen aldeko kooperaziorako, Bizir Eguna…

Atzo, uztailaren 6an, 2 urte bete dira Jexux Zufiria hil zenetik. Bera da dokumentalaren epilogoan agertzen den mendizalea, munduzalea, bizizalea eta bizilaguna. Felix Zubiak, Jexux ondo ezagutzen zuena, pelikularen pasarte batean komentatzen du nola urrundu garen ohitura zahar on batzuetatik. Hildakoen omenez festa egitea, adibidez. Bada, Zufiriatarrekin batera, Gorbeia aldean datorren igandean festa modukoa egiteko intentzio osoa badaukagu. Dena ez dago galduta.

Uztailaren 6a zen atzo, eta Mendi Tourrak ekarri zuen MHHH Soreasu areto dotorera. Zein atsegina da Aitor Elduaienekin batera arratsalde hauek konpartitzea. Zein ederra atzo Suku eta Arantxarekin eszenatokia elkarbanatzea, Aizarnatik etorritakoak aurrean genituela. Gainera, asko maite ditudan beste bi pertsona hurbildu ziren urrutiagotik.

Ruperrek kantatzen duen moduan, “kantu bat bizipozaren alde” bihurtu zen Haitz beitiko emanaldia.

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer

Skip to toolbar